Isabel Millet: «Euskal mitologiaz ideia solteak ditu jendeak; ez daki gaiaz»

Irene Arrizurieta / 2012-09-20 / hitz

Euskal mitologia aztertuko duen ikastaro bat eskainiko du heldu den hilabetetik aurrera Isabel Milletek Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP). Euskal mitologiaren antolamendua azaldu eta hura ulertzeko bideak landu nahi dituzte ikastaroan.

Isabel Millet (1958, Paris) ipuin kontalaria, idazlea eta formatzailea da. Euskal mitologiaren inguruan hainbat ikastaro eskaini ditu. Parisen Historia ikasi zuen, eta 21 urterekin etorri zen Euskal Herrira. Egun Etxalarren (Nafarroa) bizi da, eta euskal mitologiaren ikuspegi osoa hedatzen saiatzen da.

Euskal mitologiaren inguruko ikastaroa emango duzu NUPen, urritik hasi eta abendura arte. Zertan oinarrituko da ikastaroa?

Euskal mitologiaren inguruko ikuspegi osoa eskaini nahi dut. Askotan ezagutzen ditugu euskal mitologiaren inguruko gauzak, baina oso sakabanatuak: alde batetik, sorginak; bestetik basajaunak, adibidez. Ez dugu loturarik ikusten, eta nire asmoa loturak badaudela agertzea da. Pertsonaien inguruko oinarrizko informazioa ematea, baita ikuspegi orokor bat ere. Mitologia munduaren irudikapen oso bat da; ez da sakabanatua, eta badaude loturak. Lotura horietaz hitz eginen dugu, batez ere: mitologiaren munduaren sorrera, eta nola funtzionatzen zuen mundu horrek. Maiz, pertsonaia mitologikoak eta bakoitzari dagokion ipuina azaldu besterik ez da egiten, eta haratago joan nahi dut.

Nola dago antolatuta euskal mitologia?

Oso ongi antolatuta dago. Mailak daude, eta hierarkia bat dago. Hierarkia horretan bizi da gizakia; ez dago aparte, baizik eta bere munduan uztarturik dago.

Mundua ulertzeko erabiltzen du mitologia gizakiak?

Mitologia da garai batean erlijioa zena. Ez da azalpenak emateko: irudikapena da. Gizakia ez da irudikapen horretatik kanpo kokatzen, barruan baizik. Zuhaitzek arima badute, berak zuhaitzekin harremana du. Bera ere bizirik dago; bizia duen horri deitzen diot arima, eta harreman bat sortzen da animaliekin, etxearekin. Oraindik ere gizartean badago mitologiarekiko jarraipen bat. Euskal jendea ezberdina da, ez bakarrik euskaragatik, mitologiagatik ere bai. Irudikapen hori oraindik bizirik dago inkontziente kolektiboan. Ez da planteamendu antropologikoa; gehiago da filosofikoa.

Zeintzuk dira mundu horretan pertsonaia nagusiak?

Mitologian badaude bi plano: plano fisikoa eta plano kontzeptuala. Plano fisikoan daude Amalur, Urtzi, Ilargi, galtzagorriak, hainbat arbola —Gernikakoa, kasurako—, eta haien irudikapena. Horretaz gain, mundu kontzeptuala dago. Ikusiko dugu nola pasa zen batetik bestera, eta hor daude Mari, Basajaun… gizakiontzat jenio diren pertsonaiak. Horiek nola kokatu landuko dugu. Euskal mitologiaren berezitasunaz ere hitz eginen dugu; matriarkalismoaz, hain zuzen. Eta Elizaren rolaz eta eraginaz ere mintzatuko gara, nolakoa izan zen eragin hori.

Inguruko herrialdeetako mitologiarekin konparatuta, aldeak handiak dira?

Alderik handiena da pertsonaia edo jainkosa gorena emakumezko bat dela, eta hori oso berezia da. Antzinako zibilizazioetan topatzen dira horrelako kasuak, Hego Ameriketako mitologian ere bai, baina guri patriarkalismoa etorri zitzaigun, bere metodologiarekin, eta uste dut euskarak babestu egin duela mitologia. Amalur eta Mari dira pertsonaia nagusiak, eta bi planotan ageri dira. Europan berezia da oraindik horrela izatea.

Zergatik?

Greziarren eta erromatarren mitoak maskulinoak ziren, eta Europa iparraldeko herrietakoak ere bai. Hor dago Tor bera. Emakumeak topatzeko oso urrun joan behar da. Osotasun bat proposatuko dut; bestela, folklorean eroriko da euskal mitologia. Gauzak sakabanaturik erakusten badira, folklorean eroriko gara. Gauzak ezin badira ulertu, folklore huts bilakatzen dira, eta mamia galtzen dute.

Asko dago ikertzeko?

Bai. Euskal mitologia ez da unibertsitateetatik atera, liburu batzuen bidez ez bada. Oraindik unibertsitatean dago, eta ikerketak egin behar dira arlo horretan, eta egiten jarraitu behar dute, baina jakintza horrek gizartera ere iritsi behar du.

Zein da erreferentzia nagusia mitologia ikasteko?

Aita Barandiaranen entziklopedia da erreferentzia nagusia, eta beste hainbat lan ere badira; Jose Mari Satrustegirenak, adibidez.

Garai bateko mundua ulertzeko modu bat dela esan daiteke mitologia. Gaur egun ere baliagarria da?

Baietz uste dut. Azken finean, gizakiaren eta gizartearen oinarriak dira, eta oinarri gisa balio dute eraikitzen duguna zeren gainean eraikitzen dugun jakiteko.

Urteak daramatzazu gaia ikertzen eta gizarteratzen. Gure artean ezjakintasuna handia da?

Jendeak ez daki mitologiaz. Ideia sakabanatuak ditu. Ez du ideia orokorrik. Adibidez, azaltzen dugu sorginak emaginak zirela eta belarrak ezagutzen zituztela. Baina, horretaz gain, beste zerbait ere adierazten dute. Jakin behar da Elizak zergatik jo zuen haien kontra. Elizak beste erlijio bat ekarri zuen, eta bere boterea ezarri nahi zuen sorginak sorginduz.

Euskal ipuinak ere landuko dituzu. Euskal mitologiaren inguruan ipuin asko dago?

Euskal ipuingintzan ipuin harrigarriak daude, batetik, eta ipuin mitologikoak, bestetik. Horretan altxor izugarria dago, baina banaka ateratzen ditugu: pertsonaia bat eta ipuin bat azalduz. Nik, baina, osotasun batean azaldu nahi ditut.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.