Euskara eta auzolana ardatz

Ainhitze Ruiz / 2014-06-21 / 777 hitz

Auzolanaren eta egitasmo txiki zein ertainen finantzaketa kolektiborako tresna da Karena plataforma. Euskal Herriko proiektuak lehenesten ditu.

Zinema, musika, argazkilaritza, liburugintza, antzerkia, teknologia, ekitaldiak eta abar eta abar. Asko dira finantzaketa arazoak direla medio ezerezean gelditu izan diren proiektuak, eta, proiektu horiei aukera berri bat emateko asmoz, Karena finantzaketa kolektiborako plataforma jarri dute martxan Ekain eta Unai Martinez anaiek eta Txemi Valdecantosek.

Euskal Herriko halako lehen plataforma garatzailea da Karena. Sormenari ateak ireki eta auzolanean oinarrituta dauden proiektuak finantzatzeko bitartekoa da. Sorkuntza eta proiektu berritzaileek ere badute lekua bertan. Haren helburua ekimenei sostengua eta bultzada ematea da. Bide batez, proiektuak hazten joan daitezen bitartekoak jartzea, finantzaketa lortzen laguntzea eta proiektuak jaiotzen direnerako lau haizeetara zabaltzeko lan egitea.

Jadanik, martxan dira lau proiektu Karenaren plataforman: MinBizia, Azoka-Herritik Faktoria, Gasteizko Euskararen Ahotsak eta Guda Dantza.

Iaz sortu zen Karena finantzaketa plataforma egiteko ideia, Ekain Martinez proiektuaren sortzaileetako batek azaldu duenez. Plataformaren sortzaileek auzolanaren eta egitasmo txiki zein ertainen finantzaketarako tresna baten beharra zegoela ikusi zuten, proiektuaren sortzaileak esan duenez. Euskal Herriko hainbat proiektu kanpoko finantzaketa plataformen bidez baliatzen dira dirua lortzeko, eta, horren harira, Euskal Herrian horrelako plataforma bat egitea pentsatu zuten. «Behar horri erantzuteko asmoz, munduan martxan zeuden esperientziak aztertzeari ekin genion, eta azkenik, udaberrian, Karena Crowdfunding sortu dugu».

Helburu jakin batzuekin eman zioten hasiera proiektuari, Martinezek zehaztu duenez. Hasieratik, proiektuaren ardatza euskara, auzolana eta prozesu parte hartzailea izan dira. «Hori da gure plataforma gainontzeko crowdfunding plataformetatik bereizten duena», dio Martinezek. «Hasieratik, gure helburua izan da beste modu batean aurrera atera ezingo liratekeen proiektuak aurrera ateratzeko proiektu bat sortzea», gaineratu du.

‘Oilategia’ izeneko txokoa

Proiektuen finantzaketarako tresna izateaz gain, auzolan eta herri egitasmoen saretze eta elkarlanerako tresna ere izan nahi du Karenak. Mundu osoko ekimenak aurkez daitezke Karenara, baina badu Euskal Herriko proiektuentzako txoko berezi bat. «Euskal Herrian sortutako plataforma denez, bertako kutsua izatea nahi genuen», adierazi du Martinezek. Horregatik, webgunean Oilategia izeneko tarte berezi bat eskaini diete Euskal Herriko proiektuei: Euskal Herrian dauden orotariko egitasmo interesgarriak elkarren artean harremanetan jartzeko sarea da Oilategia. Tokian tokiko auzolandegiak kokatu eta haien jarduerak zabaltzeko balio du. Horrez gain, txoko horretan bertan, mezularia izeneko beste zerbitzu baten bidez zuzeneko harremanak izateko aukera dago. «Euskal Herriko auzolanak garrantzi handia izan du historikoki, eta gure plataforman ere hori islatu nahi genuen». Urte osoan beste proiektu guztietan lortzen den finantzaketaren %1 auzolan proiektuetarako izango da, hau da, Oilategian izena eman duten ekimenetarako.

Karenak sorkuntza eta egitasmo berritzaileak zein auzolanean oinarritutako proiektuak bultzatzea lehenesten du. Baldintza horiek betetzen dituen edonork jar dezake martxan plataforman bere proiektua. Profesional nahiz hasiberriek, denek dute beren lekua Karenan. Euskarari pisu garrantzitsua eman nahi izan diote proiektu horretan, Martinezek azaldu duenez; hala ere, plataformak gaztelania eta frantsesa ere erabiltzen ditu.

Plataformaren erabilera

Proiektua aurkeztu nahi duenak Karenaren webgunean erregistratu behar du lehenik eta behin. Horretarako, proiektuaren izena eta xehetasunak, aurrekontua, proiektua zabaltzeko komunikazio plangintza, sare sozialetako zabalpena, ordainsarien zerrenda eta beste adierazi behar dira formulario batean. Finantzaketa helburua zehaztean ez dago ez gutxieneko ezta gehieneko zenbatekorik ere. 800 euro baino gutxiago bildu nahi duten proiektuei, ordea, 40 euro kobratuko zaizkie sortzen diren gastuetarako, betiere proiektu horiek behar adina diru lortzen badute. Plataforman erregistratu ondoren, webguneko arduradunak harremanetan jarriko dira proiektuaren sustatzaileekin, oniritzia eman edo bidalitako proiektua argitaratu ahal izateko kontuan hartu beharreko aholku batzuk emateko.

Behin onartuta, Karenaren arduradunek proiektua webgunean argitaratzeko atal bat irekiko diete sustatzaileei. Hortik aurrera, erabiltzaileak proiektua argitara dezake, eta berrogei eguneko epea dauka definitu duen finantzaketa lortzeko, proiektuaren sustatzaileak esan duenez. Berrogei egun horiek igaro ostean, bi aukera daude: alde batetik, aurrez zehaztutako kopurua lortu eta, beraz, bildutako diru guztia jasotzea —kontuan hartu behar diren gastuak kenduta—; bestetik, aurrez zehaztutako diru kopurua biltzerik lortzen ez bada, proiektuak ez du dirurik jasoko, eta ekarpenak egin dituzten norbanakoei ez zaie inongo diru kargurik egingo. Finantzaketa lortzeko dauden berrogei egunak pasatu ondoren, berriro ere proiekturen bat proposatzeko aukera irekitzen da. Baina momentu berean ezin daiteke eduki proiektu bat baino gehiago webgunean.

Proiektu bakoitzean ekarpenak egiten dituztenei sariak emango zaizkie, finantzaketa kolektiborako sistema guztietan egiten den moduan. Martinezek azaldu duenez, edonolako sariak izan daitezke: disko bat, postal sinatu bat, esperientziak, abesti bat merkeago deskargatzeko aukera, dokumental baten estreinaldirako sarrerak, pelikula aurrera eraman duten aktoreekin afari bat edota ekarpenak egin dituztenentzat zuzeneko kontzertu bat.

Karena hitzaren esanahiari dagokionez, izatez plazenta esan nahi du, Martinezek dioenez. «Euskal hiztunen artean galduta dagoen hitz bat da karena». Proiektuaren sustatzaileak azaldu du euren filosofia edo egiten duten bitartekaritza lana plazentarekin lot daitekeela. Karena plataformako logoa hitz joko bat da. Barruan karena duen arrautza bat da plataformako logoa. Arrautza hori hazi, eta txita bat jaiotzen da bertatik. «Gure kasuan ere, horrela da: proiektuak jaso, eta hazten laguntzen ditugu, eta amaieran zerbait sortzen da hortik».

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.