Josean Gil-Garcia / 2014-11-18 / 552 hitz
Mende bat igaro da Bilbotik abiatuta hainbat lagunek Ganekogorta gauez zapaldu zutela. Ibilbide honek historiarekin bat egiten du.
Bilboko hiriak 28.000 biztanle inguru zituen XIX. mende amaieran. Apurka-apurka industrializazioaren garatze prozesua bere bidea egiten ari zen. Hori nahikoa ez, eta, garai bertsuan, mendiak kili-kiliak eragiten hasi ziren hainbat eta hainbat lagunengan. Mendiaz gozatzeko grina barru-barruan sartu baitzitzaien, inguruko bazterrak ezagutzeko desira agudo agertu zuten. Urte batzuk geroago, Bilboko Club Deportivo taldearen joan-etorria ezaguna egin zen; Bilbon ez ezik, Euskal Herri osoan ere. Jardueretan ezagunena, akaso, 1914ko irailaren 30eko gauerdian gauzatu zutena. Bilboko hiria iluntasunak hartuta, 42 mendizale bildu ziren Ganekogorta tontor erraldoia konkistatzeko gogoz. Antxon Bandres mendizale adituak taldea gidatzeko ardura hartu zuen. Tipi-tapa, Arabako mugaranzko bideari ekin zioten. Gerora Euskal Herriko lehen mendi lehiaketa ezaguna izango zenari hasiera bitxia eman zioten mendizale grinatsu haiek.
Gertaera haren ehungarren urteurrena ospatu berri da Ganekogortako tontorrean. Bilboko Club Deportivok antolatu; hamaika lagun bildu ziren urriaren 26an, betiere XX. mendeko mendizaleak omentzeko xedez. Eguraldiak lagun, bazkide eta bisitari askok bapo-bapo gozatu zuten tontorrean.
Garai hartako mendizaleen antzera abian jarriko gara gu ere, baina Laudiotik (Araba). Aukera galanta, hortaz, historiarekin bat egiteko!
Kamarakako elur zuloa
Ganekogortako tontorrera eramango gaituen ibilbidea Ermuko Andre Mariaren eraikinetik hurbil hasiko dugu; San Antonio santutxoan, hain justu. Tenplu ezagun horiek Laudioko udalerrian altxatzen dira, Kamaraka mendiaren babesean. Edertasun apartako terraza horretara oinez hurbildu izan ohi dira laudiotarrak. Beti izaten da-eta bertaratzeko aitzakiarik! Erromeria egunean, esaterako, ehunka lagunek hartzen dute parte, eta Isusi auzora doan errepidean gora hasten dira. Nork bere erritmoari eutsiz. Guk ere aukera hori dugu, baina, ibilbidea umilagoa egin nahi izanez gero, autoz gerturatuko gara.
Isusi auzoa igaro eta metro gutxira, San Antonio ermitara helduko gara. Haren eskuinetik doan porlan bidea hartu, eta Ganekogortara bideari oratuko gatzaizkio. Bide seinaleek ordu eta erdiko bidea osatuko dugula diote. Lehen urratsak egin orduko, aspaldiko elur zulo bat ikusiko dugu bide ertzean. Laudioko ibarrean, gutxienez, mota horretako elur zulo bi zeuden datu historikoen arabera. Bata Pagolarreko mazelan; bestea, Kamarakako mendebaldeko hegalekoa. Sakon horiek eraiki izanaren arrazoiak argi daude: behiala sendagai gisa eta limonadak (bidoiko limonadak, hain justu) prestatzeko ezinbesteko osagai zen elur izoztua. Aski preziatua, harik eta hotz artifiziala orokortu zen arte.
Burdin hesitik
Maldan gora jarraituta, Burdin Hesia gogora ekarriko digun argibide taula baten aurrean izango gara. Torrontegietan gaude. Pinudian aurrera egingo dugu han, paseoaz gozatuz. Metro batzuk aurrerago, ordea, 1936ko gerra zibileko arrastoak ikusiko ditugu. Euzkadi etsaiengandik defendatzeko eta arerioari sarbideak oztopatzeko Burdin Hesia deituriko lerro estrategikoa eraikitzen hasi ziren Bilbo inguruko mendietan. Horren isla, akaso, bide bazterrean ikusiko dugun metrailadore habia.
Aretxiger leporaino lagunduko digu basabideak. Kamaraka tontorra atzean utzi dugun arren, aukera ezin hobea dugu gailurrerainoko joan-etorria egiteko. Gero, mendi-bizkarrari ongi atxikita, iparraldera egingo ditugu pausuak, hots, Ganekogorta tontor aparta altxatzen den parajera. Kastillozar muinoa inguratuta, gainditu ezinezko mazelaren aurrean jarriko gara. Bide lasaia amaiturik, sigi-saga aldats gora ekingo dugu. Atseden hartu gabe. Behin goiko lepora helduta, eskuinera jo eta erpin geodesikora iritsiko gara. Igoera laburra izan delarik ere, komeni da patxadaz eta soseguz hartzea. Bista ikusgarriak izango ditugu gainaldetik. Tontorreko orientazio mahaiak inguruko parajeak asmatzen ederki lagunduko digu.
Mendi-bizkarrari ongi oratuta, desnibela galtzen hasiko gara, astiro-astiro, Ekialderantz. Bigarren argindar-habera iritsita, Pagasarriko bidea utzi eta, eskuinera egingo dugu bidebanatzean Zollora bidetik jarraitzeko. Bi minutu igaro direla, eskuinetik doan bidexka hartu eta zehar-zehar eginda igoeran egindako ibilbidearekin bat egingo dugu.