Isilpean gordetzeko eskubidearen alde

Imanol Mercero / 2014-11-16 / 370 hitz

  • Izenburua: Nire sekretuen zuhaitza
  • Idazlea: Olivier Ka
  • Ilustratzailea: Martine Perrin
  • Itzultzailea: Miren Agur Meabe
  • Argitaletxea: Ttarttalo


Lanbide-sekretu, errezeta sekretu eta kontseilari sekretua; nortasun sekretu eta industria-sekretua; agente sekretua. Isileko ehiza eta isileko gakoa. Isilpeko polizia, isilpeko elkarte, isilpeko osagai, isilpeko negozio eta isilpeko klausulak; isilpeko datuak. Ezkutuko zelula sistema, ezkutuko ekonomia eta ezkutuko kategoriak. Termino hauek guztiak sarean egindako bilaketaren emaitza dira. Denak bolo-bolo darabilkigunak gure gizartean, gehienak ekonomia eta politikari dagozkionak, bat bera ere ez identitatea edo antzeko kontzeptu bizitzazkoak zehazteko. Agian Wikipediaren hutsunea da, agian gure gizartearena, hain egozentrikoa, hain zabarra…

Gaurko liburuaren sekretuak bestelakoak direla ziurtatzen dizuet. Intimitatearen aldarrikapena diren neurrian, nortasuna eraikitzen laguntzen duten sekretuen esparrukoak.

Behingoagatik, ez du batere inporta liburuak zenbat orrialde dituen, ezta aurkibiderik ba ote duen ere. Izan, literatura da, baina ez da ohiko literatura. Normalean edukiak ematen dio obrari literatura izaera, edukitzaileak —liburuak— euskarri lana egiten du. Nahiz eta irudiek pisu narratibo handia eduki dezakeen, nahiz eta letra motak eta paperaren kalitateak zeresana izan.

Baina obra honen kasuan liburua osoki da objektu literarioa: papera, tinta, trokelatuak eta zintzilikarioak, dena, ezaugarri guztiak testuarekin eta irudiekin bat eginda ari dira lanean.

Literatur etiketa bat jartzekotan, obra hau poesia liburua dela esango dugu; baldin eta poesia bezala ulertzen badugu komunikazio ariketa hanpatua egiten ari garela, ideia baten deskribaketa monografikoa, edo, gutxienez, xehea. Aurretiaz esandakoak gogoan hartuta, esan genezake liburua osoki dela objektu poetikoa.

Era berean ulertu behar dugu liburu honekin (poesiarekin oro har?) esanahia eraikitzeko irakurlearen begirada erabakigarria dela, zeren ikusten dena interpretatzera behartuta baitago; ondorioak ateratzera, orriak pasa ahala, ikusten duenaz eta ikusten ez duenaz.

Gaitzat hartu izana norbere intimitatearen parte diren sekretuak, eta aipatu ezinak —nolabait gorde beharreko horiek—, horrek ere poesiarantz hurbiltzen gaitu, jakina. Hurbildu ere ikuspuntu askotatik: definizioak, adibideak, proposamenak eta iradokizunak emanez; arestian esan bezala, monografia lan bat eginez.

Zergatiak eta xedeak bilatzekotan, egileak helburu garbi batekin ari direla esango nuke nik: haurra (irakurlea) adoretzen da, balizko sekretuak gorde ditzan; barne mundua elika dezan iradokitzen zaio, mezua igortzeko darabilten jarrera positiboaz baliaturik, adierazteko ez dela ezer txarrik egiten ari sekretu bat gordetzen duen bakoitzean.

Beti ez dugu halako objektuekin topatzeko zortea izango. Ez itxaron liburutegian mailegatzeko moduan izan arte, eros ezazu; zeren, sekretuak, jan-edanak bezala, bizitzeko nahitaezkoak dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.