Iraultza gaur

Alex Gurrutxaga / 2014-11-16 / 417 hitz

  • Izenburua: Kapitalaren aurka eta haratago
  • Egilea: John Holloway
  • Itzultzailea eta argitaratzailea: Bagaudia


Zer egin?», galdetzen zuen XX. mendearen hasieran V.I. Leninek bere testu nagusietako batean. Mendea joan da, baina mundua aldatzeko itxaropena duenak galdera berbera egiten dio bere buruari. Horrelaxe hasten da John Hollowayren Kapitalaren aurka eta haratago: «Bikain, baina… zer egingo dugu?».

2006an eman zuen argitara Hollowayk lana, nolabait erantzun nahirik 2002an kaleratutako Mundua aldatu boterea hartu gabe liburuak eragindako eztabaidei. Bagaudia taldeak argitaratu du —Erromatar Inperioaren amaiera aldera matxinatutako nekazariak ziren bagaudak—, eta itzulpen, sarrera eta edizio egokiak eurek eginak dira.

Estilo eta hizkuntza aldetik erraz egiten du testuak aurrera, apurka eta argi. Beharbada gaia ez da edonorentzako modukoa. Aurren-aurrena, oinarrizko ezkerreko postulatu zenbait onartzeko prest egon beharra dago; esate baterako: «Gizakiarentzat kapitalismoa den hondamendia egunetik egunera nabariagoa da», edo «Estatuari alternatiba egon, badago». Gainera, ia ezinbestekoa dela ematen du, testua benetan balioetsiko bada, tradizio ezkertiarra pittin bat ezagutzea.

Ezkerretik ez ezik, ezkertiarrentzat ari da batez ere Holloway. Alegia, nagusiki marxismotik eta anarkismotik lanean ari direnentzat pentsaturiko testua da. Haiei dei egiten die egileak: «Kapitalaren aurkako borrokaren ohiko egituren krisia» nabaria da; ziurrenik, inor gutxik sinesten du Estatuen boterea kolpean hartzea posible dela; Estatuen abolizioaz hitz egiteak ere utopia sinesgaitza iduri dezake. Orduan, zer egin? Hollowayren ustez, mundua aldatzeko aukera, ezer baino lehen, iraultzaren zentzu klasikoa baztertzetik abiatzen da.

«Bulkada» terminoa da Hollowayren argudioen zutarria, «autodeterminazioranzko bulkada». Pentsalariak defendatzen du lider bati jarraitzen dion iraultzan bainoago, norberaren determinazioa dela egun gakoa: «kontua ez da beraz subjektu iraultzaile puru bat bilatzea, geure kontraesan eta mugetatik abiatu eta horiek gainditzen asmatzea baizik». Eguneroko gure «egitea» —gure jarduna, ekintza; ez lan alienatua— da garrantzitsuena: hor bilatu behar dira, dio Hollowayk, kapitalismoa apurka pitzatzeko moduak.

Ordezkapen sistemaren kritika egiten du egileak, eta ez du Estatua inolaz ere onartzen: kapitalismoaren forma bat da, eta norbanakoaren determinazioaren kontra egiten du. Puntu horretan —eta beste askotan, fokua norbanakoarengan jartzen duenean—, asko gerturatzen da Holloway anarkismora, eta nabarmen aldentzen da, esaterako —eta batez ere—, leninismotik. Baina Estatuaren abolizioa defendatu arren, ez du uste orain posible denik, eta, beraz, «antolakuntzaren gaia mahai gainean jartzen du». Asanblea edo komuna dira, bere ustez, erreferente egokiak.

Liburuaren paradoxa da, itxura batean, hasierako galdera erantzun konkreturik gabe geratzen dela. Hemen ez dago buruzagirik, doktrinarik, harrian idatzitako mandamenturik. Baina, bestalde, beharrezkoak ote dira? Norbere determinazioranzko bultzada da Hollowayren erantzuna. Liburua ez da filosofia edo kritika liburu luze-zabala. Ohar zenbait dira funtsean, azpitituluak dioen bezala, «eztabaida ireki bati buruzko gogoetak»: oso interesgarriak ezkerreko pentsamendua landu nahi duenarentzat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.