HAUR ETA LEHEN HEZKUNTZA
“Kultura ez da tresna, beharra baizik”
Marina Garcés
Pertsonok, behar materialez gain, behar afektibo-sinbolikoak dauzkagu. Komunikazioaren arloan, kulturak ematen du hiztunak behar duen elikagai sinbolikoa. Beraz, hizkuntzaren kode linguistikoa ikasteaz gain, ikasleek hizkuntzak lotuta daraman kultura jaso behar dute.
Izan ere, kulturak zentzua ematen dio partekatzen dugun munduari eta elkarrenganako loturak ezartzen ditu. Labur esateko, kultura hizkuntzarekiko atxikimenduaren oinarrietako bat da.
Testuinguru soziolinguistikoa eta euskal kulturaren transmisioan izan diren eta diren etenak eta zailtasunak kontuan hartuta lan egin behar da; gizartean ez baitago mekanismo sendorik ikasle euskaldunek behar duten euskal kulturaren berri jaso dezaten.
Zorionez irakasle askok lan handia egin dute Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan euskarazko erreferente kulturalak zabaltzen. Lan hori baloratu eta orokortzeko eta sendotzeko ahalegina sustatu behar da. Beraz, komeni da haurrek euskal kulturarekin harreman egonkorra izan dezaten lan sistematikoa eta programatua egitea; sistematizatu gabeko gauzak eginez gero, ezagutza puntuala emanen baitiegu ikasleei, baina ez atxikimendu sendorako behar duten euskal kultura osoaren berri.
Orain arte egindako lana osatzerakoan kontuan hartu:
- Irakaslea kulturgileen eta haurren arteko bitartekari garrantzitsua da (hainbatetan, bakarra). Familiekin lan egin euskarazko kulturaren transmisio-gunea izan daitezen.
- Gaur eguneko kulturgileen emaitzak eta euskal kultura tradizionala, dena behar dute ikasleek. Halaber, egin lekua tokian tokiko jakintza tradizionalari.
- Askotariko eskaintza hurbildu, haurrek gustuen araberako zaletasunak garatzeko aukera izan dezaten.
- Saiatu haurren kriterioa hezten: dena ez da berdina, denak ez du balio bera.
- Edukiak jasotzeaz gain, sormena sustatu. Sortzeko gogoak emanen die, gerora, kulturak eskainiko diena ezagutzeko jakin-mina.