Interbentzio planifikatuak, gelako praktikak, esku-hartzeak
Irakasleen esku-hartzeak pentsatuak baldin badira, planifikatuak direla esan dezakegu. Pentsatuak esan nahi du helburu edo asmo batekin egiten direla. Asmoa ikasleen hizkuntz atxikimendua eta gaitasuna lortzea bada, horretara bideratutakoak eta hori lortzeko eraginkorrak izan behar dira. Hau da, planifikatutakoaren ondorioak aztertu eta ebaluatu eta horren arabera egindakoa baliagarria izan den ala ez erabaki.
Planifikazioak, bestalde, esku-hartzea testuinguru batean kokatzea eta denboran mantentzea eskatzen du, alegia, perspektibarekin begiratzeko aukera izatea eta urrats txikiak neurgarriak izatea.
Testuingurua aipatzen dugunean hauxe esan nahi dugu: ikasgela batean kokatzen direla, ikasgela horretako kideen ezaugarri linguistiko (dakizkiten hizkuntzak, ikasten ari direnak, erabiltzen dituztenak bai ikaskideekin, bai familiarekin, bai lagunekinā¦) eta ezaugarri sozialak (familia, ezaugarri sozio-ekonomikoak, kulturalak), bederen, kontuan hartzen direla interbentzioen nolakotasuna zehazteko. Denbora aipatzen dugunean eskolak markatzen dituen denborei buruz ari gara eta horietan zenbait mugarri ezarri beharra (etapa aldaketak, ziklo aldaketakā¦).
Azkenik, esku-hartze horien baitan estrategiak (ekintza plan gisa ulertua) jasoko ditugu, epe motz, erdiko eta luzekoak, baita proposamen zehatzak ere.Gehienetan agerian den arazo bat bideratzeko esku-hartzeak diseinatzen badira ere, posiblea da, eta komenigarria, arazoa sortu aurretik prebentziozko neurriak edo esku-hartzeak egitea. Izan ere, ikasleen hizkuntza-ezaugarriak ezagututa, ikasturtean sor daitezkeen arazoak aurreikus daitezke eta horiek arintzeko bideak prestatu. Prebentziozko neurria izanen da, adibidez, ikasleei argi azaltzea ikasgela eta eskola euskara erabiltzeko babesguneak direla, eta ez dela inor gutxietsia izanen akatsak egiteagatik edo motelago hitz egiteagatik. Halaber, irakasleek hizkuntzen erabilerei buruzko portaera adostuak izatea ere prebentziozko neurritzat har daiteke. Azken finean, taldearen erabilera-arauak adosteak eta elkarrekin horien ebaluazio-jarraipena egiteak hizkuntzen erabilera konszienteagoa izatea erraztuko dute.