Ikasleen hizkuntza atxikimendua lantzeko proposamen didaktikoak, 24 proposamen bloke bakoitzean.
Zergatik ibilbideak?
Atal honetan ikasmaila bakoitzeko ibilbidea osatzeko jarduerak bildu ditugu: lau kategorietatik jarduera bana, zailtasun maila ikasleen adinaren arabera doitua. Ikasleen ikuspuntutik eskolatze urte guztiek ibilbide bakarra osatzen duten arren (ikus: Ibilbideen ikuspegia), irakasleak errazagoa izanen du praktikan hastea edukiak mailaz maila sailkatuta aurkitzen baditu.
Nola erabili?
Jarduera guztiek honako egitura hau daukate: lehenik, azalpena (irakasleari zuzendutako oharra); bigarrenik, jarraibideak (ikasleei gelan eginen zaien proposamena, irakasleak taldearen beharren arabera moldatuko duena) eta, azkenik, hiru multzotan bildutako oharrak (prestaketari buruzkoak, jarduera moldatzeko aukerak eta material osagarriak).
Jarduera gehienak saio bakar batean burutu ahal izateko diseinatu diren arren, irakasleek aipatutako oharretan aurkituko dituzte jarduerak luzatzeko ideiak, baita ikasleen gustuen arabera moldatzeko ere. Bestalde, kontuan hartzekoa da zenbait jarduerak eska dezaketela aurreko saioan prestaketa aurreratzea edo ondorengoan informazioa osatzea.
Nola egokitu zure taldera
Jarduera hauek pentsatuak daude ikasleen hiztun tipologia orokor baterako, baina gerta daiteke egokitu behar izatea testuinguru soziolinguistikoaren arabera, edo ikasleen hizkuntz mailaren arabera edo jatorriaren arabera, alegia, irakasleak jarduera gelaratu aurretik pentsatu beharko luke horretan eta saiatu egokitzen beharrezkoa bada.
Halaber, garrantzitsua da denboraren kudeaketari erreparatzea, ikasleen erritmoaren arabera agian komeniko baita, esaterako, bideoak laburtzea edo eskaintzen diren baliabideen artean aukeraketa egitea.
Zergatik hiztuna, ingurune hurbila, kultur transmisioa eta hizkuntz ekologia?
Ikasleekin lau zutabeetako jarduerak burutzea da proposamena. Modu honetan, ikasleak norbanakoaren egoera, taldearen ezaugarriak, kulturaren bizindarra eta hizkuntzen arteko harremana nola katramilatzen diren ikustera hel daitezke. Izan ere, norbanakoak jasotzen du hizkuntza, baina jasotze prozesu horretan ingurune hurbileko hiztunek eta kulturaren transmisioak (edo transmisio ezak) eragiten dute, baita bizi den gizartean antzematen duen hizkuntzen arteko orekak edo desorekak ere.