Tabua

Anjel Lertxundi / 2012.03-11 / 130 hitz

Elhuyar aldizkariak heriotzari eskaini dio bere azken aleko gai nagusia, «Heriotzaz, taburik gabe» izenburu generikoaren pean. Bertan esaten diren alde interesgarri askoak irakurtzen ari nintzela, heriotzari buruzko tabuak gure hizkeran utzi duen hainbat eufemismo errepasatu dut, hil esan beharrean, heriotza saihesteko moduak: horrenak egin du, gorputz geratu da, ez du eztul gehiago egingo, arnasa eman du, zerraldo erori da, azken ordua iritsi zaio, ez du azken zezena toreatu, beste mundura joan da, hemengo aldia egin du, zendu da, ez du hurrengo kukua entzungo, satorren herrira joan da…

Umoretsuak dira batzuk; erlijioarekin edo nekazari munduarekin zerikusi zuzena dutenak beste hainbat… Agian guk gure zaharrek baino eufemismo gutxiago erabiltzen dugu: hil da eta kito. Baina nago ez dela gure zaharrek baino tabu gutxiago daukagulako, heriotzarik ez balego bezala bizi nahi dugulako baino.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.