Badira ipuinak asmatzeke, oraindik

Iratxe Esnaola / 2012-03-11 / 422 hitz

  • Izenburua: Maitagarrien liburuetan sinesten zuen printzesa
  • Egilea: Marcia Grad Powers
  • Itzultzailea: Usoa Wyssenbach
  • Argitaletxea: Igela

 

Marcia Grad Powers Jokabide Emozional Arrazionalaren bidezko terapia hezitzailea da, ezaguna autolaguntzaren eta motibazioaren alorretan egiten duen lanagatik. Liburu ugari idatzi ditu, literatur best-seller-ak tartean, esku artean dugun hau adibide. Hezkuntzaren edo psikologiaren alor profesionaletik ez eta literaturatik heldu arren liburuari, ezin uka irakaspen edo laguntza-liburu izateko xedeaz idatzia izan dela. Maitagarri ipuin klasikoek dioten modura, behin batean bazen printzesa ilehori bat maitagarri ipuinetan sinesten zuena, On Kixotek zaldun liburuetan bezala. Emakumez emakume eta belaunaldiz belaunaldi erakutsi zitzaion Printzearen zain behar zuela egon, eta hark beteko ziola existentzia osoa, hots, emakumearen, emakumetasunaren eta edertasunaren ideia hegemonikoa eta haren iruditeria txertatu zioten. Printzesen Sentipenen eta Portaeraren Errege kodeari jarraituz, genero eraikuntza arau emailea lagun izan zuen, eta Errege Familiaren Mapa tradizioaren oinarri. Printzesa pasiboa maitasun erromantikoaren topikoan hezia izan zen, eta autoritate familiarraren mendean.

Jasotako herentzia kaltegarri horretaz jabetzea eta askabidera ekindako bidaia dira eleberriaren mamia. Horretarako, fantasiazko ipuinen baliabideak darabiltza errealitate gordinaren metaforatzat: Sorginkeria (tratu txar eragilearen justifikagarri); Lagun Asmatua (elkarrizketa beharraren adierazle); Animalia pertsonifikatuak (bizitzako maisu edo aholku emaile moduan). Lau atal ditu liburuak, baina bi zatitan bana daiteke, istorioari dagokionez. Aurrena, haurtzaroa, ezkontza eta senarrarekiko harremana biltzen dituena. Maitemintzen den eta tratu txar psikologikoa jasan arren bertatik nola askatu ez dakien emaztearen nora eza kontatzen da. Bikaina da tratu txarren eboluzioaren deskribapena; bai biktimaren erantzunak, eta bai erasotzailearen jarreren azalpena. Bigarren zatia ikasitako guztia atzean uzten eta libre izaten saiatzeko bidaia bat da. Abstraktuagoa da, eta narrazio literarioa eta irakaspena ez doaz hain eskutik helduta. Aholkuak emateko aitzakia gisa ikus daiteke inoizka kontakizuna. Aholku gehitxo pilatzen direla irudituko zaio inori, nahiz eta aholkuak erabilgarriak izan. Eskarmentuak jasotzeko atala da, barrutik haztea eta gogo-bihotzen arakatzea helburu dituena. Norbere burua zaintzen eta maitatzen ikasteko moduan sakondu nahi du. Egia ezagutzeko bidean eta besteengana lotzen gaituzten harremanetan.

Narrazioan zehar Printzesak barruan duen lagun ikusezinak garrantzi handia du. Printzesari hezkuntzaren bidez inposatu diotenari errebelatzen zaion ahotsa da. Hari errietan hasten zaionean Printzesa, esaterako, jaso dugun hezkuntzaren indarkeria guk geuk nola erreproduzitu ahal dugun islatzen du. Ipuin klasikoen berridazketa eta ipuin berrien perspektiba anitza geroz eta fenomeno zabalduagoa da, helduontzako irakurketan, behinik behin. Nunila Lopez eta Miryam Cameros Sierraren La cenicienta que no quería comer perdices adibide ezaguna da, Interneten zabalpenari esker milaka eta milaka irakurle irabazi dituena ipuin tradiziozkoa hankaz gora ipiniz. Egungo hezkuntzan eta jendartean, oraindik, printzesari (neska izendatuei) atxiki maitasun erromantikoaren ideia zalantzan jartzeko balio duten erreferentziak dira narrazio berriok. Erreferentzia berriak sortzeko balio du liburu honek ere, eta, aldi berean, balore zehatz batzuen zabalpena egiteko. Bidaia orria izan nahi du, bizi-hezibidea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.