Ehiza garaia

Iratxe Esnaola / 2012-10-21 / 466 hitz

  • Izenburua: Piztiaren begiak
  • Egilea: Alberto Ladron Arana.
  • Argitaletxea: Elkar.

Amaierarik errebela ezin diezaiokegun thrilerraren iruzkina idaztea eta haren mamia transmititzea ez da lantegi erraza, baina ezta ezinezkoa ere. Alberto Ladron Arana egile zaildua da genero beltzean eta aurre eskema bati jarraiki idazten duen neurrian, ubera uzten du jasogarriak zaizkigun hainbat arrastorekin. Badugu hildako mordoxka bat. Iragan lausoaren karga astun eta itzal are luzeagoa. Baditugu muturreko pertsonai bi noraezean dabilen hirugarren baten atzetik. Hori guzti hori Iruñea paisaiatzat hartuta. Horiexek dira Ladron Aranaren zazpigarren eleberriko zertzelada zenbait. Orain arte arrakasta lortu izan duten beste eleberriak eraiki izan dituen orube berean eraiki du fikzio berri hau ere, elkarrizketa dinamikoak baliatuz, trama eta azpi trama aurrez landuak eta gero ondo bururatuak osatuz. Arotzaren eskuak (2006) eleberriak 14. edizioa lortua du. Lehenago argitaratutako lanak ditu Itzalaren baitan, Xake Mate eta Eguzki beltzaren sekretua. Ondorengoak, berriz, Ahaztuen mendekua eta Zer barkaturik ez. Generoari erabateko atxikimendurik ez dion irakurlearentzat kontakizunaren erritmo bizia da thrillerra erakargarri egin dezakeen osagaietako bat, eta irudi luke badakiela hori egileak. Datek markatzen dituzte kapituluak eta astebete eskasean garatzen da trama. Bestalde, deskribapen ponpoxo eta landuetatik urruti, espazioek beren funtzionalitatearen araberako arreta jasotzen dute, eta gainera, pertsonaien ezagutza ekintzen bitartekoa izaki, ez da haien nolakotasunean luma luzaz pausatzen. Horrek guzti horrek akuilatzen du orrialdeen iragate bizkorra eta generoaren bizkarrezur den suspensea mantentzen du, prosa funtzionalitatearen mesedetara jarriz.

Hiru pertsonaia nagusietarik lehenengoak, Jon deituriko langabeak, emaztea eta alaba galdu zituen duela hamaika urte auto istripu batean. Bigarren pertsonaia Xabier Betelu da, ETA kide ohia, kartzelatik atera berria, eta hirugarrena, Dasilva enpresa-gizona, Iruñeko Brigada antiterroristan aritua. Arlo sozialetik eta irakurketa politikotik eutsi izan zaie azken bi esparruoi, gehienetan, eta nobedade izan dut ez literaturan edo fikzioan paratuak ikustea, baizik thriler batean euren pertzepzioa nola aldatzen den nozitzea.Tarteka,filmak ekarri dizkit gogora eszenen ordenamenduak, nahiz literaturak generoari eskain diezazkiokeen tresnak ondo baliatzen diren. Batetik, adieraziko ez dugun amaieran testualtasunak paper garrantzitsua jokatuko du, eta bestetik, barne-ahotsak errebelatu ahal izateak abantailak dakarzkio eleberriari, zineman ondo erabiltzen zail den off teknikaren alboan eskuragarriago. Hain zuzen, Dasilvak ahots zigortzaile bat du buruan eta ahotsaren errepikapena ezin kontrola izateak asko laguntzen du senetik irteten den eleberriko giroan. Azken nobelan ere, Zer barkaturik ez hartan, Mikel Izu protagonistak emazte ohiaren ahotsa zuen buruan, ahots inperatibo bat, aginduzkoa eta mespretxuzkoa. Behin giroaz eta emazteez mintzoan hasita, aipa dezagun ahots narratiboak hiru gizonen gogoa jarraitzen duen neurrian gizonezkoen ahotsa dela nagusi. Irudipena izan dut, artean, sineskorrago zaigula kultur jardunean ETA kide eta polizia zigortzaileak gizon izatea, are, harrapari-ehizari eta eskrupulurik gabeak badira, tradizioak horrelaxe ekarri izan dizkigulako fikziora estereotipo zenbait batuz gizonak, emakumeak beste ezaugarri batzuen pean ekarri dituen bezala (maltzurra, hotza, kalkulatzailea …). Esango nuke ehiza frenetikoaren sentsazioa senti arazteko idatzi dela liburua eta helburua bete duela. Mendekua, sekretuak eta ezustekoak ez dira falta ehiztaria ehizaki bihur daitekeen terrenoan.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude