Iban Zaldua: «Ipuin bildumen zalea naiz, baina azken biak ipuin liburu irten zaizkit»

Juan Luis Zabala / 2012-10-18 / 597 hitz

Iban Zalduaren ‘Idazten ari dela idazten duen idazlea’ liburua osatzen duten narrazioek literatura dute ardatz nagusi.
Alderdi askotatik heltzen diote gaiari ipuinek: liburuak, kritikak, sariak, dendak…

Francis Bacon margolariak elkarrizketa batean —artista gazte bati zer aholku emango liokeen galdetu ziotelarik— eman zuen erantzunari oso zentzuzkoa irizten dio Iban Zalduak: «Ez nioke aholku berezirik emango», adierazi zuen Baconek. «Bakarrik bere burua onar dezala, eta onar dezala zer den, eta jorra ditzala bakarrik harrapatzen eta obsesionatzen duten gaiak. Urrun dadila apaingarri hutsa den horretatik». Zalduak ez du uste bera artista denik —artisautzatik gertuago ikusten du bere burua—, baina, Baconek aholkatzen zuen bezala, literaturaren inguruan obsesionatzen duten gaiak jorratu ditu Idazten ari dela idazten duen idazlea ipuin liburuan (Elkar); literaturaren inguruan dituen «maniak», haren hitzetan esanda.

«Liburuan egin ditudan hausnarketak egin nitzakeen —eta egin ditut, eta seguru asko egiten jarraituko dut— saiakera moduan, baina niretzat fikzioa oso forma garrantzitsua da hausnarketak plazaratzeko orduan ere», azaldu du Zalduak. Idazle batek literaturari buruz idatzitako liburua den neurrian, «onanistikoa» izan daitekeela onartzeko ez du arazorik. «Ni beti egon naiz masturbazioaren alde», zuritu du bere burua.

Euskal literatura ere agertzen da, «ezinbestean», Zalduaren liburuko ipuinetan, baina liburuaren ardatza ez da inondik ere euskal literatura, literatura oro har baizik, modu generikoan. Literaturari ikuspegi askotatik begiratzen zaio liburuan, eta asko dira, denek literaturarekin zerikusi zuzena badute ere, agertzen diren gaiak: idazleak, irakurleak, irakurle klubak, itzultzaileak, kritikariak, dendak, dendariak, sariketak… «Literaturaren inguruan dagoen guztia hartzeko borondate bat sumatzen da», Xabier Mendiguren Elizegi editorearen ustez.

Bere liburuaz hitz egitean, autofikzioa eta metaliteratura hitzak saihestu nahi ditu Zalduak, arbuiatu egiten dituelako, nahiz eta, paradoxikoki, liburua aurkeztean, beste inork hizpidera atera gabe, berak aipatu zituen bi hitzok; aipatu, zergatik saihesten dituen azaltzeko: «Saihesten ditut bi hitz horiek, autofikzioa eta metaliteratura, gauza berritzat saldu nahi dizkigutenen iritziaren aurka, uste dudalako Mendebaldeko literaturaren oso antzinako ondare direla, eta azken batean praktikatzen dugun —edo nik behintzat praktikatzen dudan— literaturaren berezko osagai; hain berezko, ezen ez baita beharrezkoa aipatzea ere».

Ipuin bildumatik, ipuin liburua

Haiek gutxiesten dituztenen aurka, «ipuin bildumak» defenditzen ditu Iban Zalduak, «batasun edo intentzio orokor bat» ez duten narrazioz osatutako liburuak. Idazten ari dela idazten duen idazlea ez da, ordea, bereizketa horren arabera, «ipuin bilduma», «ipuin liburua» baizik, liburua osatzen duten ipuin guztiek baitute «batasun edo intentzio orokor bat»: literatura dute denek, aldez edo moldez, gai nagusi eta ardatz; izenburuaren ondoan, azpi-izenburua ere irakur daiteke liburuaren azalean, barruko ipuin guztien arteko batasunaren adierazle argi: Edo literatura gaixotasun gisa.

«Ni beti izan naiz ipuin bildumen zalea, baina azken bi liburuak ipuin liburu atera zaizkit», laburbildu du paradoxa Zalduak: «Biodiskografiak, pop musikaren inguruan antolatutakoa; eta oraingo hau, ardatz gisa literaturari buruzko hausnarketa bat duena, fikzio moduan emana baina hausnarketa azken finean».

Etorkizuna (Alberdania, 2005) ipuin bildumaren ondorengoa izango den ipuin bilduma atontzen ari da Zaldua, eta hasieran bilduma horretarako zeuzkan gordeak orain Idazten ari dela idazten duen idazlea osatzen duten ipuinak. Baina bildumarako lanean ari zela, jabetu zen ipuin asko zirela literaturaren ingurukoak, eta haiek, txarrak iruditzen ez zitzaizkion arren, «traba» egingo zutela bilduman. Horregatik iritzi dio egokiago haiek aparte argitaratzea, ipuin liburu bat osatuz.

Elkar argitaletxeak eman du argitara Zalduaren liburu berria. Orain artean liburu bakarra zuen argitaratua argitaletxe horretan —Kea ur gainean gazte literaturako eleberria, 2002an—, libururik ezagunenak Erein eta Alberdaniarekin baititu kaleratuak. Ez du uste Zalduak Idazten ari dela idazten duen idazlea liburu komertziala denik, eta horretaz jabetuta zegoen liburua editoreari aurkeztean. Baina editoreak, Xabier Mendiguren Elizegik, ez zion inolako eragozpenik jarri. Orain, liburua kalean delarik, Euskal Herriko «argitaletxerik komertzialenean» komertziala ez den liburu bat argitaratu izanak «plus bat» eman dio Zalduari, «guilty pleasure» edo «plazer errudun» bat sentiarazten dio.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.