Mayi Ariztiaren ipuinak berrargitaratu dituzte Klis-klasikoak bilduman

Juan Luis Zabala / 2012-10-25 / 295 hitz

Gure Herria argitaletxeak kaleratu zuen estreinakoz Sarako idazlearen ‘Amattoren uzta’, 1934an

Mayi Ariztiaren Amattoren uzta haurrentzako ipuin bilduma eman dute argitara Erein, Alberdania eta Igela argitaletxeek, Klis-klasikoak sailaren barruan. Mayi Ariztiak (Sara, Lapurdi, 1887-1972) 1934an Baionako Gure Herria argitaletxearekin argitaratutako Amattoren uzta (La Moisson de Grand’Mère) liburu elebiduneko ipuinak biltzen ditu argitalpen berriak, soilik euskarazko bertsioak berreskuratuta. Patxi Zubizarretak moldatu eta eguneratu ditu testuak argitalpen berrirako, liburuaren hitzaurrea idazteaz gain, eta ilustrazioak Maite Gurrutxagak eginak dira. Duela 30 urte, 1982an, Elkar argitaletxeak liburuaren beste berrargitalpen bat egin zuen, ele bitan, euskaraz eta frantsesez.

«Oharturik nere haurrak zein prestuki egoten ziren, lorietan, choratuak, ichtorio aditzen, etcheko neskatoek kontatzen ziozkatelarik, gogoatu zitzaidan behar nituela ichtoria zahar horiek, eskribuz eman, beldurrez eta ahantz», idatzi zuen Mayi Ariztiak 1934ko argitalpenaren aitzin-solasean. Hitzaurre horretan dioenez, Itsasuko (Lapurdi) artzain batengandik jaso zituen ipuin asko, baita Sarako sendagile zahar batengandik ere, baina Saran sortua eta Zugarramurdin bizi zen 82 urteko agure «ichtorio erraile gaitz» bati zor dizkio ipuin gehienak. Etxez etxe, arto zuritzeetan, auzo guztiak elkarturik ibilarazten zuten agurea istorioak kontatzen. Bi egunez bere etxera eraman zuen behin gizon hura Ariztiak, ipuin kontatzen aritzeko.

Liburuak hamasei ipuin biltzen ditu. Jatorrizko bertsioa sarean eskura daiteke Sancho el Sabio Fundazioaren memoriadigitalvasca.es webgunean, osorik.

Bildumako bosgarren liburua

Galtzagorri Elkarteak sortu zuen Klis-klasikoak bilduma, Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin lankidetzan. «Haur eta gazteek autore klasiko unibertsalak nahiz euskal autore ezinbestekoak euskaraz irakurtzeko aukera izan dezaten bermatzea» da sailaren xede nagusia. «Haur eta gazte literaturako obra kanonikoak euren eskura euskaraz jartzea. Modu honetan, curriculum literarioa euskaraz osatuz»

Saileko bosgarren liburua da Mayi Ariztiarena. Pinotxoren abenturak, Txan fantasma, Maria Goikoak Batbirulau eta Indianoa dira aurretik argitaratutakoak; aurki, Mark Twainen Tom Sawyer-en abenturak kaleratuko dute sail berean, Iñaki Mendigurenek eta Sarah Turtlek euskaratua eta Guillermo Gonzalezek ilustratua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude