Oihanaren deia adituz

Igor Susaeta / 2012-10-06 / 338 hitz

Hainbat hedabidetan argitaratutako elkarrizketak bildu ditu Miel A. Elustondok ‘Zozoen eleak’ liburuan

Elkarrizketatzeko pertsona batzuk aukeratzen ditu Miel A. Elustondok (Azpeitia, 1958), baina ez daki zergatik hautatzen dituen. «Pertsonek deitzen naute. Oihanaren deia aditzen dut». Kapaza da AEBetan barrena miliak eta miliak egiteko norbaitekin solastearren, edo Kaliforniako mendietan galtzeko, artzain joandako euskaldun batekin biltzeko ahaleginean. Gehienetan pertsona anonimo diren horiei «ahotsa» eman die. Askotan, emakumezkoak dira. «Bitartekari lana baino ez dut egiten». Eta azken urteetan BERRIA, EUSKALDUNON EGUNKARIA, Argia, Erlea eta Administrazioa euskaraz argitalpenetan kaleratutako lanekin, Zozoen eleak elkarrizketa liburua osatu du (Utriusque Vasconiae). Elustondok bere burua outsider, «eskribidore» edo frankotiratzailetzat dauka.

Aipatutako komunikabideetan 2002tik iaz artean argitaratutako 27 lan dira. Duela bizpahiru urte, baina, Paulo Iztueta Utriusque Vasconiae argitaletxeko editoreak kaleratzeko ideia proposatu zionean, Elustondok ez zuen elkarrizketa liburua «garbi» ikusten. «’Bai? Bai?’, galdetzen nion neure buruari. Dudak nituen». Konbentzitu zuten, ordea, eta kalean da. Argitaletxearen Solas Literarioak bildumako lehen alea da.

Elustondok ezingo luke elkarrizketatu bakar bat hautatu. Ez daki esaten zein den garrantzitsuena. «Eta, gainera, ez zait inporta». Hori bai, elkarrizketatu bakoitzak dauka bere istorioa, eta hori testuetan bilduta dago. Badira «enkarguz» egindakoak, «edo iradokitakoak». Baina, Iztuetaren ustez, Elustondok ohiko prentsatik kanpo biltzen du informazioa. Horregatik dira ezezagunak elkarrizketatu ia gehienak. Gainera, egileak berak uste du «mundutik kanpo» bizi dela. «Ez dakit zer gertatzen den munduan».

Ahozkotasuna idatzietan

Iztuetaren iritziz, «zuzena, garbia eta goxoa» da Elustondok erabiltzen duen hizkuntza. Ezezaguna izanagatik esateko gauza interesgarriak dituen jendea aurkitzeko «abilezia» aitortu dio Mikel Garciak, Argia-ko kazetariak. «Gainera, estilo propioa garatu du. Ahozkotasuna idatziz islatzeko gaitasuna du. Solasaldia irakurtzen ari, eta entzuten ari naizen sentipena eduki izan dut. Elkarrizketatua haserre edo sentiberago dagoen transmititzen dizu». Garciak pentsatzen du Elustondo hori egiteko gauza dela «euskararen baliabideak menperatzen dituelako».

«Elkarrizketaren funtsera iristen den maisua» da Elustondo, Ainhoa Oiartzabal BERRIAko kazetariaren ustez. «Haren testuek elkarrizketatua ezagutzeko bidaian sartzen zaituzte». Iruditzen zaio «jakin-minak» bultzatzen duela egilea. «Bidegurutzeetan sortzen diren elkarrizketen modukoak dira. Batzuetan, iruditzen zait bidean topatu dituela elkarrizketatuak». Elustondok eskerrak eman nahi dizkie komunikabideetan bere testuak jaso dituztenei, «korapiloak askatzen laguntzeagatik».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude