Trantsizio isila Interneten

Aitor Aretxaga / 2012-10-10 / 919 hitz

Zalapartarik atera gabe, iragan ekainean Internetek aurrerapauso garrantzitsua eman zuen bere bilakaeran. Sareak izandako hedakuntza bortitzak egituraren mugak gainditzeko arriskua zekarren. Ekainetik sistema berria eta zaharra elkarlanean ari dira, erabiltzaileak ohartu gabe.Internetera konektatzen den gailu teknologiko guztiei helbide zenbaki bat adjudikatu ohi zaie. Horrekin identifikatuko dira, eta besteekin komunikatzeko ezinbestekoa da, gainera. Internet Protocol Address (IP) deituak nork bere etxea administratiboki identifikatzeko balio duen helbidearen funtzio berbera betetzen du, mundu birtualean. Beraz, etxeko helbiderik ez duenari fakturak, gutunak edota postalak iristen ez zaizkion bezala, Internetera konektatu nahi duen gailu orok eskatu beharra dauka saiorako IP bat. Helbide hau eduki ezean, ezin izango da jaso informazio paketerik saretik.

IP helbideak egonkorki adjudikatzen zaizkie posta elektronikoaren zerbitzariei edo enpresei. Bestetik, denbora epe baterako ere adjudikatzen dira, demagun etxeko ordenagailuari edo wifi sarbidea daukan telefonoari. Gailu pertsonalei ere eman dakieke IP finkoa, baina hori ez da beti posible leku guztietan, eta kostu gainjarria izaten du horrela nahi duenarentzat, oro har.

Horrela, sistema martxan badabil, baina zailtasun berri bat agertu da. Izan ere, posible da Interneten beste nodoekin konektatzea, eta nahi dugun informazioa jasotzea nabigatzailean. Kontua da konektatu nahi den leku bakoitzaren IP helbidearen zenbaki sorta osoa jakin beharko dela; gainera, IP hori finkoa ez denean, beti galdezka ibiltzea besterik ez legoke helbide berria lortzeko eta konektatzeko.

Orduan, Domain Name Servers (DNS) izeneko zerbitzari batzuk jartzea otu zitzaien adituei; haien helburua IP zenbakiak hitzetara itzultzea da. Horri eskerrak, orain izen bat gogoratu behar da, dagokion helbide zenbaki luzearen lekuan. Honela errazagoa da www.domeinua.com gogoratzea 192.168.1.1 baino; edo emaila@domeinua.com izatea helbide bat, emaila@192.168.1.1 izan beharrean.

Sarearen hedatze izugarriaren eskutik etorri da azkenengo traba. Izan ere, ikusi besterik ez dago egun Internetera konektatzen diren telefonoen, ordenagailuen, tableten, bideojokoen eta abarren kopurua. Zabalkuntza bortitz horrek ekarri du hasieran egindako aurreikuspena denbora gutxian gainditzea, eta orain martxan dagoen IP sistemaren eguneratzearen beharra, bide batez. Orain arte zegoen sistemak, edo IPv4, lau milioi helbide eskain ditzake aldi berean.

IPv6 sistema berria

Iragan ekainaren 6an, Interneteko erraldoi batzuk —Google, Facebook, Comcast, Yahoo, Microsoft Bing edo Cisco, aipagarrienak— sistema berria hartzen hasi ziren. Protokolo berrirako aldaketarekin lortzen diren helbideen kopurua astronomikoa da: 340 sextilioi (3 aldiz trilioi bat).

Horren guztiaren gakoa dago helbideak adierazteko erabiltzen dituzten biten kopuruan. IPv4 protokoloan 32 ziren erabilitako bitak, eta ondorioz 2^32 helbide (zehazki 4.294.967.296 aukera). IPv6 erabilita 128 bitera igotzen da adierazpena, 2^128 helbide.

Estandar zaharra edo IPv4, ondorengo erara zegoen egituratua: 0tik 255erainoko lau zenbaki multzoz osatuta zegoen. IPv6 sisteman aldiz x bakoitza 0tik 9rainoko zenbaki bat da; baina a-tik f-rainoko letra ere izan daiteke.

IPv4 1983an sortu zutenean, esperimentu gisa planteatu zuten; gainera, iruditu zitzaien zekartzan helbideak nahikoa zirela ordenagailu sistema batentzat. Hala ere, 1996an ohartu ziren sareen sareak hartutako ibilbidearen trazaz, eta protokolo berri bat garatzen hasi ziren, IPv6. Tartean IPv5 ere sortu zuten, baina helburu desberdina zeukan —multimediara zuzendua zegoen estandarra izaki— eta erabilerarik ezak baztertu zuen, azkenean.

Trantsizio isila deitzea ez da burutazio soila, erabiltzaileak ez baitauka ezer berezirik egin beharrik protokolo berrian ibiltzeko. Aldaketa automatikoa eta eskalatua egin nahi izan dute, eta gaur, bi sistemak batera ari dira martxan. Era berean, isileko aldaketa honen konplize dira sistema eragile berrienak ere, eta lehentasunez IPv6 eusteko prestatuta kaleratu dira Windows (Vista zein 7), OS X (10.6.5etik aurrerakoak) eta Linux bertsio gehienak.

Telefonoei dagokienez, Appleren iOS sistemak badu, eta Androidek wifi konexioetara mugatuta, baina badabil. Ondoren Windows Phone 7ak ezin dezake erabili IPv6, baina adierazi dute 8.0 bertsioan zuzenduta egongo dela. Blackberry sakelakoek, bestalde, 2011 bukaera arte ez zeukaten zerbitzarietan jarrita; baina konpainiak daukan IP itzulpen sistema propioari esker, ziur aski behar ere ez du izango gailuetarako eguneraketarik.

Esan bezala, bertsio biek elkarlanean jarraituko dute, sarea hornituz; sistema guztiek software eta hardware aldetik beharrezko eguneraketak jaso artean behintzat. Horrek akatsen bat edo beste ekar dezake: adibidez, norbait IPv6 darabilen webgune batetik, esteka bati jarraituta, IPv4 dabilen beste webgune batera konektatzean, errore mezu bat jasoz. Hala ere, arazo hori konpontzeko sistema itzultzaileak diseinatzen dihardute. Beste arazo bat Interneteko eskaeren erantzun denborena da: dagoen hardwarea aintzat hartuta, erantzun denborak protokolo berrian %80 motelagoak dira, zenbaki mardulagoak prozesatu behar dituelako.

Nola ezagutu IP helbidea

Windows darabiltenek Hasiera barrako exekutatu atalean cmd idatziz irekiko zaien terminalean ipconfig jartzen badute, Internet konexioari buruzko informazioa jaso ahalko dute. Unix sistema darabiltenek (Mac edo Linux) terminala ireki eta ifconfig sar dezakete.

Nabigatzailearen bitartez ere egin daiteke, hemen: http://www.whatismyip.com. Azkenik, test bat dago nahi duenarentzat Interneten, IPv6 sistemak norbere gailuan lukeen errendimendua neurtzen duena: test-ipv6.com.

                              —————————–

Kuartzozko kristalezko biltegiratze euskarri berria aurkitu dute

CDak 30 urte bete ditu aste honetan, baina jada ez dago ondorengoen faltan. Halabeharrez, etengabe eraberritzen den esparrua da informazioa gordetzeko balio duten euskarriena. Esandakoaren lekuko da denborak utzitakoa: biniloak eta kaseteak; hiru t’erdiko disko malguak eta pendrive-ak; eta VHS zinten oinordeko diren Blu-Ray diskoak. Argi dago, garapen horrek hobekuntzak ekarri dituela biltegiratze sistemetara. Hala behar du, informazioaren gizartea deritzon batean oinarrizko lanabesak baitira.

Hala ere, guztiek daukate akats komun bat: iraupena. Hitachi enpresaren burutazio berriak badirudi konpondu duela arazoa: kuartzozko kristalezko xafla txiki batzuk erabiltzea otu zaie informazioa gordetzeko formatu gisa.

Abantailarik handiena erresistentzian datza; datu galerarik jasan gabe eutsi ditzakete milioika urte. Euskarriaren iraungitzearen ondoriozko datu aldaketarik egin beharrik ez litzateke egongo, beraz. Gainera, isurketa kimikoak, uhin magnetikoak, ura nahiz tenperatura handiak ere jasaten ditu kuartzoak, alferrik galdu gabe. Dirudienez, material hori bi orduz 1.000 gradu jasateko gai litzateke.

Optikoki sortutako puntu (voxel) batzuen bitartez idazten dira, eta irakurtzeko, nahikoa da mikroskopio optiko arrunt bat edukitzea. Aurkeztutako prototipoak 4 geruza zituen, eta egungo CD baten edukiera. Sortzaileek ustez, alderdi hori hobetzeko aukera handiak daude.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.