Josep Renzulli: «Umeei galdera asko egiteko aukera eman behar diegu»

Nagore Ares Amaya / 2012-11-13 / 634 hitz

Neurriz kanpoko adimena duten pertsonen garapenean konpromisoa eta motibazioa funtsezkotzat jotzen ditu Renzulli irakasleak.

Badira hiru hamarkada Joseph Renzullik (AEB,1936) gaitasun handiko adimenaren inguruko teoriak irauli zituenetik. Egitekoarenganako konpromisoa ezinbestekotzat jo zuen gaitasun horien garapenerako, 1970eko hamarkadan Hiru eraztunen legea deritzonaren bidez. Egunotan Bilbon izan da Connecticuteko Unibertsitateko (AEB) irakasle emeritoa, Heziketa gako berriak kongresuan parte hartzen. Horrelako kalkuluak eta portzentzajeak gustuko ez dituen arren, munduko biztanleen %15 eta %20 artekoek gaitasun handiak dituztela uste du, «baina ez diegu haien gaitasunak garatzeko aukerarik ematen». Ostiralean, bazkalostean hartu zituen kazetariak, Deustuko Unibertsitateko paraninfo ondoko gela batean.

Elitismorik gabeko bikaintasun akademikoaren inguruan mintzatuko zara, baina posiblea al da hori?

Nire ustez, ikasle guztiei aberasteko modu askotarikoak eskaintzea da horretarako erarik aproposena, haien sormena eta pentsatzeko gaitasunak garatuko dituzten gauzak. Gazteek nola erantzuten duten ikusten duzunean, identifikatu dezakezu nortzuek nahi duten gai batean sakondu, nork nahi duen sormen handiko zerbait ikasi edo sortu. Era horretan guztiei ematen diegu aukera.

Jaso al dezakete adimen handiko gazteek haien beharretara egokitutako hezkuntza ohiko eskoletan?

Posible dela uste dut, aberastasun orokorra eman dezakete eskolek. Hala ere, gai baten inguruan askoz ere maila aurreratuagoan lan egin nahi duten ikasleak baldin badaude, ikerketa proiektu bat egin nahi dutelako edo oso idazketa sortzailea egin nahi dutelako, uste dut ikasle horiekin lan egingo duen norbait topatu beharko dugula. Ohiko irakasle bat izan daiteke, baina baita ikerketa irakasle bat ere, gaitasun horretako ikasleekin ikerketa proiektuetan lan egiten espezializaturik dagoena.

Funtsezko jotzen duzu egitekoarenganako konpromisoa gaitasunen garapenean. Nondik dator konpromiso hori?

Konpromisoa, lehenik eta behin, pertsonak zerbaitenganako duen interes berezitik dator. Ohiko eskoletan, ikasleek une berean gauza berean lan egiten dute eta, oro har, maila berean. Konpromisoa bakarrik izaten da interesgune indartsu bat topatu dutenengan, haientzako pasioa bihurtzen denean. Eremu horretan luzez eta gogor lan egin nahi dute, behartuak izan gabe. Denbora asko ematen dute; asko irakurtzen eta ikasten dute horren gainean, gose eta egarri dira gaiaren inguruan. Eta hori beti hasten da interesarekin; interesik gabe, gizakiok ez dugu horretarako astirik, ezta indar fisiko eta mentalik ere.

Zerk eramaten ditu pertsonak konpromiso hori hartzera? Eragina dute familiak, eskolak, inguruneak…?

Uste dut faktorerik erabakigarrienetakoa dela pertsonei erantzun zehatzik ez duten arazoak planteatzea. Eskolan egiten denaren tarte handi bat erantzun zuzena aurkitzera bideratuta dago, eta uste dut umeei galdera asko egiteko aukera eman behar diegula, adimenarekin jolas dezaten… 5 urteko ume talde bat izango banu hemen eta esango banie: «Ordenatu itzazue hemengo aulkiak nahi duzuen bezala», seguruenik erantzun asko izango genituzke. Ez dago aukera bakar bat. Horrek sormena lantzen du asko.

Nolakoa izan behar du, beraz, irakaslearen rolak?

Uste dut irakaslearen rola umeei informazio hutsa emateaz harago doala. Adibidez, istorio bat erdizka utzi behar du eta umeei galdetu zer uste duten pasatuko dela, istorioarentzako amaiera bat asma dezaten eskatu behar die. Esaterako, amaiera zoriontsua idazteko eskatu bati, eta tristea besteari; eta gero, alderantzizkoa egin. Zure adimenak informazioa batu eta pilatu baino gehiago egin ahal izatea eragiten dute horrelako esperientziek.

Sormenari dagokionez, zer garrantzi du ikasteko eta adimena garatzeko prozesuetan? Nola ulertzen duzu zehazki sormen kontzeptua?

Definizio asko daude horri dagokionez, baina nik uste dut besteek ikusiko ez dituzten gauzak ikustea eta besteek galdetuko ez duten hori galdetzea dela, gauza berriak esperimentatzea eta horretan saiatzea. Horrez gain, konbentzionaletik harago joateko gai zarela eta gauzak beste modu batera egiteko gaitasuna baduzula ere esan nahi du.

Eta zergatik da garrantzitsua?

Funtsezkoa da hiru gauzagatik: Lehenik, edozein herrialdetako ekonomia suspertzen duelako. Ideia bat duen pertsona batek industria bat has dezake, Hernry Fordek, adibidez, masa ekoizpenaren ideiarekin egin zuen topo, eta beste guztia historia da. Ideia bakan batek milaka pertsona jar ditzake lanean. Bigarrenik, kulturari egiten zaion ekarpena da, eta horrek gure mundua ederrago bihurtzen du: artelan ederrak ditugu, gure arropen diseinuak ederrak dira, poemak, liburuak… Hirugarrenik, jendeak gustuko du ideien inguruan hitz egitea eta horrek gizartekoitasuna sortzen du. Horretan guztian datza sormenaren garrantzia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.