Protesta

Anjel Lertxundi / 2012-11-13/ 123 hitz

Gerta zitekeen ospakizun familiarren batean, ezkontza batean agian, bazkalondoren dantza egitera irtendakoan. Gerta zitekeen jubilatuen elkarteko bingoan ere, sariren bat ospatzeko dantzan hasitakoan. Baina manifestazio batean gertatu da. Zeren kontra protestatzen zuten, auskalo, oso baitira ugariak eta latzak manifestatzeko motiboak. Kontua da protestaren unerik zalapartatsuenean megafoniak dantzarako dei egin duela. Hau eta hura —denak gazteak— dantza librean hasi dira, eta dantza librean hasi da laurogei urtetik ondo gorako emakume adore handiko bat ere. Gizon bat hurbiltzen zaio, emakumea baino dezentez gazteagoa. Besoa emakumearen sorbaldatik pasatu eta dantza lotuan hasi dira biak:

—Hori sasoia, medikuak lan gutxi zurekin! —diotso gizonak—. Martxa honetan, ehun urte ere harrapatuko dituzu!

Buruari atzera egin, eta emakumeak merezi bezain kopeta beltzez begiratu dio bikotekideari:

—Aizu! Niri mugarik ez jarri!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.