Kempo

Idurre Eskisabel / 2012-11-21 / 164 hitz

Semearekin kezkatuta dabiltzala agertu du parkeko guraso kuadrillan ama batek: 4 urteko mutikoari ez ei zaio futbolean jokatzea gustatzen, eta, ondorioz, lagunek baztertuko duten beldur dira eta konplexuz beteko den kezka dute.

Horrelakoetan egin ohi denez, arazoari garrantzia kentzen saiatu dira biribilera batutako gainerako amak eta aita bakarra: lasai egoteko, oraindik txikiak direla, auskalo, hemendik hilabetera, beharbada, Mourinho baino futbolzaleago izango dela, eta, zer arraio, beste kirol batzuk ere badirela, eta gainera laster eskola-kirolaren bidez hasiko direla horiek probatzen, esku-pilota, adibidez, edo saskibaloia. Gainerakoen aldean seme-alaba hazitxoak dituelako itzal berezia aitortzen dioten superamak hartu du hitza, esperientziaren ahotsa: euren seme zaharrenari 5 urte zituenerako aitak futbolari txarraren tankera hartu ziola, eta horrek eragin ziezaiokeen pairamena arintzeko kempon apuntatu zutela, eta denek dakiten bezala, orain, 11 urterekin, promesa handi bat dela borroka kirol horretan. Gimnasioko telefonoa ere eman dio. Askoz ere lasaiago geratzen dela dio ama kezkatuak.

4 urteko mutikoa, berriz, etxera sartzeko desiratzen dago baloi, pilota eta makilak bistatik galdu eta ipuinen artean murgiltzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude