Depresio ikusezinaren sintomak

Nagore Ares Amaya / 2012-11-21 / 607 hitz

Pilar Puertas psikoanalistaren ustez, gaixotasun beraren espresio ezberdinak dira anorexia eta bulimia. Kasu larrienetan «depresio sintomarik gabeko depresioaren ondorio» direla uste du.

Bulimia eta anorexia, kasu larrienetan, «espresiorik gabeko depresioaren ondorio» direla uste du Pilar Puertas psikoanalista bilbotarrak. 1995. eta 2000. urteen artean, Bilboko Basurtuko ospitalean, gaixo anorexiadun eta bulimiadunen talde terapia proiektu batean parte hartu zuen. Gerora ere, gaixotasun horiek ikertzen eta gaixoak artatzen jarraitu du. Iragan astean, Bilbon hitzaldi bat eman zuen anorexiari eta bulimiari buruz.

Bulimia eta anorexia gaixotasun psikologiko bera azaleratzeko modu bi direla iritzi du: «Gaixotasun depresibo baten bi aurpegiak dira. Bulimian, izaera depresiboa janariaren mendekotasunaren bidez artatzen du gaixoak. Anorexian, berriz, nartzisismoagatik, mendekotasunaren kontra borrokan aritzen da».

Puertasek azaldu duenez, gaixotasun bien oinarrian depresioa dago, baina ez da agerikoa, ezkutukoa baizik: «Lehen haurtzaroan sortutako zerbait dela uste dut, barruan geratzen dena konpondu gabe». Haren iritziz, depresioa gabezia afektibo bati lotuta dago: «Lehenengo lotura emozionalekin du zerikusia». «Gaur egun, arduragabekeria handia dago haziera ohituren inguruan. Hala izanik, batzuetan umeek gabezia asko izaten dute lehen haurtzaroan». Haren ustez, garai horretan, umeek adimena guztiz garaturik ez dutenez, ez dute egoerari aurre egiteko baliabide emozionalik, eta arazoa era ez kontzientean barneratzen dute.

Haurtzaroan sortutako arazo hori, berriz, nerabezaroan azaleratzen da gehienetan. Hala, bulimia eta anorexia adin horretan agertzen dira gehienetan, «eboluzioari dagokionez oso garai hauskorra delako», azaldu du Puertasek. «Aldaketa garaia da, eta aurreko oreka psikiko gabeziaduna desoreka dezake. Nerabezaroa dolu anitzeko garaia da, ume gorputzaren dolua, familiak bizitzaren ardatza izateari uztearen dolua… Aldaketa horiek pertsonaren egitura psikikoan solidotasun handia eskatzen dute. Hori dela eta, nerabezaroa askotan izaten da krisien dekantatze garaia, egituraren sendotasunik eza dela-eta dolu horiek ezin direlako egin».

Batez ere, emakumeetan agertzen den gaixotasuna zergatik den galdetzerakoan, ez du erantzun zehatzik: «Egia da gure gizarteak sortzen dituela eredu batzuk ez direnak osasungarriak», argitu du. «Baina kasu larrienetan, haurtzaroko gabezia horiei lotuago dagoela uste dut».

Kasu larrienak depresioari dagozkio, baina gaixotasuna beste «estruktura psikiko» biri ere badagokiela deritzo: «Anorexikoak edo bulimiadunak dira denak, baina ez dute gaixotasun bera. Sintomak eta gaixotasuna bereizi behar ditugu». Hala, batetik, badira nerabezaroa amaituta desagertzen diren patologiak eta baita sexualitatearekin lotutako nahasmendu psikotikoak ere: «Nerabeak ezin du onartu bere gorputza, eta horrek janaria manipulatzera eramaten du. Era horretan, gorputza alda dezake, ume baten gorputza izaten jarraitzeko».

Baina, guztietan «larrienak» depresioak sortutakoak direla deritzo: «Larrienak dira, eta artatzeko zailenak ere bai. Izan ere, besteekin nahasten dira, batez ere histerikoekin». Beste psikologo eta psikoanalista batzuek uste dutenarekin ez dago ados Puertas: «Anorexia edo bulimiaren sintomak dituzten gaixo guztiek ez dute arazorik izan behar euren sexualitateekin».

Mendekotasuna sendagai

Depresioren sintomarik ez duen depresioa da elikadura nahasmenduaren eragilea: «Gaixoa ez da triste sentitzen, ez du tristezia fantasiarik. Deprimiturik dago, baina ez da kontziente. Depresioa agonia eta ezinegon legez azaleratzen da, laguntza eskaera larriak dakartza, mendekotasuna kasurako; hau da, bulimia oldarra».

Bide horretan, «afekzio hutsunea urdailaren hutsune bihurtzen da; afektiboki asetzeko, janariz betetzen dira. Haiengan ere nahasmen handia sortzen du horrek. Badira depresio une jakin batzuk, hozkailua zabaltzera eta jaten hastera eramaten dituztenak. Ezinegona sentitzen dute, eta horri aurre egin behar diote. Bulimiadunak janariaren bidez artatzen du bere desosegua, erdeinagarria zaion sendagaia da, eta botaka egin beharko du, bere gorputza deformatuko den beldur. Kontrol faltak norberaren inguruko irudi txarra areagotzen du, eta horrek depresio sentimendua eta buruestimuaren zauriak handiagotzen ditu», azaldu du.

«Anorexikoek, gaixotasun bera izanik ere, euren mendekotasunaren kontrako borroka eta euren garaipenari lotutako buruestimua dute. Hobeto sentitzen dira beren mendekotasunari aurre eginez, baina janari irrika dute. Mendekotasunari aurre egitea haien gurutzada pertsonala da».

Era horretako depresioa gaixotasun larria den arren, eritasuna artatzen izan duen esperientziagatik, Puertasek dio bulimia eta anorexia sendatzeko aukera badagoela. Horretarako, baina, behar-beharrezkotzat du mediku eta psikoterapeuten laguntza.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.