Bertol Arrieta: «Gizartearen arauen kontrako bidea hartu dutenak dira protagonistak»

Igor Susaeta / 2012-12-20 / 817 hitz

«Ilunak, eroak…». Bere beste ‘ni’-ak bildu ditu ‘Alter ero’ ipuin liburuan. Aurrejuzgurik gabe eta minak iturri dituela sortuak, horien ordez beste gauza batzuk kontatu ditu, «sotiltasunez».

Istorio faltarik ez daukala dio Bertol Arrietak (Zarautz, Gipuzkoa, 1975). Aita izan da, ordea, eta denbora faltan dabil. Hori dela eta, akordio bat iritsi du bikotekidearekin: astean bi arratsalde ditu idazteko. Beharra sentitzen du. Txikira Beti Hordago! (Erein) lehen ipuin liburua 2004an kaleratu zuen, urte hartako Donostia Hiria lehiaketa irabazi eta gero. Bigarrena, Alter ero (Susa) zortzi kontakizuneko liburua, berriki atera du plazara. 2008an pasatu zien zirriborroa Susako kideei, eta «kritika indartsua» egin zioten. Baztertu zituen ipuinetako batzuk, orraztu zituen beste batzuk, eta sortu zituen berriak. «Kanpotik kritika gogorrak entzunez gero, zeure buruarekin autokritikoagoa izaten ikasten duzu». Hala, iruditzen zaio garrantzitsua dela idatzitakori denbora ematea, «gero zu zeu autokritikoagoa izateko». Sortzeko beharra ez du literaturara mugatzen. Egin izan du argazki erakusketaren bat, eta film laburrekin ere trebatu da. Ofizioz, EHUko Informatika fakultateko irakaslea da.

«Erotu gabe huts-hutsetik hasteko modu bakarra da». Zureak dira hitzok, eta literaturaz ari zara. Idazteak osasuntsu egoten laguntzen al dizu?

Osasuntsu… Bai. Denok dauzkagu gure minak, gure arazoak, eta zenbait gauzari buruz idazteak horiekin hobeto bizitzen laguntzen duela uste dut. Minak edo penak hor geratuko dira, baina horiekin hobeto bizitzen, edo horiek asimilatzen laguntzen dit niri literaturak.

Mina aipatu duzu. Horretatik abiatuta eraiki dituzu ipuinak. Halere, den-denei darie umorea…

Bai, niri ere iruditzen zait umore handiko liburua dela. Gainera, jende askok esan izan duen bezala, minei aurre egiteko modu on bat da umorea.

Istorio hauek sortzen ondo pasatu duzula ondorioztatu al daiteke?

Bai, orokorrean bai.

Nahiz eta minetik sortu.

Bai… Bizitzan presaka gabiltza beti, eta slow life-a egiteko nire territorioa da literatura. Presarik gabe, eta, ahal den heinean behintzat, aurrejuzgurik gabe sudur puntan jartzen zaidana idazten dut. Dena den, istorioak ez dira min horiei buruzkoak; beste gauza batzuk kontatzen dituzte. Orain, egia da azpian minak daudela; kontziente naiz hor min batzuk ditudala. Hortaz, horietan behatza sartzen duzu nolabait, horietan arakatzen duzu, eta prozesua mingarria ere bada. Bietarik dauka prozesuak.

Nahiko modu sotilean kontatu dituzu istorioak.

Hori zen nire helburuetako bat. Garbi nuen zer ez nuen egin nahi. Ertzetik ibili nahi nuen, edo zeharka.

Sartu zara, besteak beste, Sobiet Batasun ohiko atezain heroiko baten larruan. Julio Cortazarren berraragitzea dela dioenaren istorioa ere kontatu duzu. Emakumezko gazteago batekin dabilen unibertsitateko irakasle ezkondua, edo presaren presaz itota bizi den mekanikaria ere izan zara. Zer dute erotik pertsonaia horiek?

Ez dira eroak hitzaren zentzu ohikoenean. Ez dira burutik sano ez daudenak. Gizartearen arauen kontrako bidea hartu dutenak dira. Ikasle batez maitemintzen den irakaslea, adibidez, ez dago ongi ikusita gaur egun gizartean; edo Julio Cortazarren haragian sartzen den gizona. Pertsonaia horiek badute beren ukitu ezberdina. Liburuaren aurkezpenean ere esan nuen nire beste ni ilun edo ero horiek daudela liburuan.

Eta zer sentitzen duzu pertsonaia horiekiko?

Denak ditut gustuko. Ez dut esango nire parte direnik, baina, nolabait, nire parte ukatuak dira; azaleratzea lortu ez dutenak, edo gutxiago azaleratzea lortu dutenak [barrez]! Asko maite ditut.

Askotarikoak dira ipuinak, hainbat estilotan jorratutakoak, baina bakar batean ere ez da dena kontatzen. Zergatik?

Dena kontatzen duten ipuinak atsegin nituen garai batean. Baina badakizu, garai batean gauza batzuk gustuko dituzu, eta bestean beste batzuk. Ez dakit… Dena kontatu behar hori ipuingintzan jada beharrezkoa ez dela iruditzen zait. Are gehiago: beharrezkoa da dena ez kontatzea. Horren aldekoa naiz, orain behintzat. Gauzak modu inplizituan idaztea politagoa da, iradokitzen dena ederragoa delako. Hartara, irakurleari postura aktibo bat eskatzen diozu.

Idatzi aurretik hartutako erabakia izan al da dena ez kontatzearena?

Istorioen arabera jokatu dut. Gauza bat da bukaera uztea airean, eta bestea kontakizunean zehar uztea airean. Biak bilatu ditut, bukaeraren bat edo beste nahiko esplizitua izan arren. Orokorrean, inplizitu geratzen den hori bilatu izan dut, baina idatzi aurretik ez neukan erabaki hori hartuta.

Pertsonok dirudien baino gauza gehiago ezkutatzen ditugula adierazi nahi izan duzula dirudi.

Hori hala da, eta esan dudan bezala, aurrejuzgurik gabe aritzeko eremu ona da literatura niretzat. Bizitzan beti ari gara zuzen, erreprimitzen; egiten, desiratzen edo esaten duguna erreprimitzen. Eta uste dut nire ipuinetan hori islatuta egon daitekeela, bai.

Ba al dago obsesionatzen zaituen gairik?

Obsesionatu baino gehiago, interesatu. Heriotzak, bikote harremanak, desirak, sortzeko beharrak, lan egoera zailen minak…

Kontakizunak osatzeko modu bisualaren aldeko hautua egin duzu, zinemaren eraginez. Carlos Sorin, Aki Kaurismaki eta Jim Jarmusch zuzendariak dituzu gogoko, adibidez. Zer eskaintzen dizute idazterakoan?

Harkaitz Canok uste dut esaten zuela literaturak eskaini behar duela zinemak eskaintzen ez duena. Ez dakit… Uste dut kontrakoa egin dudala… Zinemak eskaintzen ez duena adierazteko, pertsonaien barne gogoetak eta beste egin behar dituzu. Nik kontrakoa egin dut. Kontziente naiz. Egin dut, batetik, zinema asko gustatzen zaidalako eta eragina nabarmena delako. Eta bestetik, lehenago aipatu dugun sotiltasuna lortzeko. Orduan, pertsonaia baten larruan jartzen bazara, eta bere burutazioak kontatzen badituzu, zailagoa da inplizitua izatea, zailagoa sotila izatea. Sotiltasun hori kontatzeko modurik egokiena gertaerak narratzea dela iruditzen zait. Hori interesatzen zait orain. Hortaz, zinemaren egitura ondo datorkit.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.