Geokokapenaren erabilpenak

Aitor Aretxaga / 2012-12-05 / 776 hitz

Norbera non dagoen zehazteko gaitasuna da telefono berriei ‘adimendunak’ deitzeko arrazoietariko bat. ‘Smartphone’ edo telefono adimendunetan, era askotako aplikazioek darabilte seinale hori; baina benetako etekina sare sozialek ateratzen diote egun geokokapenari.

Azken belaunaldiko telefono eta tabletetan ezinbesteko ezaugarri bihurtu da GPS osagarria dagoeneko; eta, jada, aspaldiko kontua da sakelakotik lekuak partekatzeak harridura sortzea. Hala ere, aplikazio gehienek gaitasun hori zehazten duten arren, askok oraindik ez dakite etekina ateratzen. Teknologia horri eman dakiokeen erabilpena ezagutu gabe, ulergarria da une oro geokokatuta egotearen inguruan zalantzak sortzea. Egunerokoan iraultza handirik igarri ez arren, badira geokokapenari etekin eskerga ateratzen diotenak; izan diren lekuak mapan markatuta nahiz besteek utzitako seinaleak jasota.

Bidaiatzeko lekuen gida

Ahoz ahokoa bezalakorik ez omen dago, eta bidaiariak dira lehenak besteek idatzitako gomendioez baliatzen eta jomuga aukeratzeko iturritzat erabiltzen. Minube aplikazioa (http://www. minube.com/) baliagarria suerta daiteke urrutiko txokoen berri izateko. Garai bateko patrikako gidak alde batera utzi,eta norbere telefonoa erabil daiteke gidatzat, telefono bakoitzari dagokion bertsioa deskargatu, eta informazio turistiko eskerga jaso daiteke: bazkaltzeko lekuak, ostatu eskuragarriak, Internet sarbideak edota bestelako leku interesgarriei buruzko datu faltarik ez da izango. Hainbat eta hainbat bidaiariren iritziak esku-ahurrean biltzen dituen aplikazioa da Minube. Nabigatzailearekin integratuta egonik, guztia aplikazio beretik kudeatu daiteke: bidaia prestatzeko orduan baliagarri direnak lehendabizi; ondoren, helburura iristeko jarraibideak jasotzeko ere balioko du; eta, azkenik, lekuko gida interaktibo bihurtuko da. Gainera, bidaiari berriekin iruzkinak partekatu, eta sakelakotik ateratako lekuen argazkiak igotzeko ere balio du. Minube eskuragarri dago Nokia, iPhone, Android eta Windows Phonentzat.

Urrutira joan gabe ere, litekeena da gauden lekutik gertu dauden negozioen berri jaso nahi izatea. Beste behin ere, erabiltzaileek utzitako informazioa erabil daiteke iturri fidagarri gisa: Foursquare aplikazioko Tips zerbitzuak, kasu, gertu dauden negozioen eta jatetxeen berri emango digu, haiei buruz utzitako iruzkinetan oinarrituta.

Egondako lekuen gordailua

Egondako lekuak gordeta edukitzeak badauka abantailarik: lekuaren ezaugarriak eramango dira hurrengo baterako aldean, edo beste bati koordenatuen berri nahiz beste daturen bat eman ahalko zaio, eta abar. Izan ere, egungo telefonoek ateratzen dituzten argazkiek, irudiarekin batera gordetzen dituzten metadatuei esker, informazio hori eta gehiago jasotzen dute. Hala, mapa gainean adierazitako iltze gorriei esker erakusten dute argazki bakoitza atera den lekua, nahi izanez gero, berriz ere nabigatzailearen bitartez irudiaren lekura eramateko aginduz telefonoari. Hori bide bat da, baina Foursquaretik hasi eta Minubetik pasata, aplikazio asko daude merkatuan horrelakoak egin ditzaketenak, bakoitzak bere berezitasunekin.

Facebookek berak ere, geolokalizatzeko aukera ematen du, norbere historikoa jasoz hodeian: argitalpen berri bat bidaltzeko garaian, uneko kokapenaren berri eman daiteke, edo Check in aukera eman, eta zuzenean adierazi norbera non dagoen. Konfiguratzen den eraren arabera, informazio hori publikoa edo pribatua izan daiteke. Horretarako, norbere profileko Jardueren Erregistroa atalera zuzendu beharko da; bertan, eskuinean, goialdean dagoen beherako menua zanpatu eta Posts with Location aukeratzen bada, geokokaturik egindako bidalketen erregistroa ikusi ahalko da; noiz egin ziren eta nondik. Ondoren, horietako bakoitza aukeratu, eta irudi nahiz iruzkinak gehitu daitezke; nahieran, pribatutasuna ere aldatuz. Aukera galanta, egondako lekuen oharrak eta bestelakoak gordetzeko, hortaz.

Google+ barnean, Latitude edo Googleren checkin zerbitzua txertatu ostetik, Lekuen Historialera joan eta erregistroa baimendu daiteke. Zerbitzu hori ikusgarriagoa da: Googlen mapen erabilerari esker ikuspegi zabalagoa erakusten baitu —satelite edo mapa arrunt gisa— egondako lekuen berri emateko, datak adieraziz bakoitzean eta 30 eguneko tartea erakutsiz.

Fourquarek ez dauka modurik mapa batean zuzenean checkin guztiak adierazteko, baina bidezidor bat erabil daiteke gabezia hori saihesteko: Google mapak erabiltzea berriz ere, alegia. Aplikazioko Feeds orrira zuzendu, kopiatu KML izeneko feeda, eta Google Mapseko bilaketa laukian itsatsi ondoren, mapan ageriko da informazio guztia.

Gogoan izan esteka horrekin kontua izan behar dela, horrekin bakoitzaren checkin guztietara sarbidea lortzeaz gain, etorkizunekoak ere zelatatzeko giltza lor baitezake edonork. Foursquarekin jarraituz, bitxikeria bat aipa daiteke: egondako lekuen zerrendak osatzea. Ezaugarri horri esker, gustuko txokoak sailkatu eta gogoratu ahalko dira instant batean; eta noizbait itzultzeko gogoa etorriz gero, mapan ageriko dira goratuta. Horretaz gain, zerrendak aukera ona dira bisitatu nahi diren lekuak aintzat hartzeko, aisialdirako denbora dagoenean.

Foursquare, Minube eta esandako aukerez gain, aplikazio ugari dago geokokapena erabiliz leku ederrak bilatu eta informazioa eskuratzeko: AroundMe, LocalEats eta TripAdvisor dira ezagunetariko batzuk. Ondoren, sare sozialei jarraipena emanez, Twitterrek eta Instagram aplikazioek ere geokokatzeko aukera ematen dutela ezin ahaztu.

Geolokalizazioak, pribatutasunarekin topo

Entzutetsua izan zen Appleren auzia, geolokalizazioari egin zion ezkutuko erabilpena dela eta. 2011ko udazken bueltan azaleratu zen albistea: ordura arte azaldu ez zuten informazio eskerga pilatzen zuten iPhone guztiek, gailua egondako leku guztien erregistroa gordetzen baitzuen lehentasunez ordenagailuan, iTunes bidez. Gero, ibilbidearen informazio hori Applera itzultzen zen; batek daki zein helbururekin edota zein agentziari uzteko.

Hori zuzendu, eta ondorengo eguneraketetan ezaugarri hori erabiltzaileak abiarazi edo bertan behera uzteko aukera jarri zuten. Dena dela, kontua honetan datza: geokokapenaren abantailak anitz dira, baina gogoan izan dezala darabilenak buru gainean daramala —mapan balitz bezala— gezi gorria itsatsita noranahi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude