Itxaso Araquek printzipioei eusteko zailtasunak islatu ditu lehen eleberrian

Juan Luis Zabala / 2012-12-21 / 407 hitz

Augustin Zubikarai bekaren laguntzaz, hiru istorio txandakatuz osatu du ‘Damutzen ez direnak’

Gazte garaian onartu eta bereganatutako printzipioak kolokan dituzten 30 urte inguruko hiru pertsonaiaren istorioak batuz osatu du Itxaso Araque Barriusok (Donostia, 1988) bere lehen eleberria, Damutzen ez direnak (Elkar). Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatutako Augustin Zubikarai bekaren bigarren deialdia irabazi zuen iaz Araquek nobela hori idazteko egitasmoarekin; beka horren lehen deialdia Joxean Agirrek irabazi zuen, Zwei Frauen (bi emakume) idazteko egitasmoarekin.

Hiru istoriok osatzen duten nobela bat da Damutzen ez direnak, egileak azaldu duenez. «Istorio bakoitza leku batean gertatzen da; bata Berlinen, bestea Londresen eta bestea Bartzelonan, baina beste hiri batzuk ere agertzen dira. Hiru istorioetako bakoitzak pertsonaia nagusi bat du, eta hiru pertsonaia horiek ez dute zerikusirik batak bestearekin. «Baina bat egiten dute zerbaitetan: 30 urteen bueltan daude, gaztetan izan zituzten printzipioak kinkan dituzte, eta ez dakite aurrera edo atzera egin behar duten printzipio horiei eusteko».

Berlin, Londres eta Bartzelonan kokatu beharrean, nobelako istorioak Euskal Herriko beste horrenbeste hiritan ere koka zitzakeela uste du Araquek; horrek ez zuela funtsezko aldaketarik eragingo. Bere bizipenek eraman dute, batez ere, fikzioa hiri horietan kokatzera, ondo ezagutzen dituen hiriak direlako. «Hiriek badaukate zerikusirik pertsonaiekin, baina ez dira funtsezko elementuak; bigarren planoan geratzen dira».

Stuart, Andreas eta Naroa

Londresen kokatutako istorioko pertsonaia nagusia, Stuart, Goldman Sachs inbertsio bankuko exekutiboa da, gorakako ibilbidea egiten ari dena; goi finantzen munduaren ustelkeria agerian uzten badu ere, ez da hori kontakizunaren gai nagusia, egileak azaldu duenez. Berlingo narrazioko pertsonaia nagusiak, Andreasek, Bauhaus arkitektura eskolaren printzipio nagusietan oinarritutako eskola garaikide bat sortzea izan zuen gaztetako amets; arkitektura sozial baten aldekoa da, eta oso kritikoa Berlinek denbora gutxian izan duen itxuraldaketarekin, gentrifikazio nabarmen eta gupidagabearekin. Bartzelonan kokatutako istorioak Naroa du ardatz nagusi, neska gazte donostiar bat; mutil-lagunarekin jarraitu edo ez zalantzan dabil, idazle batek pizten dion kilika intelektual eta sentsuala dela eta; egungo gizartean harremanak «behar bezala mantentzea» zein zaila den erakusten duen narrazioa da Naroa protagonista duena. Nobelak 24 kapitulu ditu, eta kapitulu bakoitzaren barruan elkarrekin txandakatuz doaz hiru istorioetako pasarteak.

Pertsonaien hutsune existentzialarekin batera, harreman afektibo eta sexualekin gustura sentitzeko dituzten arazoak ere ageri dira liburuan. «Iruditzen zait harreman sexualak harreman afektiboen epizentroan daudela», adierazi du Araquek. «Harreman oro sexualizatu dugula iruditzen zait. Eleberriko pertsonaiek sexuarekin duten harremana gai garrantzitsua da, dela gehiegikeria, ezintasuna, bestelakotasuna… Alde horretatik, egun sexualizazioa hutsune existentzialaren parte dela esango nuke».

Haren aurreneko eleberria ez ezik, Itxaso Araquek argitara emandako aurreneko literatur lana ere bada Damutzen ez direnak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.