Kirmen Uribe: «Berridazketak egiten du liburu bat on edo txar»

Gorka Erostarbe / 2012-12-01 / 677 hitz

‘Bilbao-New York-Bilbao’ atera eta lau urtera kaleratu du ‘Mussche’, bigarren nobela; historia eta oroimena lantzen ditu bertan.
Errealitatetik abiatuta, fikzioa sortu du, eta pertsonaien lanketan arreta berezia jarri du.

Aurreko nobelak, Bilbao-New-York-Bilbao-k (Elkar, 2008) hautsak harrotu zituen. Denetariko iritziak eragin zituen, oso kritika onak, onak eta txarrak jaso zituen. Horregatik, jendeak galdetu omen dio ea presiorik sentitu duen Mussche lan berria idazterakoan. Eta ezetz, berak. Askoz ere presio handiagoa sentitu zuela lehena idaztean. «Oso asebeterik nator. Sentipen onekin. Konforme nago liburuarekin. Ez daukat gatazkarik, deserosotasunik». Erraz ez, lana egin behar izan duelako, baina «barnetik, oso modu organikoan» jaio zaio nobela.

Hain erraz atera zaio eze, bi hilabetean idatzi zuen istorio osoa. Sausaliton idatzi zuen (Kalifornia, AEB), armadaren base bat izandako egoitza batean, gaur egun artisten egonaldietarako atondua dagoen ostatu batean. Baina ondoren etorri zen lanik arretatsuena, nekosoena. Berridazketa. «Berridazketak egiten du liburu bat on edo txar. Denborak errespetatzeak. Prozesu lasaia izan da, editoreak ere denbora eman baitzidan. Esaldiz esaldi idatzi nuen liburua, musika bat bilatu nahian». Gorka Arrese editorea herenegun ohartu zen liburuak duen musikaltasunaz, ahozkotasunaz. Asteazkenean liburuko pasarte batzuk irakurri zituen Uribek Bilboko Kafe Antzokian, Ander Lipus eta Miren Gaztañaga aktoreen laguntzaz. «Nobelak liburu bezala egingo du bere bidea, dudarik gabe, baina beste bide bat ere egin dezake irakurraldien bidez. Irakurtzeko ez ezik, entzuna izateko liburua baita», zehaztu zuen Arresek atzo, Donostian egindako aurkezpenean. «Pintzelada arin eta inpresionistaz idatzitako nobela» dela esan zuen Arresek.

AEBetan idatzi zuen istorioa Uribek, baina nobelako kokagune nagusia Flandria da. Espainiako eta Bigarren Mundu Gerrako denbora. 1937ko maiatzean abiatzen da nobela, milaka haur Santurtziko portutik erbestera atera dituztenean; haien artean dago Karmentxu, zortzi urteko neskatoa, Flandrian babesa hartuko duena, Gante hirian, Robert Mussche idazlearen etxean. Eta hortik aurrera, Bigarren Mundu Gerraren amaiera arte, kontakizunak gatazka garai zail eta gordinean egingo du aurrera.

Pertsonaia eskuzabalak

Nobela berrian pertsonaiengan txera berezia jarri du Uribek. «Pertsonaiak landu nahi izan ditut gehien. Bilbao-New York-Bilbao laneann pertsonaiak ez zeuden hain landuak». Robert Musschek bi adiskide bihotzeko ditu: Herman Thiery eskolako laguna (Johan Daisne goitizenez poeta eta nobelagilea) eta Vic Opdebeeck emaztea. Euren arteko maitasunak, justizia egarriak eta oroitzapenek osatzen dute nobelaren hezurdura. «Hiru pertsonaien arteko harremanek zedarritzen dute nobela. Nolako harremana zuten gerraren aurretik, nolakoa ondoren. Asko aldatzen baitira gauzak». Hiru pertsonaien ezaugarri edo balioren bat nabarmentzen hasita, «eskuzabaltasuna» nabarmenduko luke Uribek. «Vic emaztea da nik maiteen dudana. Hura da pertsonaia integroena. Pertsonaia interesgarriena, nahiz eta sendoena ez izan, Herman da. Alde asko ditu. Bera da bizirik atera dena gatazkatik. Eta eskuzabala da, gai delako onartzeko laguna idazle hobea dela. Bizirik atera delako, badu erru sentimendu bat. Ahuldadeak dauzka, eta horrek oso interesgarri egiten du». Izan ere, pertsona hauskorrak gogorrak baino nahiago ditu Uribek: «Pertsona hauskorrak, ahuldadeak eta zalantzak dituztenak». Diamantearen eta arkatzaren metafora darabil hori azaltzeko: «Diamantea eta arkatza biak egiten dira karbonoarekin. Diamantea da dagoen mineral gogorrena. Arkatza hauskorra da, eta ez balitz hautsiko, ezingo litzateke idatzi paperean, hautsi egiten delako idazteko orduan. Diamantea baino nahiago dut arkatza». Robert ere eskuzabala da, «oso fidel baitzaio lagunari; ziurragoa eta konprometituagoa da».

Eta eskuzabala izan da Carmen Mussche ere Uriberekin. Robert Musscheren alaba bizi da gaur egun. 70 urte inguru dauzka. Espainiako gerra zela-eta atzerriratu beharrean izan ziren Euskal Herriko haurren istorioak erakarrita iritsi zen harenganaino, Julio Flor kazetariak bideratuta. «Oso atsegina izan zen nirekin. Erakutsi zizkidan aitaren liburutegia, paperak, gauzak, erakutsi zidan Gante…». Baina batez ere Carmen Musschek emaniko aholku batek erakarri zuen Uriberen arreta: «Jende asko joan zaio aitaren arrastoaren peskizan, eta denak biografia lan bat egin nahian. Esan zidan nahiago zuela aitaren istorioarekin zerbait sortzea, nobela bat idaztea». Eta halaxe egin du Uribek, pertsonaia errealetatik abiatuta istorio fiktizio bat sortu du. «Ez nuke esango asmatu egin dudanik, nahiago dut imajinatu egin dudala esatea. Baten batek galdetuko du zergatik jartzen diodan muga hori neure buruari. Nik uste dut alegiazko pertsonaietatik abiatuta ez nuela libertate handiagoa izango».

Haurrak eta gerra tartean egonda «sentimentalismoan eta paternalismoan» erortzeko arriskuari itzuri egitea izan du langintzetako bat egileak. «Baina niri interesatzen zitzaidan, batez ere, haur horiek nork jasotzen zituen. Nor zegoen euskaldunok laguntzeko prest. Zein zen euskaldunen beste etxea».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.