Semearen begietatik

Iratxe Esnaola / 2012-12-16 / 456 hitz

  • Izenburua: Sukkwan irla
  • Egilea: David Vann.
  • Itzultzailea: Juanjo Olasagarre
  • Argitaletxea: Denonartean

Berez dakar tentsio narratiboa bi pertsona uharte huts batean paratzeak, are gehiago aita-semeak badira eta aita amagandik dibortziatua badago eta semearekin ikasturte bat isolaturik pasatzeko ideia bitxia izan badu. Bakartze istorioak maite dituztenentzat eleberri aproposa hauxe, aratz egitura narratiboan, dosifikatu itoaldiak sortzerakoan. David Vann-ek (Adak irla, Alsaka, AEB, 1966) mundu mailako arrakasta lortu du obra honi esker, Ernest Hemingwayrekin alderatu dute, eta hori guzti hori gutxi balitz, istorio lazgarri eta bortitz honetan zertzelada autobiografikoak direla aitortu du irakurlegoaren eraginez. Egiazko bizitzan Vann-en aitak Alaskako uharte batera berarekin urtebetez bizitzera joateko eskatu zionean ezetz erantzun zuen mutikoak. Bi aste beranduago bere buruaz beste egin zuen aitak. Istorio honen bitartez aitaren proposamenari baietz esan dio Vann-ek urte mordoa geroago, eta haren irudia ulertzeko fabula luze bat osatu du. Sukkwan Alaska hego-ekialdean kokatutako uharte biztanlez hustua da, alde batean Ozeano Barea, eta bestean, Bearing-eko itsasartea. Jim aitak lana eta etxea utzi eta borda bat erosi du bertan. Bi asterako jana, bi errifle, errebolber bat, eta pistola bat lagun dituzte. Arrantzatik, ehizatik eta lurrak emandakotik bizitzeko asmoa. Honaino abenturazaleen eleberri zantzuak. Jarraian, beldurrezko istorioarenak. Zailtasunak eta oztopoak agertu orduko (janari urritasuna, piztien arriskua, hotza …) aitak ez daki lehentasunak zerrendatzen eta guztia da inprobisazio. Irakurleak ezinegon amata ezina sentitzen du eta instintuz daki parte txarreko zerbait badatorrela. Baina hori azala besterik ez da, dekoratua, Alaskako natura basatian txertatua. Helburua aita batek seme batekiko izan duen ardura faltak zer kalte ustekabeko bezain lazgarri ekar ditzakeen kontatzea da.

Lehen zatian narratzailea Roy semearen baitan sartzen da. 13 urte ditu Royk eta aitak bere buruaz beste egingo duela susmatzen du. Aita bere buruaren kontrola galtzen doa, apurka. Batean, tiroka hasi zaio teilatuari. Hurrena, basora joan eta semea bakarrik utzi du. Semearen bizkarrean pausatzen ditu bere damuak, ezinak, eta hark ezin inora ihes egin, haserrez, beldurrez, gorrotoz baina uhartean preso. Harremana okertuz doa eta osagai guztiak artezki antolatu dira eztandaren zain egon gaitezen. Bigarren zatian, narratzailea aitaren baitan sartu eta honen transformazioa deskribatzen du. Zoritxar bat medio aitak uhartea utzi, eta alderrai, naufragio-bidaiari ekingo dio, zeina aitzakia den bere barneko bidaiarako, hau da, bere bizitzaren irakurketa kritikorako. Seme adingabeaganako izan duen ardura faltaz ohartzen da eta bere bizitzaren zentzu faltaz. Errua eta erantzukizuna bere buruari egozten amaitzen du. Ezer behartua gertatu bazait eleberrian, eraldaketa honen muturrekoa izan da, nahiz paisaia ere izan muturreko, eta gertakariak berdin, eta horrek guztiak testuingurua eman, berez, eraldaketari. David Vann-ek aitaren suizidioa interpretatzeko modua bilatu du, nik uste. Haren gogoeta estugarrietara, haren damura eta errura egin du bidea ulertu guran. Merituzkoa norbere zauriari espazioa eta denbora emanda fabula unibertsala burutzea. Deskripzio zoragarriak badira Alaskako lurmuturrez, basoez, zeruez eta urez. Kontakizun zuzen eta konpaktua. Herstura sortzaile bezain galdera sortzailea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.