Tristea baina polita

Imanol Mercero / 2012-12-09 / 192 hitz

  • Izenburua: Hegaztiak
  • Idazleak: Julia Diaz Garrido & Daniel Alvarez Hernandez.
  • Argitaletxea: Pamiela-Kalandraka.

Halaxe esan zuen nire ondoan zegoen irakurleak amaitu genuenean: «Tristea da, baina polita». Oso polita dela esango nuke nik, eta oso tristea ere bai. Formatu handiko liburu honek album irudidunentzako nazioarteko Compostela saria irabazi du, 2012ko bosgarren aldi honetan. Lana aho batez saritu dute, eta hau azpimarratu behar da: 256 proposamenen artean aukeratu baitute.

Irudiak txundigarriak dira, indar handikoak, ikatz-ziriz zuri-beltzean eginak, paper lodiaren zakartasuna agerian dutelarik. Irudietan hegazti antropomorfoak proposatzen dira, giza-itxurakoak eta gizakiarena egiten. Gizakiarena egite hori baita, funtsean, obraren mezua eta ondorengo hausnarketa: gure espeziearen ibilbide historikoa errepasatzea, izandako aurrerapen eta kontraesanak agerian utzita, indarra tonu mingarriko kritika batean jarrita.

Irudi eskasia nabari den bezala, testua ere oso laburra da, seguruenik laburregia lanari darion mezua taxuz adierazteko, eta irakurlearen konplizitatea eskatzen du, abiatutako diskurtsoari falta zaizkion argudioak gehitu eta eskainitakoei jarraibidea eransteko. Hain zuzen hori baita liburu honek duen arrisku handiena, haur literatura delakoan, haur bati kontatzen hastea eta erdibidean konturatzea bizitzari buruzko gakoak mahai gainean jarri gabe zaila dela amaitzea, eta are zailagoa haiez hitz egitea haurra zapuztu gabe. Onena, bakoitzak bere ondorioak isiltasunean ateratzea, ezta?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.