Castillo Suarez, idazlea: «Egia da idazteak min egiten duela, baina ez da egia osoa»

Iñigo Astiz / 2013-01-15 / 889 hitz

‘Souvenir’ izeneko poema liburua kaleratu ostean, hura baino hoberik idatzi ezean ezer ez argitaratzea erabaki zuen Castillo Suarezek, eta, lau urteren ondoren, ‘Urtebetetze festa’ eman du argitara. Dramatismorik gabeko bakardadeari buruzko liburua da, dioenez.

Kartesiarra dela esan omen diote inoiz, eta ez da okerra deskribapena. Ordenatuak ditu liburuak apaletan, ordenatuak gauzak etxeko lan mahaian, eta ordenatuak baita ordenagailuko dokumentuak ere; bakoitza bere karpetan. Gutxi du kaosetik Castillo Suarezen sorkuntzak (Altsasu, 1976). Euskal poetarik emankorrenetariko bat da, baina ez zaio gustatzen hitzekin luzamendutan ibiltzea. Tentuz hautatzen du hitz bakoitza, eta doitu egin du teknika urteekin. Duela lau urte kaleratu zuen Souvenir izeneko poema bilduma, eta mugarri bat izan zela dio. Hura baino liburu hoberik idatzi ezean ez zuela ezer argitaratuko erabaki zuen. Duela lau urte izan zen hori, eta Urtebetetze festa (Elkar) kaleratu du orain. «Ziklo bat itxi dudala uste dut».

Errezitaldi bat egingo du otsailaren 15ean Donostian, Koldo Mitxelena liburutegian, Borja Estankona musikariarekin.

Testuek badute baretasun bat, baina sortze prozesua oso azkarra izan da. Bi hilabetean idatzi duzu.

Oso sistema bitxia izan da. Nik konpromiso bat neukan Garazi Kamiorekin egunero poema bat bidaltzeko. Uztailaren 16an hasi nintzen, eta irailaren 22an bukatu nuen. Nik goizez poemak bidali, eta hark gauez erantzun. Berak esaten dit ez esateko hain denbora gutxian egin dudanik. Azkenaldian, badirudi azpimarratu dela idazle batzuek denbora asko hartu dutela liburua idazteko. Horrek ez du liburua hobe egiten.

Eta nola sortu duzu liburua?

Banuen aipu bat aspalditik, Yolanda Castañorena, arrain bakarti bati buruzkoa. Bakarrik dagoen norbaitena, baina, aldi berean, indartsua dena. Ideia hori eman nahi izan dut. Eta beste lau aipu ere banituen gero. Castañorena, bakardadeari buruz; Elena Medelena, idazketari buruz; Xabier Gantzarainena, bizitzari buruz; Iñigo Aranbarrirena, maitasunari eta banatzeari buruz, eta Kerobiaren kanta baten zati bat. Azalaren irudia ere banuen buruan, eta gero joan naiz poemak idazten. Ia kronologikoki ordenatuta daude poemak liburuan ere. Idazten hasi baino lehen, etxean nituen poesia liburu guztiak hartu, eta berriz irakurri nituen, eta keinuz beteta dago. Jose Luis Otamendirenak, Igor Estankonaren Tundra, Leire Bilbaoren Ezkatak, Miriam Reyesenak…

«Idazteak min egiten du», diozu.

Egile batzuek beren arrangura, beren pena, beren ezinegona poema bihurtzen dute. Nolabait ere, nobela fikzioa da, eta poema autobiografia da. Nik ez dut horrela pentsatzen. Noski, norbere arrangurak poema bilaka daitezke, baina bost poema liburu ditut, eta, dena arrangura balitz, jota nengoke. Niretzat idazketa ez da gauza terapeutiko bat. Idazteak min egiten duela bada egiaren puska bat, baina ez egia osoa.

Zeure burua beste batzuetan baino gutxiago agertu duzu. Urrundu egin duzu fokua zugandik.

Gorroto ditut halakoak. Poema liburu batzuk aritzen dira etengabe nitasunetik, eta beti lehen pertsona erabiltzen dute. Nik erabaki dut beste pertsona batzuk erabiltzea. Eta erabaki dut ez izatea ni behatua, baizik eta behatzailea. Estilo ariketa bat egin nahi nuen. Prosa poetikoan idatzi ditut poemak, eta pertsonaren erabilera ezberdina erabiltzeko esperimentua ere egin nahi nuen.

Zergatik prosa poetikoa?

Niretzat erosoena hori da. Elena Medemek dio nahi lukeela haren liburu bat narratiba bilduma batean ateratzea, eta nik ere bai.

Bakardadeari buruzko dramatismorik gabeko liburua da zurea, diozunez. Giza harreman asko agertzen dira, baina harreman horien loturetan jarri beharrean, erlazio horien amildegietan jartzen duzu begia.

«Bikotea bakarrik geratzeko beste modu bat da». Hori dio poema batek, eta hori azpimarratu nahi nuen: neurri batean, bakarrik eraikitzen dugu gure bizitza. Zinemara bakarrik sartzen ikusten dugunarenganako errukia sentitzen dugu, eta horri kontra egin nahi nion. Pena emateko ez dut idazten, eta penak arintzeko ere ez.

Eta zertarako idazten duzu?

Niretzako leiho bat da. Jende asko ezagutu dut idazteari esker. Egile asko ezagutu ditut. Ariketa bat jartzen diozu zeure buruari. Zeure burua behartzen duzu munduari beste begi batzuekin erreparatzera. Jende gehienak ez du idazten. Ez dakit; nik bide hau hautatu dut, hitzarena. Handiago egiten nau, ez alaiago. Indartsuagoa.

«Gerra ez da sekula amaitzen, Urtebetetze festak bezala».

Gatazka etengabe aipatzen da poemetan. Baina gatazka politikoa ez. Gero eta gutxiago interesatzen zaidan kontu bat da, eta horregatik aipatzen da gutxiago. Bestelakoak dira aipatzen ditudanak: zer toki daukazun inguruekiko, nola kokatzen zaren… Etengabea da ariketa hori nigan, eta idazketaren bidez lantzen dut gogoeta hori, eta asmo estetiko batekin lantzen dut. Hitz bat hautatzea edo bestea jartzea, pertsona bat edo bestea hautatzea… Gogoeta eder bat da literatura.

Poetikak & Poemak liburukoa da zure idazkerari buruzko esan hau: «Poesiak ez ditu apaingarriak behar, baina apaingarriak ez daude beti soberan».

Ni saiatzen naiz soberako hitzik egon ez dadin, baina badago hitz bakoitza ongi hautatzeari buruzko gogoeta bat. Ez zaizkit luzamenduak gustatzen, halakoa naiz ni. Hitz gutxikoa naiz, eta garbia. Gainera, administrazioko langilea naiz, eta ezinbestekoa iruditzen zait hori.

Haurtzaroa beti ageri da zure liburuetan. Baita honetan ere.

Ez dut uste haurtzaro penagarria izan dudanik, baina bai iruditzen zait aro hori gutxietsi egiten dugula. Haurtzaroan egiten ditugun gauzak ez ditugu garrantzitsutzat, baina badira. Urtebetetze festa horietan hasten gara markatzen norekin gauden eta norekin ez gauden, zeren gogoratzen gara nork gonbidatzen gintuen, baina, batez ere, nork ez gintuen gonbidatzen. Hor hasten gara kokatzen eta indartsu egiten.

Ezpainetakoak, bikiniak… Badute pisu bat objektu horiek ere liburuan.

Nik ez dut emakumezkoen literaturari buruzko gogoetarik egiten, eta ez dut egin nahi. Ez zait inoiz interesatu. Badabil jendea horretan. Nahi badute, erabil dezatela nire liburua horretarako. Asier Barandiaran ikerlariak euskal gatazkak nafarren literaturan izan duen oihartzunari eskainitako azterketan nire liburu bat aipatu zuen. Nik idaztean ez nuen pentsatzen halako ikerketa batean inoiz aipatuko zutenik. Baina horretan ari direnek segi dezatela; guk emango diegu bazka.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.