Lehen bertsopaperen arrastoan

Juan Luis Zabala / 2013-01-02 / 471 hitz

Antonio Zabalak bildutako 1755 eta 1832 arteko Bilboko Gabon kantak argitaratu dituzte Auspoa sailean.

Antonio Zabalak hil zenean irekita utzi zuen karpeta bat itxiz, Bilboko gabon-kantak (1755-1832) liburua eman du argitara Gipuzkoako Foru Aldundiak Auspoa sailean. Karpeta hori Bilboko hainbat elizatan —San Frantzisko, Santiago, San Bizente Abandokoa…— 1755etik 1832ra bitarte paperean agertutako Gabon kantak bilduz osatua zuen Zabalak. «Hil zenean (2009ko urtarrilaren 2an), haren lanen artean aurkitu genuen Bilboko gabon-kantak (1755-1832) hau, (ia) amaitua eta hitzaurrea ere egina zuela», azaldu du Pello Esnalek liburu oraindik orain argitaratuaren hitzaurrean. «Hitzaurrea noiz egin zuen ere badakigu: 2005. urtean. Izan ere ‘orain berreun eta berrogeita amar urte’ idatzi zuen, 1755ko gabon-kantari buruz». Esnalen ustez, Gabon kanta gehiago jasotzeko aukerak eraman zuen Zabala liburua inprentara eramateko unea atzeratzera. «Jaso ere, jaso zituen, 2008an», ohartarazi du Esnalek. «Hain zuzen, 1803 eta 1830 urteko Gabon kantak dira, Jabier Kalzakortak emanak, oin-ohar eta guzti».

Liburuko material asko 1964rako bildua eta lantzen hasia zuen Antonio Zabalak, Esnalen aburuz, eta oso maiteak zituen Gabon kanta haiek. «Lehenik, hortxe zituelako, 1755ekoan, berak argitaratuko zituen bertsorik zaharrenak; eta, bestalde, horietan ikusten zuelako bertsopaperen sorrera». Antonio Zabalak berak idatzitako hitzaurreko hitz hauek argi erakusten dute hori: «Bertso-papera zera izan zan: bertso-sail idatzia, paperetan inprentatua eta erriz erri zabaldua. Baiña noiz izan zuen asiera? Bearbada Bilboko gabon-kanta auetan. Langintza ori arretaz eta dotore egiten zuten Bizkaiko iriburuko moldiztegi edo inprentak: Jose Basozabal, Jose Antonio Jauregi, Eusebio Larunbe, eta abarrek. Sillutegiak esaten dute berak. Estraiñako bertso-paper oiek Bilboko elizetan banatuko ziran; Santiago, San Frantzisko, eta abarretan. Bertsoak jendeari ezagutarazteko bide egokia zala bereala ikusi zuten bertsolariek, eta makiña bat lan eman zieten andik aurrera sillutegi edo moldiztegiei, bai Bizkaian eta bai Gipuzkoan, bai Naparroan, bai Iparraldean eta bai Arjentina aldean ere».

Kalzakortaren hitz-atzea

Liburua apailatzean, Pello Esnalek eta Jabier Kalzakortak Zabalak utzita bezalaxe kaleratu dute funtsean karpetako materiala, hark idatzi zion hitzaurreari ere lekua eginez. «Gure aldetik, hiru lan besterik ez dugu egin», azaldu du Esnalek: «Batetik, hark sartu gabe utzitako bi Gabon kantak txertatu —1803 eta 1830. urtekoak…—, Jabier Kalzakortak egindako transkripzio eta oharrez. Bestetik, Kalzakortaren beraren hitz-atze beharrezko bezain jakingarria erantsi. Eta, azkenik, Gabon kanten zenbait pleguren argazkiak tartekatu».

Nahiz eta erabat ziur esaterik ez dagoen, liburuan jasotako Gabon kanta askoren egilea Bizenta Mogel izan zelakoan zegoen Zabala, eta iritzi horri eusteko dio Kalzakortak ere. Azkoitian sortu zen Bizenta Mogel, 1882an. Oso gaztea zela umezurtz geratu, eta Markinan bizi zen osabarekin bizitzera joan zen, Joan Antonio Mogel apaiz idazlearekin. Hark euskaraz, gaztelaniaz eta latinez irakurtzen eta idazten irakatsi zion. Ipui onac argitaratu zuen 1804an, gipuzkeraz idatzitako alegiaz osatutako liburua; Esoporen alegiak dira gehienak, latinetik itzuliak edo moldatutakoak.

Antonio Zabalak 1961ean sortu zuen Auspoa saila, eta berak zuzendu eta gidatu zuen urte askoan. Azkeneko urteetan Gipuzkoako Foru Aldundiak hartu du sail horretako liburu berriak argitaratzeko ardura. Bilboko gabon-kantak (1755-1832) Auspoa saileko 324. liburua da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.