Maite Garaigordobil, psikologian katedraduna: «Gurasoen ekonomia eta kultura mailak ez du jarrera antisozialekin zerikusirik»

Nagore Ares Amaya / 2012-12-28 / 558 hitz

Jarrera antisozialek gora egin dute 12 eta 18 urteko gazteen artean; hala baieztatu dute Maite Garaigordobil, Jone Aliri eta Vanesa Martinez Valderrey EHU Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileek. Gazteen jarrera antisozialei buruzko azterlanarekin, ebaluazio psikologikoen ikerlanik onenarentzako Nicolas Seisdedos saria irabazi berri dute. Garaigordobilek azaldu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gazteen %16,6k ohiko jarrera antisozialak dituztela. Ohartarazi du erasoen artean Internet bidezkoek gora egin dutela. EHUn Ebaluazio Psikologikoko katedraduna da Garaigordobil.

Gazteen artean jarrera antisozialek gora egin dutela baieztatu duzue; zer dela-eta gertatu da igoera hori?

Bai; 12 eta 18 urte bitarteko gazteen artean jarrera antisozialen igoera azaleratu du ikerketak. Agerian geratu da horrelako jarrerak dituzten gazteen ehunekoa (%16,6,) nabarmena dela eta beharrezkoa dela jarrera horiei aurre egitea eta sortzen direnetik esku hartzea. Jarrera antisoziala eta bortitza oso jarrera konplexua da, eta horretan eragina duten faktoreak asko dira: besteak beste, biologikoak, kulturalak, familiakoak, eskolakoak eta pertsonalak. Hala, jarrera horiei aurre egiteko, lau ikuspuntutatik egin beharko da esku hartzea: gizartean, familia hezkuntzan, ikastetxeetan eta terapia bidez.

Nola azaleratzen dira jarrera horiek?

Arau sozialak hausten dituen oro da jarrera antisoziala, besteekiko erasoa ere bada. Ikerketan, gazteei galdetu diegu azkeneko urtean horrelako jarrerarik izan duten, hala nola beste pertsonen gauzak apurtu dituzten, leku publikoetakoak, beste pertsonak jo dituzten, eskola justifikaziorik gabe huts egin duten, broma gaiztorik egin duten, lapurtu duten, helduei txarto erantzun dieten eta egin beharrekoak egin dituzten. Gurasoei ere, seme-alaben inguruko antzeko galderak egin dizkiegu.

Zein alde dago egungo gazteen eta aurreko belaunaldietakoen jarrera antisozialen artean?

Jarrera asko berberak dira, besteak beste, bortizkeria fisikoa, hitzezkoa, lapurreta… Ordea, azken urteotan indarkeriarako eredu berriak agertu dira; teknologia berriek horretarako bidea zabaldu dute. Cyberbullying-a, esaterako; ikusi dugu sarean berdinen arteko indarkeriak gora egin duela. Erasotzaile batek edo gehiagok biktimari eraso egiten diote, bideoz grabatu, eta sarean zabaltzen dute. Ume eta gazte askok deskargatzen dituzte gero saretik.

Nesken eta mutilen artean apenas alderik igarri duzuela diozue.

Aldea txikia da; hala ere, adinak gora egin ahala, handituz doa. Hala izanik, 16 eta 18 urte bitarteko mutilengan ohikoagoak dira jarrera bortitzak, adin bereko nesken artean baino.

Ohartzen al dira beren jarreren izaera antisozialaz?

Haietako asko ez dira ohartzen beren jarreraren larritasunaz, ezta eragiten duten minaz ere. Baina badira jokaera horiek nahita eta jakitun egonik dituztenak ere, aurrez pentsatuta eta gaiztakeriaz. Kasu horietan, gehienetan, beste gizakienganako enpatia falta izaten da.

Familien hezkuntza eta ekonomia mailek jarrera horietan eragin zuzenik ez dutela diozue, baina gurasoek seme-alaben hezkuntzan parte hartzea faktore garrantzitsua dela.

Hala da; gurasoen ekonomia eta kultura mailak ez du zerikusirik. Hainbat inguru sozioekonomikotako eta soziokulturaletako gazteen jarrerak aztertu ditugu, eta guztiek zituzten antzeko jarrera antisozialak. Hainbat ikerketak nabarmendu badute ere maila sozioekonomikoak eta soziokulturalak eragina dutela, inguru mesedetuetan bizi diren gazteek ere horrelako jarrerak izan ditzakete. Hala ere, esan beharra dago guk aztertutako inguruak ez direla bazterrekoak.

Bestetik, gurasoen txera eta seme-alaben izaerak onartzea eta haien hezkuntzan parte hartzea, neurriko zigor eta diziplina dosiekin tartekatuta, lagungarri da seme-alaben jarrera sozialentzat. Diziplina handiegia baino askoz ere hobea da hori.

Gehiegizko autoritateak ere jarrera antisozialak indartzen ditu, beraz?

Bai, negatiboa izan daiteke, txeraz eta arduraz laguntzen ez bada. Gehiegizko diziplina eta zigorra darabilten hezkuntza ereduek seme-alaben jarrera antisozialak indartzen dituzte. Gauza bera gertatzen da hezkuntza eredu axolagabeekin, seme-alaben hezkuntzan parte hartze txikia duten gurasoekin.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.