Japonierara itzulitako liburu onenetakotzat jo dute Kirmen Uriberena

Erredakzioa / 2012-12-27 / 268 hitz

Bolañoren ‘2666’ eta Nemirovskyren ‘Suite frantsesa’-ren aurretik kokatu dute ‘Bilbao-New York-Bilbao’

Kirmen Uriberen Bilbao-New York-Bilbao nobela (Elkar, 2008) beste hizkuntza batetik japonierara itzulita 2012an argitaratutako hiru liburu onenen artean dago Mainichi egunkariak argitaratu duen zerrendan, bi idazle errusiarren liburu banarekin batera: Mikhail Xixkin-en Letter Book gutun liburua eta Sholem Aleichem-en Tevye nobela. Roberto Bolañoren 2666 eta Irene Nemirovskyren Suite frantsesa nobelen itzulpenak ere liburu onenen zerrendan sartu ditu Mainichi-k, baina aurretik aipatutako hiru horien atzetik.

Nami Kanekok itzuli zuen japonierara Bilbao-New York-Bilbao, euskaratik zuzenean, eta Hakusui Sha argitaletxeak argitaratu du haren lana, aurten. Bernardo Atxagaren Obabakoak irakurri zuenean sortu zitzaion euskararekiko interesa eta lilura Kanekori, duela zortzi urte, eta orduan hasi zen euskara ikasten.

«Bilbao-New York-Bilbao liburuaren itzulpen prozesuan kointzidentzia asko gertatu izan zaizkit, eta hori oso interesgarria da, liburu horretan ere kointzidentziak indar handia dauka eta», azaldu zion Kanekok EuskalKultura.com argitalpen digitalari duela hilabete, Uribek eta biek liburua Japonian aurkeztu zutenean. «Asko harritu ninduen argitaletxearen erabakiak, oso azkarra izateaz gain, niretzat ustekabekoa izan zelako euskal idazle baten nobela Hakusui Sha argitaletxe ospetsu batek hartzea. Gainera liburu osoa itzultzea, eta euskaratik… lehen aldia izan da niretzat. Baina nobela horrekiko maitasunagatik egin dut, hemengo irakurleek ezagut dezaten».

Bilbao-New York-Bilbao japoniarrek ondo ulertzeko moduko eleberria dela uste du Kanekok, aipatu elkarrizketan dioenez: «Japonia Euskal Herritik urrun dago geografikoki, baina mundu berean bizi garela konturatzen gara japoniarrok nobela hori irakurriz. Guk ere itsasoari lotutako kultura daukagu, gure herrian ere desagertzen ari dira mundu eta hitz zaharrak, gure aitona-amonek gerra bizi izan zuten… Uriberen nobelak horrelako gauzez gogoeta eginarazten digu, eta oso ederra da hori, literaturaren bidez komunikazio berri bat sortzen delako».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.