Mantal zuririk gabeko ikerketa

Etor Telleria / 2012-12-29 / 536 hitz

Euskal Herria ikerketan inbertitzen dakien herrialdea dela saldu izan digute beti, teknologia parke entzutetsuak dauzkagu Miramonen, Miñanon eta Zamudion, eta izen handiko erakundeak: Ikerbasque, Neiker Tecnalia eta Donostia International Physics Center (DYPC) eta antzeko sona handiko guneen oihartzunekin. Hitz larriegiak egiten zaizkigu, are gehiago ingelesez badira, eta I+G+B gehiketak erabiliz gero. Denak ere maila goreneko ikerlarien bilguneak dira.

Baina zein ikerketatan inbertitzen den galdetu beharko genioke geure buruari, eta galderaren haritik datoz burura mantal zuridun pertsonen irudiak, eta neutroiak eta protoiak jira-bueltaka, pipetak, makina robotizatuak eta ETBko Tekonopolis saioak gogoz sustatzen dituen ikerlari berritzaile gazteak, eta abar. Ikerlariak, ordea, arlo guztietan daude, eta badirudi mikroskopiorik eta puntako teknologiarik ez badago tartean ez dagoela ikerketarik. Behar baino ordu gehiago sartzen dituen zientzialaria, bere ogibide informatizatu edo mikroskopiodun horretan, jenio saiatu bat da. Arte, historia eta filologiako liburutzar horituetan orduak sartzen dituena, berriz, bokaziozko ikerlari sufritu bat… Zientzien eta letren arteko aurkakotasun klasikoa, ez naiz gutxiagotasun-konplexuan erori zale, izan ere batak bestearen beharra baitu, «zurekin ez, baina zu gabe ere ez» moduko harremanean.

Pertzepzio pertsonala baino zerbait gehiago dela erakustearren, Eustaten datuetan arakatu dut, eta 2011n, esaterako, 17.000 ikerlari dauzkate zenbatuta ingeniaritza eta teknologia alorrean; zientzia sozialetan eta humanitateetan, aldiz, 1.900. Badirudi garapen ekonomikoa (gaur egun kontzeptu hain higatua) industria eta azpiegituren munduan inbertituz datorrela eta askoz interesgarriagoa dela lantegi astun baterako makina ultramoderno bat diseinatzea, eta ez Gerra Aurreko Lizardiren herri poesiaren semantika aztertzea. Badakit guztiontzat dagoela lekua gizartean eta alor guztietan behar dela ikertu eta hobetu, baino non dago oreka? Zein aldetara egiten du balantzak? Kultura sortzen duten diziplinen aldera ez, behintzat.

Ikerketa ordainduaren bidea ez da erraza, bekarik edo diru-laguntzarik ez badago tartean, zaila baita bokazioz soilik horrelakoetan sartzea, etxeko hozkailua erdi beteta ikusi nahi badugu, behintzat, eta ez (erdi) hutsik.

Bekadun izatearen dilema, «bekario-prekario»-aren gurutzea, gai jakin baten inguruan buru-belarri sartzearen, isolatzearen eta onarpen akademiko apur bat lortu nahiaren gaitza: gustuko gaiaren inguruan askatasunez jardun eta horregatik ordaindua izatearen pribilegioarekiko gatazkan. Ez ordutegirik, ez soldata duinik, hazia erein eta gerora uzta jasoko den esperantza urrunekoa gertatzen da. Lizentziatu berri askoren ametsa da doktoretza beka, eta gero eta diru gutxiago bideratzen da ikerketa beketara, mundu akademikoa eta unibertsitarioa ere jasaten ari diren diru mozketak direla medio. Doktoretza aurreko beken ostean, doktorego ostekoak datoz, edota fundazio entzutetsu eta zientifiko batean sartzea… baino nago, hori ez ote den obulura lehenbizi iristen den espermatozoidearen karrera: azkarrenak soilik lortu ahal duela, alegia.

Eta hor ditugu, doktore gazte askoak, bizi osoan unibertsitatearen burbuilan lan-ikasian pasatu, titulua lortu eta lan mundurako saltoa nola eman jakin ezinda. Posible da ikerlaria izatea ogibidez bekadun izan gabe, edo unibertsitateko irakaslea izan gabe? Prestigiozko zentroren batek hartuko zaitu agian, baina agian soilik, doktore asko baitago irakaskuntzan sartzeko gogoz, oraindik aktiboan dauden unibertsitateko irakasleak ordezkatzeko zain. Baina ba al dago beharrik? Hainbeste doktore jasotzeko gaitasunik ba al du unibertsitateak? Berrelikadurarik ba al dago? Kanpotik egiten ditudan galderak baino ez dira.

Halaber, kanpotik ikusten dudana da ikerlari gazteak gero eta dinamikoagoak direla, elkarren artean komunikazio gehiago dagoela informazioaren transmisio erraz eta azkarraren garaiotan antzeko gaiak jorratzen dituztenen eta antzeko egoeran daudenen berri jakitea gauza handia baita. Dituzten hainbat uztarrietatik askeago dabiltza; oso jakitun dira, gainera, zein den euren lekua mantal zurien edo mantal zuririk gabekoen munduan. Bejondeizuela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.