Osasuna eta askatasuna

Idoia Etxeberria / 2013-01-24 / hitz

Askatasuna. Zein hitz ederra. Zorionerako atea dela pentsatu izan dugu beti. Aukeratzeko libre izatea. Norbera izateko. Osasuna eta askatasuna. Besterik ez dugula behar pozik bizitzeko.

Eta egia da. Baina galbidea ere izan daiteke. Aukera gehiegi izateak nora eza dakar. Zer jantzi. Zer ikasi. Zer jan. Non erosi. Norekin egon. Nora joan. Aukeratzen pasatzen dugu bizitza erdi. Eta okerrena: askotan dugu gaizki aukeratu izanaren sentsazioa. Hori al zen nik behar nuen autoa?

Aukeratu beharrak zalantza dakar. Zalantzak, egonezina. Insatisfakzioa. Iritsi ezinak, estresa. Zenbat aldiz pentsatu duzu bi bizitza beharko zenituzkeela nahi duzun dena egiteko?

Gure aitona-amonak bai. Pozik bizi ziren egunero babarrunak jaten. Kuleroak eta galtzontzilloak astean behin aldatuta. Telebistarik eta dutxarik gabe. Zuten apurrari etekina ateratzen zioten. Orain hobeto bizi gara. Baina zoriontsuago? Gazteak beti kexaka gabiltzala diote adinekoek. Eta arrazoia dute.

Lehen, denbora zuten. Eta giza harremanak ziren ardatza. Orain, lau pertsonatik bat bakarrik sentitzen omen da. Adiskide birtual gehiago ditugu benetakoak baino. Aukera gehiegi izateak oinarrizko gauzak alboratzera garamatza.

Albistegian esan zuten herenegun. Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban 100 urtetik gorako 468 pertsona daude. 400 emakume eta 68 gizonezko. Bizi-itxaropenak igotzen jarraituko ei du. Gutxienez hurrengo bi hamarkadetan. Eta gero?

Zer gertatuko da orain gazteak garenok zahartzean? Nola eragingo dute estresak, depresioak, alkoholak, tabakoak…? Emakume eta gizonen portzentajeak parekatuz joango al dira? Emakumeak atzo goizean hasi ginen tabernetara sartzen. Beharko dugu, bai, genetikoki gizonezkoak baino iraunkorragoak izan.

Osasuna eta askatasuna batzuetan ez dira bateragarriak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.