‘Zaindari ikusezina’ arrakasta baten historia

Juan Luis Zabala / 2013-01-19 / 387 hitz

Dolores Redondo idazle donostiarraren nobela zortzi hizkuntzatara itzuli dute, euskara barne, eta film ere bihurtuko dute.

Barruan kontatzen duenaz gain, bere historia propioa ere badu dagoeneko Dolores Redondoren (Donostia, 1969) El guardián invisible nobelak. Arrakasta harrigarri baten historia. Iazko ekainean hasi zen historia hori, egileak nobelaren idazketa lana amaitu berritan. «Eleberria hainbat agenteri bidali, eta haietako batek irakurtzeko zoria izan nuen», kontatu du idazleak berak. «Normalean ez baitute irakurtzen. Nora bidaltzen ari nintzen ere ez nekien, eta enpresaren administratzaileari bidali nion. Hura ez zela berarentzat jabetu, eta zegokionari bidali zion administratzaileak, agenteari. Agentea, kasualitatez —ezohiko bidetik jaso zuelako—, nobela irakurtzen hasi, eta kateatuta geratu zen, harik eta nobela osoa irakurri zuen arte». Anna Soler-Pont zen agente hura. Berak nobela irakurtzean sentitutako lilura transmititu eta kutsatu egin zuen gero Soler-Pontek, Frankfurteko Liburu Azokan bereziki, iazko urrian, eta harrezkero elur-jausi baten antzera hazi da, etengabe, Redondoren nobelaren oihartzuna.

Bartzelonako Destino argitaletxeak kaleratutako gaztelaniazko jatorrizko argitalpenarekin batera, nobelaren zortzi itzulpen kaleratu dira aste honetan: euskarazkoa, galizierazkoa, katalanezkoa, frantsesezkoa, alemanezkoa, italierazkoa, portugesezkoa eta norvegierazkoa; eta bidean dira beste hainbat hizkuntzatarako itzulpenak. Horrez gain, nobelak kontatutakoa zinemara eramateko eskubideak erosi ditu Peter Nadermann NadCon ekoiztetxeko buruak, Millenium sagako hiru filmen ekoizle nagusiak.

Euskarazko itzulpena Josu Zabaletak egin du, eta Erein argitaletxeak kaleratu, Uzta Gorria sailean, Zaindari ikusezina izenburuarekin. Nobelaren itzulpen guztien artean «zalantza gutxien» sortzen diona euskarazkoa dela adierazi du Redondok. «Oso hemengoak diren kontu batzuk agertzen direnean, euskarazko itzultzaileak badaki zertaz ari naizen, kanpoko itzultzaileek ez bezala», azaldu du. Adibidez, pasarte batean esaten da sanferminetako entzierroa plazan amaitzen dela, eta alemanezko itzultzaileak galdetu zion, posta elektroniko bidez, zein plaza zen hori. «Euskarazko itzultzaileak bazekien, jakina, zezen plaza zela».

Egilearen bigarren eleberria

Aurretik, haurrentzako hainbat narrazioz gain, beste nobela bat zuen argitaratua Redondok: Los privilegios del ángel. Iruñeko Eunate argitaletxeak kaleratu zuen lan hura, 2009an, aparteko oihartzunik gabe. Egileak ez du uste, ordea, lehena bigarrena baino nabarmen kaxkarragoa zenik.

Baztanen girotutako nobela poliziako bat da Zaindari ikusezina. Amaia Salazar detektibeak hilketa baten inguruan egindako ikerketa du ardatz nagusi, baina hala Baztanek nola euskal mitologiak presentzia nabarmena dute kontakizun osoan. Nobelak idazteko indar handiko elementuak iruditzen zaizkio Redondori Baztan eta euskal mitologia; oso maitea du Amaia Salazar detektibea ere. Hirurak uztartzen jarraituko duten beste bi nobela argitaratu eta trilogia osatzeko asmoa du, eta bigarren nobela idatzia du dagoeneko: El legado de los huesos.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.