Zer egin dezakegu minbizia prebenitzeko?

Jabier Agirre / 2013-02-26 / 803 hitz

Bizimodu osasungarria egiteak minbizi-kasuen erdiak edo saihestuko lituzke, adituen ustez. Tabakismoak, gainpisuak, sedentarismoak eta halako faktoreek eragin zuzena dute minbiziaren sorreran.

Osasunaren Munduko Erakundeak (OMEk) dioenez, gainpisua, tabakoaren kontsumoa, fruta eta berdura gutxiko jan-neurria, jarduera fisikorik ez egitea eta gehiegizko alkohol kontsumoa dira minbizia jasateko arrisku-faktorerik garrantzitsuenetakoak. Badira, noski, minbiziaren sorreran kontuan hartu beharreko bestelako arrazoiak ere (genetika, lanbide jakin batzuekin lotutako gai kimikoak, etab.), oraingoz ezezagunak zaizkigun eta etorkizunean argituko diren beste faktore etiologikoak ahaztu gabe. Arrazoi-aniztasun horri begira, gaurkoan gure eguneroko bizimoduan landu ditzakegun kontuak jorratu nahi nituzke, aholku eta gomendio sinple batzuk emateko asmotan.

Dieta oso garrantzitsua da

Minbizien % 35 elikadura desegokiarekin lotuak daude. Koipe gehiegi hartzeak, batetik, eta antioxidatzaileetan aberatsak diren elikagaiak (frutak eta berdurak, batez ere) behar baino gutxiago kontsumitzeak, bestetik, minbizia izateko arriskua gehitu dezakete.

Elikagai kaltegarriak

Haragi koipetsuak eta hestebeteak. Txahalkia, txerrikia, arkume-haragia… gantz saturatu eta kaloria ugariren iturri dira. Horien abusuak obesitatea, trastorno kardiobaskularrak eta tumoreak (kolon, bular eta pankreakoak batez ere) izateko arriskua gehitzen du. Baina janari horien kontsumoa debekatzea gehitxo litzatekeenez, ahalik eta gehien murriztea gomendatzen da: nahikoa da astean behin jatea.

Gozoak. Azukreak eta elikagai azukredunek (opil industrial, gosaritako zereal, txokolate, galleta, esne-postre, karamelu, eta abarrek) odoleko glukosa-maila gehitzen dute. Eta gehiegizko glukosa-mailak tumoreen agerpena errazten du.

Aurrez prestatutako jakiak. Kontserbatzaile, gatz eta koipe saturatu gehiegi edukitzen dituzte normalean, eta gehiegizko dosian faktore kartzinogenotzat har daitezke luzarora.

Patata frijituak eta bestelako aperitiboak (snackak). Produktu horietako gehienek akrilamida daukate, eta ikerketa batzuen arabera, substantzia hori kantzerigenoa izan daiteke.

Gatza. Gehiegizko gatz-kontsumoa urdaileko minbizia izateko arriskuarekin lotzen da, hipertentsioarekin eta beste gaitz batzuekin duen lotura ahaztu gabe.

Frijitutako elikagaiak, edo parrillan egindakoak. Sukaldean aritzeko bi modu horiek gai kantzerigenoak eragiten dituzte (amina heteroziklikoak frijituen kasuan, eta hidrokarburo aromatikoak parrillaren kasuan). Horregatik osasungarriagoa da janariak labean edo plantxan prestatzea.

Janari ketuak. Era horretako elikagaien kontsumoa oso zabaldua dagoen herrialdeetan (Japonian, adibidez) urdaileko minbiziaren intzidentzia handiagoa dela ikusi da.

Elikagai onuragarriak

Frutak eta berdurak.Egunean fruta eta berduren zortzi arrazio hartzea gomendatzen dute adituek, gure osasunarentzat ezinbestekoak diren bitaminak eta mineralak ziurtatzeko. Gainera, antioxidatzailetan aberatsak direnez, minbiziaren zeluletatik babesten gaituzte janari horiek. Puntu horri dagokionez, landare kruziferoak (brokolia, aza, azalorea, …) dira eraginkorrenak.

Fruitu lehorrak eta arrain urdina. Omega 3 gantz-azidoak dituztenez, elikagai horien kontsumoak tumoreak izateko arriskua gutxitzen du.

Oliba-olioa. Azido oleikoak bularreko minbizia izateko arriskutik babesten gaitu.

Kontuan hartu beharreko beste faktore batzuk

Minbiziaren prebentzioan, badira zaindu beharreko beste alderdi batzuk ere. Sarritan ez da erraza izaten prebentzioan egindako ahaleginaren emaitzak epe labur edo ertainera nabarmentzea, baina kasu honetan gure eguneroko bizimoduan aldaketa txikiak egiteak onura ugari ekarriko dizkigu.

Ibili egunero. Egunero ordu-erdiko paseotxo bat emateak hainbat aldetatik lagunduko dizu minbiziaren arriskua gutxitzen: defentsak gehitzearekin batera, estresa gutxituko duzu.

Saihestu gainpisua. Frogatua dago gorputzean koipea pilatzeak tumoreak ugaltzeko posibilitateak gehitzen dituela. Horregatik, kilo batzuk soberan badauzkazu, pixkanaka pisua galtzen saia zaitez, zure ohitura dietetikoak behin betiko aldatuz.

Utzi tabakoa eta gutxitu alkohola. Erretzailea bazara, kontuan hartu beharra daukazu asko direla ohitura horrekin zuzenean lotuak dauden minbiziak (biriketakoa, gibelekoa, urdailekoa, obulutegietakoa, laringekoa…). Tabakoa utziz gero, minbizi-kasu horien % 30 saihestuko liratekeela kalkulatzen dute adituek. Alkoholari dagokionez, berriz, egunero kopa bat baino gehiago hartzeak gorputzarentzat oso kaltegarriak diren toxikoak pilatzea dakar.

Egin itzazu beharrezkoak diren txekeoak. Emakumeak ginekologoarengana joan behar du urtero, edo bi urtean behin bederen, eta espezialistak zitologia bat egingo dio, umetoki-lepoko minbizia prebenitzeko. Horrez gain, 40-45 urtetik aurrera mamografiak egiten hasi beharko luke, bere ginekologoak agintzen dion maiztasunarekin.

Gizonezkoen kasuan, 50 urtetik gora urologoarengana jo beharko lukete urtero edo bi urtez behin, prostata zer-nola dagoen ikusteko.

Koloneko minbiziari dagokionez, 50 urtetik gora, bai gizonezkoek eta baita emakumeek ere kolonoskopia bat egin beharko lukete, edo eginkarietan ezkutuko odola atzemateko proba bestela.

Zaindu zaitez, gorputz-atal guztiei erreparatuz

Arreta-neurri eta gomendio orokorrez gain, badira gorputz-atal jakin batzuetan tumoreen hazkundeari aurrea hartzen lagunduko dizuten neurri espezifikoagoak ere.

Kolon eta ondesteak. Saia zaitez zuntz ugariko eta koipe gutxiko dieta egiten, utzi erretzeari, gutxitu alkohol-kontsumoa eta egizu ariketa fisiko pixka bat egunero. Eta 50 urtetik aurrera, ez ahaztu aldizkako kontrol medikoak.

Bularrean. (Emakumeentzat) Ginekologoak agindutako azterketak txintxo-txintxo egiteaz gain, hilero bularrak miatzen ikastea komeni zaizu. Azalean kolore edo testura aldaketarik agertuz gero, edo koskorren bat, gorritasuna, titiburua barrura sartua ikusiko bazenu, edo besapeetan gongoilak handitu egin zaizkizula irudituz gero, esaiozu ginekologoari.

Urdailean.Garrantzi handikoa da Helicobacter pylori bakterioaren presentzia detektatzea, urdaileko mukosa infektatzen duen bakterio hori eremu horretan tumoreak izateko arriskuarekin lotzen baitute adituek. Behin diagnostikoa egin ondoren, antibiotiko bidezko tratamenduak bakterioa desagerrarazi egingo du, minbizi-arriskua nabarmen murriztuz. Horrez gain, janari ketuen, gatzetan jarritakoen eta industrialki prozesatutako elikagaien kontsumoa mugatu eta murriztea gomendatzen da.

Umetoki-lepoan. Leku horretako minbizi-kasu gehienak giza papiloma birusaren presentziarekin lotuak daude. Kontagioa saihesteko harreman sexualetan, segurtasunik gabekoetan bereziki, preserbatiboa erabiltzea eta adoleszenteen kasuan birusaren kontra txertatzea gomendatzen da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.