Urrezko orrazia

AZALAurrezko.inddEgilea: Gaizka Arostegi
Ilustratzailea: Eider Eibar
Argitaletxea: Elkar
Bilduma: Xaguxar
Urtea: 2012
ISBN: 978-84-9027-018-9
R: 6.879

2012ko Mikel Zarate Saria. 31 atal laburrez eta pastel-koloreko 20 irudi erakargarriz osatutako liburua. Bukaera zoriontsua duen eleberri fantastikoa, pertsonaia arruntak euskal mitologiako pertsonaiekin nahasten dira.

Argumentua: Udazkeneko egun batean, Anton, Julia eta Ainhoa haien arbasoena izandako baserri batera joango dira astebete pasatzera. Sekula ez dira izan baserri horretan. Bertan, Ainhoaren antz handia zuen arbaso baten argazkia aurkituko dute. Ainhoari laguntza eskatzen diola irudituko zaio. Basora joango da eta han izaki mitologikoak aurkituko ditu. Hauetako batzuei laguntzeko, beste batzuei aurre egin beharko die. Azkenean, arbasoaren desioa eta Ainhoarena bete egingo dira.

Egitura: Atalak laburrak dira, eta haietako asko ilustrazioez apainduta ageri dira. Erritmoa nahiko lasaia da, baina 25. ataletik aurrera gauza asko eta oso azkar gertatzen dira, erritmo bizi-bizia hartzen du. Baserria izango da narrazioaren abiapuntua eta jomuga; hasieran, baserrira iritsiko dira lehen aldiz eta hura “ezagutuko” dute, eta bukaeran, etorkizunean baserriarekin zer egingo duten erabakiko dute.

Narratzailea orojakilea da. Pertsonaia nagusia Ainhoa da, hiriko neskato gazte bat; hala ere, oso ausarta da, gauez basoan ibiltzeko inolako oztoporik ez du-eta. Gurasoei buruzko informazio handirik ez du ematen, gaur egungo bikote baten ezaugarriak dituzte. Ez du sakontzen ezaugarri psikologikoetan. Bestalde, Ur izeneko lamia bat, Mari, Torto, ipotxak… ere badira. Denborari dagokionez, astebete iraungo du narrazioak, baina historian atzera egin eta 70 urte lehenago gertatutako pasarte batzuk ere kontatuko ditu. Espazioari dagokionez, baserria eta haren inguruko basoan antolatuta dago kontaketa osoa.

Hizkuntza aldetik, hiztegi aberatsa darabil, esaterako, zohargi edo irtirin bezalako hitzak erabiltzen ditu, baina gramatika akatsak ditu: senar-emaztea ziren (9), ilargi-printzeek (24), orbela artean (46), zer gerta ziezaiokeen (75), alaba bat erdituko zuela (117), ez zeuzkan jaten hasteko batere asmorik (126), txorakeri (161) eta abar.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.