Aurkezpen ikusgarrienak sarean

Aitor Aretxaga / 2013-03-27 / 608 hitz

Aurkezpenak egiteko hainbat lanabes daude sarean erabilgarri. Helburuaren arabera, interesgarriago suertatuko dira batzuk. Batzuk egokiagoak dira argazkien eraskusleiho izateko; beste batzuk, aldiz, txostenak aurkezteko zoragarriak dira.

Aurkezpenak ezinbesteko baliabide dira jakintzaren transmisiorako. Oro har, ikerketa baten emaitzak adierazteko erabiltzen dira. Datu horiek argitzeko balio duten soinu eta irudiak uztartzen dituzten edukiak aurkezten zaizkie ikusleei. Informazioa jaso behar dutenen arreta lortzeko, funtsezkoa izan ohi damultimedia baliabideak erabiltzea. Orain, sareko zerbitzu ugari daude, Powerpoint eta beste hainbat programak baino emaitza hobeak dituzte, horiek zaharkituak uzteraino.

Prezi, aurkezpen ez-linealen erreferentea

Prezi, aurkezpen bikainak egiteko web aplikazio intuitiboa da. Nahi duen orok irudiak, bideoak edota PDF fitxategiak jar ditzake aurkezpenen oinarri gisa erabiltzeko. Hauexek ditu berezitasun nabarmenetakoak: Internetera konektatu gabe aurkeztu ahal izateko fitxategi gisa deskargatu daitezke diapositibak, posta elektronikoz parteka daitezke eta hainbat lagun aurkezpen berarekin elkarlanean ibil daitezke. Zerbitzuak txantiloi ikusgarriak dauzka prest, aurkezpena pertsonalizatzeko erabili nahi dituenarentzat. Inoiz ikusi gabeko aurkezpen zinematografikoak dira emaitza, eta zoom efektua lortzen du, berehala ikusleen arreta lortzeraino. Bideo batean ikusleak bizitzen duen murgilpena lortzen da, aurkezpen xume batean zaila dena lortzen.

Erregistratu beharra dago; bestela, Facebook kontua erabil daiteke. Doako kontuak 100MB-rainoko memoria kuota baimentzen du, nahi diren aurkezpenak sarean gordetzeko. Prezik instalatzeko bertsioak dauzka, hodeian baino lokalean lan egitea nahiago dutenentzat. iOS euskarrientzako aplikazioa Appstore dendan doan deskargatzeko aukera dago, baina ordenagailuko bertsioa 30 egunetako proba mugara lotuta dago. Hartzeko: https://prezi.com/desktop/.

Calameo, aldizkari gisako aurkezpenak

Argitalpen interaktiboak sortu, osatu eta partekatzeko web tresna da Calameo. Osagai gisa, fitxategi mota pila onartzen ditu —PDF, OpenOffice, MS Office, etab.—, eta liburu birtual bat izango balitz bezala irakur litekeen dokumentu bat da prozesuaren emaitza. Hemen ere, erosoena Facebook kontua lotzea da izena emateko.

Jux, argazkiak erakusteko era ikusgarria

Web aplikazio ugari dira erabiltzaileen alderdi sortzaile edo artistikoari etekina atera nahi diotenak, eta JUX horietako bat da. Norbere argazkiak oinarritzat harturik, era askotariko aurkezpen ikusgarriak sortzeko balio du. Izena eman ostean, ondorengo formatuen artean aukeratu behar da: argazki sinplea, bideoa, artikulua, irudi aipamenduna, elementu zerrenda edo aurkezpena. Beste behin ere, nabarmentzekoa da gunea erabiltzeko erraztasuna. Sekulako lan itxurosoak lortzen dira denbora motzean. Irudiak kargatzeko, aldiz, norbere ordenagailua, URL Internet helbide bat, zein Facebook, Flickr nahiz Instagram izango dira iturriak. HTML 5 du oinarritzat, eta edozein euskarri erabiltzen dela dela ere, emaitzak ezin hobeak ditu. Probatzeko, haien atarira jo: http://jux.com/.

Slidus aurkezpenen komunitatea, euskal labela

Bilboko Tapquo enpresaren burutazioa izan da aurkezpenen munduko profesionalen sare soziala sortzea. Hots, berrikuntza nagusia, ezaugarri horretan datza: aurkezpenen eta adituen bilgune izateaz gain, merkatu gisa funtziona dezan nahi dute. Horrela, diseinatzaile eta maketatzaileek jarri ahalko dituzte haien sorkuntzak, eta erabiltzaileei eskuragarri utzi atarian, integratutako denda baten bidez. Era horretan partekatzen dute etekina sortzaileek, eta publizitatearekin gertatzen diren gehiegikeriak saihesten dituzte.

Garatzeko bidean den beste lerro bat aplikazioena da; besteak beste, sakelako telefonotik aurkezpenaren agintea hartzea, aurkezpenera urrutitik konektatutako gailu guztietan diapositiba aldatzea eta denbora errealean funtzionatuko lukeen aurkezpena bukatu ondorengo galdera sorta erantzuteko sistema lortzea dituzte buruan. Benetan egin beharrekoa ere fin betetzen du: aurkezpen dinamikoak erakusten ditu, ohiko paradigma lineala hausten du, eta, gora nahiz behera egiteko aukera gehitzen zaio geziak ukitu hutsarekin. Oraingoz, dauden txantiloien artean ez dago harribitxirik, baina HTML 5 eta CSS3 teknologien aldeko apustuek laster ekarriko dute horrelakorik.

Slidus ingelesez dago bakarrik. Izan ere, benetako garrantzia erabilerraztasunari ematea erabaki dute. Erabiltzaileak euskarriaz arduratu gabe, dagoen lekutik sakelako telefonoaren bitartez, tablet edo ordenagailuz atzi dezake atarian jarrita dagoen informazioa. Doako sarbidea badago, baina bi aurkezpenetarako da soilik eskaintza. Ordaintzekoak dira Pro eta Unlimited, hamar aurkezpen eta mugarik gabekoa, hurrenez hurren. Azkenik, enpresentzako bertsio bat ere eskura dago, aurkezpenak era pribatuan gordetzea ahalbidetzen duena.

Beta bertsioan dago, oraingoz, baina adituen arreta bereganatu du dagoeneko Bizkaiko enpresaren webguneak: http://slid.us/.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.