Enbataren historia lehen pertsonan kontatzen duen liburua ondu du Landartek

Nora Arbelbide / 2013-03-26 / 436 hitz

‘Enbataren zirimolan’ oroitzapenez josi autobiografia ‘Ahularen indarra’ liburuaren bigarren partea du.

Enbata mugimenduak aurten 50 urte betetzen dituela eta, horrek Daniel Landarten Enbataren zirimolan liburuari oihartzun berezia gehitzen dio. Landarten hitzetan, «oinarrizko mugimendua» izan den horren garrantziaz ohartzeko lekukotasuna eman du liburuan. Enbata barnetik lehen pertsonan bizia eta lehen pertsonan idatzia den oroitzapenez josi du liburua. Sartu ditu baita gogoeta batzuk ere, bizi izan dituen 50 urte horietan ikusi aldaketei buruzkoak. Ahularen indarra liburuaren jarraipena da Enbataren zirimolan.

Bere euskaltasuna eta abertzaletasuna Enbatatik edanez hasi zuen Landartek. Eta antzerkigintzan egin urratsak ere hortik zituen abiatu. «Manex Pagola eta Eñaut Etxamendi Enbatako militanteek kantua idazten eta kantatzen zuten bezala, antzerki engaiatu bat egin dut, beste batzuek Seaska sortu duten bezala». Enbata berarentzat «eskola» bat izan zela pentsatzen du baxenabartar lapurtar bihurtuak: «Nire nortasuna deskubritzeko, euskalduna nintzela onartzeko eta euskaldungoaren alde lan egiteko». Aberri Egunak, bozak, tirabirak, gose grebak, aldizkaria banatzea elizen aitzinetan, Enbata zikinak iraina, eta oro har herritar zenbaitzuek erakutsi mespretxua, eta nola haiek, parean, familia onekoak zirela erakusteko, nonbait, ttattarrak janzten zituzten… 1965 eta 1974ko Enbatako militante urteak sartuak ditu liburuaren lehen partean. Bere kontzientzia hartzearen hastapenak kontatzen ditu, Hego Euskal Herriko errefuxiatuen ekarpenak, Iparretarrak taldeko kideekin biziak. Popo Larre Xirrixti Mirrixti antzerki taldeko kidea baitzen, garaian desagertua eta oraindik hala segitzen duena. Gertakari gogorrak, bortitzak edo hunkigarriak, baita giroaren irudikatzen laguntzen duten hainbat anekdota ere sartuak ditu hortxe, arinak batzuk. Bere memoriari dei eginez idatziak dituenak. «Eguneroko urratsak, ahal bezain sinpleki eta goxoki. Uste dut liburua irakurtzen ahal dela edozein eleberri bezala. Istorio bakoitzak baitu hastapen, erdi eta bururatze bat».

Liburuaren bigarren partean, bere euskaltzaletasunaren adierazpideak jorratzen ditu. Euskal kulturaren munduan biziak, antzerkian pasatu urteak, nola «antzerkia zainetan duen», eta baita Euskal Kultur Erakundekoak ere. «25 urtez egitura profesionaletan aritu naiz. Horiek beharrezkoak ziren, beharrezkoak dira. Oraino urrunago joan behar dugu. Baina ez dugu sekula ahantzi behar militante izan behar dugula», dio idazleak. Bizian zehar «nire izpirituan beti militante izan naiz. Bistan da horrelako egituretan zarelarik behar duzula kasu eman, neutrala izan, edozein administraziotan bezala, baina barnez ni beti hala naiz», dio halaber.

Anitz izen agertzen dira liburuan. Landartek zehazturik, 600 bat orotara. Dio liburuan aipatzen dituela pertsona horiek guztiak paperean finkatzeko. Anitz itzalekoak baitira. Ikastolako lehen haurrak etxetik ikastolara ekartzen zituen hura, adibidez: «Aipatzen ditut, zeren zerbait ekarri baitute, zerbait egin baitute. Badakit ez direla jendeen memorian zenbait baizik geldituko. Baina nik horiek guztiak aipatu nahi nituen haien ekarpenak, nahi ala ez, osatzen eta handitzen baitu Euskal Herriko historia».

Ez da, ordea, kontu zuritzerik aurkituko liburuan: «Liburua ez da batere polemikoa. Nahiago dut jendeak goretsi eta ez gaitzetsi. Esker oneko lekukotasun bat da».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.