Lauaxetaren poemak gaurko idaztankerara ekarri dituzte bost ikertzailek

Iñigo Astiz / 2013-03-22 / 370 hitz

Estepan Urkiaga ‘Lauaxeta’ -ren testuen irakurketa erraztea da ‘Ludi honen bestaldez’ liburuaren xedea.

«Ulerkaitzak dira euskaldunontzat». Zorrotza da gero 1931n irakurle batek Estepan Urkiaga Lauaxeta-ren poemei Euzkadi aldizkarian egindako kritika hori, baina beti izan dute zail sona haren testuek. Baita gaur egun ere. Euskara kultu bat sortzea zen gerra aurreko literaturaren berritzaile nagusietariko bat izan zen sortzailearen asmoa. Horregatik jo zuen tokian tokiko fonetismoetara, eta Sabino Aranak hain gustuko zituen neologismoetara. Baina, hain zuzen ere, bi erabaki horiek zailtzen dute haren irakurketa. Nekeak merezi duela jakinik, ordea, zaharberritu egin ditu idazlearen testuak ikerlari talde batek. Euskaratik euskarara ekarri dute Lauaxetaren poesia Ludi honen bestaldez liburuan (Labayru, BBK).

Iaz bete ziren 75 urte Lauaxeta fusilatu zutenetik, eta efemerideak bultzatuta hasi ziren lanean ikertzaileak. Aurrez ere argitaratuta zeuden liburuan bildutako olerki guztiak, baina «testuak irekitzea» izan da orain asmoa, Alberto Erraztik azaltzen duenez. Irizpide komunak ezarri, eta gaur egungo idaztankerara ekarri dituzte horregatik idazlearen testuak, metrikari kalterik egin gabe. Testuei argibideak ere gehitu dizkiete, eta hiztegi bat ere sartu dute amaieran. Bost kide izan dira guztira lan horretan aritu direnak: Sebastian Gartzia, Adolfo Arejita, Antton Mari Aldekoa eta Xabier Boveda eta Errazti. Bide barriak eta Arrats beheran liburuetako idazki guztiak moldatu dituzte, eta baita Espetxekoak izenburupean bildutako multzoko beste hainbat ere.

Bi ur-lasterren artean

Baina ez da moldaketa lan soila izan. Idazlearen testuingurua azaltzeko aurkezpen testu bana prestatu dute Jon Kortazar literatur kritikariak eta Sebastian Gartzia euskaltzain urgazle eta Labayru Ikastegiko kideak. Loiolako Jesuiten eskolan abiatzen du aurkezpena Kortazarrek; 1921. urtean. Kritikariak azaltzen duenez, han aurki daiteke olerkariaren ondorengo lanen muina: Aita Estefaniaren irakaslearen eskoletan, adibidez. Han ezagutu baitzituen Charles Baudelaire eta Federico Garcia Lorcaren lanak, esaterako. Gartziak, berriz, garaiko euskarari buruzko eztabaiden erdian aurkezten du Lauaxeta. Resurreccion Maria Azkuek proposatutako ereduaren eta Sabino Aranak bultzatutakoaren artean. Euskalkien eta euskara osatuaren arteko dileman. Gartzia: «Bi ur-laster horien artean zegoen, nora jo dudatan…, eta, azkenean, Aranaren aldera makurtu zen».

Xabier Egañak egin du argitalpenaren azala, eta beste lau irudi ere tartekatu dituzte liburuan. Erakargarri egin nahi izan dute lana, Erraztik dioenez. Irudiz, eta testuz. «Kontu bat da ulertzea zer den idatzita dagoena, eta beste bat da idatzitako horren atzean zegoena ulertzea». Eta bigarren irakurketa horretara heltzeko erraztasunak eskaintzea izan da beren lanaren xedea.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude