Odolkiz beteriko brik orriak babarrun kremarekin

Iker Markinez / 2013-03-02 / 206 hitz

OSAGAIAK

4 pertsonarentzako osagaiak:

4 Brik orri
Litro erdi esne
2 Koilarakada irin
Oliba olio txorrotada bat
Gurin koilarakada bat
Odolki egosi bat
Babarrun prestatuak
Eguzki lore olioa, frijitzeko
Gatza

Errezeta honek aurrez prestaturiko jaki bat berrerabiltzeko aukera emango digu. Babarrunak edota odolkia soberan prestatu baditugu, gorde, eta errezeta honetarako erabili.

• Lehenik, odolki egosiari hestea kendu, eta barruko mamia ontzi batean jarri. Lapiko batean gurin koilarakada bat bota, eta olioa berotzen jarri; jarraian, bi koilarakada irin gehitu, eta ongi nahastu dena.

• Ondoren, litro erdi bat esne gehituz joan, bexamela lortuko dugu horrela. Etengabe nahastu. Ondoren, odolkia daukagun ontzira bota, eta dena ongi nahastu. Gatz pitin bat ere gehitu, baina, kontuz, odolkiak berak izango du, eta, beraz, ez bota gehiegi. Aurrera jarraitu aurretik, guztia hoztuta edukitzea komeni da. Bitartean, babarrunak irakin, eta irabiagailuaren laguntzaz krema egin.

• Brikak prestatzeko, orri bakoitza lau zatitan moztu. Zati bakoitzaren erdian koilarakada bat odolki ore jarri, eta brikarekin bildu, hoditxo baten gisara. Hala jarraitu brik guztiak bete arte. Lapiko txiki bat eguzki lore olioaz erdiraino bete, eta berotzen jarri. Ondo beroa dagoenean brikak frijitzen hasi. Frijitu ahala, erretilu batera pasa, sukaldeko paper gainera, duten olio soberakina kentzeko. Mahaira zerbitzatzeko, plater bakoitzean bost brik jarri, eta gainetik babarrun kremaz busti.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude