Paperean eraikitako hiriak

Lander Muñagorri Garmendia / 2013-03-02 / 1.339 hitz

Historian zehar utopikotzat jo daitezkeen hirigintza proiektu ugari egin dira munduan eta Euskal Herrian. Paperean marraztuta geratu dira asko, baina ondorengo egitasmoetan eragin zuzena izan dute.

Hirigintza sektorea une honetan geldirik dago. Krisi aurretik erabaki ziren hiri antolaketako proiektu ugari daude egoera ekonomikoa noiz hobetuko zain. Euskal Herrian, esaterako, Donostiako Txomin Enea edo Andondegi eraberritzeko asmoak atzeratu dituzte, Iruñe inguruko Gendulain hiri berria bezalaxe. Eta Bilboko Zorrotzaurre auzoa berritzeko asmoa, berriz, apurka hasiko dira gauzatzen, udalak aurtengo aurrekontuetan Deustuko kanala zabaltzeko lau milioi euro jarriko baititu. Baina hori ere geldi doa.

Historikoki, baina, hamaika proiektu geratu dira egin gabe. «Horietariko asko garestiegiak zirelako, edo aurrerakoiak zirelako, eta lurren jabeek lehen zeukatena mantendu nahi izaten zutelako», azaldu du Unai Fernandez de Betoño arkitektoak eta EHUko Hirigintza irakasleak. Eta haren ustez, gauzatu ez diren proiektu horiek dira «interesgarrienak». Izan ere, unean uneko hirigintza korronteetako ideiak «modu argiagoan» azaltzen dira proiektu horietan. Egin direnetan, berriz, «hainbat gauza bidean geratzen dira, negoziatu behar izaten delako». Beraz, askotan aurrera atera ez diren hirigintza proiektu horiek izaera utopikoa izatera ere iritsi ahal izan dira.

Egingarriak ala ez, iraganeko proiektu ideal horiek gerora eraiki zirenetan eragin zuzena izan dute. «Le Corbusier arkitektoak gauzatu ez zituen hirigintza proiektuak Euskal Herriko hainbat etxebizitza eremu egiteko garaian inspirazio iturri izan ziren». Bilboko Otxarkoaga auzoa, esaterako. «Haren esana zen ohiko kaleek desagertu behar zutela eta parke erraldoien gisako hiriak egin behar zirela». Eta, hala, dorreak eta eraikin altuak egitea proposatzen zuen.

Baina hiri guztiak berdinak ez diren moduan, hirigintzaren barruan ikuspegi asko egon dira, eta denek eman dute proiektu utopikorik. Baita Euskal Herrian ere.

1. Arte ikuspegikoak

Hirigintza, historikoki, hainbat diziplinatatik begiratuta ulertu izan da. Askotan, hirigunea edo landa gunea antolatzea artetzat jo izan da, eta ildo horretan ulertu behar da, esaterako, 1666. urtean Londres eraberritzeko Christopher Wrenek egin zuen proiektua. Urte hartan bertan suntsituta geratu zen hiria sute baten ondorioz, eta arkitekto ingelesak errautsetatik metropoli berri eta garaikide bat eraiki nahi izan zuen. Kale zabalak proposatu zituen bere proiektuan, ordura arte Londresen zeuden kale zidorrak alde batera utzita.

Eta proiektu horrek Bilbon eragin handia izan zuen, Fernandez de Betoñok dioenez. 1801. urtean, Simon Bernardo Zamakola Dimako (Bizkaia) eskribauak gaur egun Abando auzoa dagoen lurretan hiri berri bat eraikitzea proposatu zuen, bere portu eta guzti. Bakearen Portua deitu zion. Hartan Bilbo Zazpikaleetara mugatzen zen, eta, horregatik, ez zuten begi onez ikusi euren portuaren parean beste bat eraikitzea. Bizkaiko Batzar Nagusiek, ordea, proiektua onartu, eta Bakearen Portuaren auziak herri matxinada piztu zuen, zamakolada deritzona. Liskarren eta ondoren iritsi zen Independentzia gerraren ondorioz, proiektua ez zen aurrera atera.

Garai bertsuan, Donostian ere izan zuen eragina hirigintza modu horrek. 1813an Independentzia gerraren testuinguruan, tropa aliatuek hiria erre zuten, eta Pedro Manuel Ugartemendiak 1814. urtean partzela berdinak eta kale zabaleko hirigintza plan bat proposatu zuen hiria berreraikitzeko. Erdian, plaza oktogonal bat zeukan, eta etxebizitzak hierarkiarik gabe proposatu zituen. Baina azken puntu hori lurren jabeei ez zitzaien gustatu, eta haien eskariz beste proiektu bat egin behar izan zuen, hau da, gaur egungo Parte Zaharra diseinatu zuen 1815ean.

Azkenik, Zangozan (Nafarroa) beste hirigintza proiektu utopiko bat egin zen XVIII. mendean. Kokapena zela eta, ibaia askotan ateratzen zen, eta herrian kalte handiak eragiten. Horiek hala, Santos Angel Otxandategi arkitektoak 1788. urtean herria lekuz aldatzea proposatu zuen. Hiri neoklasiko bat zen, eta aipatutako hirigintza ereduaren zenbait bereizgarri betetzen zituen. Baina herri osoa lekuz aldatzea muturreko neurria zen, eta proiektu hori ere bertan behera geratu zen.

2. Zientziak banatuta

Hirigintzaren beste ikusmolde bat garatu zuten XX. mendearen hasieran Tony Garnier eta Le Corbusier arkitektoek, besteak beste. Hirigintza zientzia gisa ulertzen zuten, eta hiriak modu horretan banatzea proposatzen: lan egiteko guneak, lo egitekoak, osasun arloa, hezkuntzakoa, eta abar. «Eremuka, modu zientifikoan banatzen zuten hiria». Eta horren adibide dira Garnierrek berak 1904an Lyon ondoan (Frantzia) egiteko proposatu zuen hiri industriala, edo Le Corbusierrek 1933an proiektatu zuen Ville Radieuse. Biak ere egin gabe geratu ziren.

Bilbo inguruan ere izan zen antzeko proposamenik. Asua eskualdean 225.000 biztanlerentzako hiri bat eraikitzeko proposamena egin zuen 1934an Estanislao Segurola arkitektoak. Banaketa sistema horri eutsi zion berak ere, baina azkenean proiektua bertan behera geratu zen, proiektua handiegia zelako. 1946. eta 1964. urteetan proiektua berreskuratu, eta beste bi proiektu egin ziren Bilboren hazkundea Asua eskualdera zabaltzeko. Baina horiek ere ez zuten arrakastarik eduki.

Gasteizko zabalgunea ere ikuspegi zientifikotik egin nahi izan zuen Julian Apraiz arkitektoak 1924. urtean. Hainbat gune proposatzen zituen: kirolarena, lorategiena, industriarena, bizitokia, eta abar. Hogei urtez hiriaren zabaltzea ordenatzen zuen proiektu bakarra izan zen, baina kritika asko jaso zituen, eta, azkenean, ez zen egin. «Hala ere, ondoren egin zen zabalgunean eragin handia izan zuen».

3. Gizartea aldatzeko

Hiriak antolatzeko moduak gizartea aldatzeko balio dezakeela ere ikusi izan da aspalditik. Eta Tomas Morok 1516an idatzi zuen Utopia liburua aipatzen du Fernandez de Betoñok. «Liburu horretan jabego pribatua desagertu egiten zen, eta hiri antolaketa bat proposatzen ez zen arren, eraiki gabeko hiri bat proposatzen zuen». Eta horrek XIX. mendeko zenbait enpresarirengan eragina izan zuen. Enpresari utopikoak deitu izan zaie, eta «lana eta etxebizitza duina bateratzeko proiektuak proposatu zituzten».

Charles Fourierrek, esaterako, Falasterioak zeritzoten guneen inguruan teorizatu zuen. Enpresen ondoan eraikitako etxebizitza multzoa zen, 1.600 pertsonentzat prestatua, eta era guztietako zerbitzuekin. «Langileen ongizateak etekin hobeak ekarriko zizkiela sinetsita zeuden». Baina era horretako proiekturik ez zen gauzatu. Frantziako Landagunean sortu zen era horretako komunitate bat, baina arrakasta gutxi izan zuen. Munduan antzeko esperientziekin saiatu ziren, baina emaitza bera izan zuten.

Euskal Herrian gisa horretako proiekturik ere zerrendatu du Fernandez de Betoñok. Kasu honetan, utopikorik ez. «Legazpin (Gipuzkoa) Patrizio Etxeberria enpresariak egin zituen eraikinak eredu horretan sar daitezke». 1941ean San Ignazio auzoa sortu zuen enpresaren inguruan. Eraikinak antolatzeko garaian, ingurunearekiko orekari eusten saiatu zen Etxeberria, lorategi, plaza eta bestelako elementuei esker langileentzako ingurune antolatu eta erosoa egiteko amoz.

4. Negoziorako hiriak

Negozio ikuspegia ere izan du beste hainbatetan hirigintzak: eraiki, negozioa egiteko. Horren lekuko da Iruñearen aldameneko Gendulain herriaren proiektua. «Azken urteetan negozio gisa saiatu dira hiri berriak egiten, eta horren adibiderik argiena da». A-12 autobide berriaren aldamenean egin nahi zen herri oso bat izan behar zuen Gendulainek. Nafarroako bigarren hiria izateko, 55.000 biztanlerekin, eta, horretarako, 18.389 etxebizitza eraikitzeko asmoa zuten —%88 inguru babes ofizialekoak—, harik eta krisi ekonomikoak proiektua bertan behera utzi duen arte. Proiektuak ere hautsak harrotu zituen bere garaian, lotarako hiri bat izateko arriskua izan zezakeelako, eta Iruñetik urrunegi egonda, ingurunean eragin izugarria izan zezakeelako.

Bilbon beste negozio mota bat sustatu nahi izan zen XX. mendearen hasieran. Negoziorako hiri bat, hain zuzen ere. Sekundino Zuazo arkitektoak asmo hori izan zuen Bizkaiko hiriburuarentzat. Horretarako, proiektu iraultzaile bat jarri zuen mahai gainean: Zazpikaleen zati handi bat eraistea proposatu zuen, Santiagoko katedralaren inguruan plaza handi bat egin, eta Areatza San Antongo zubiarekin elkartuko zuen etorbide handi bat. Kale horretan, bulegoak jarriko ziren, eta Bilboren zabalgunearekin lotura zuzena izango zuen. Horretaz gain, Areatzan udaletxea eraikitzea aurreikusi zuen, eta Nafarroa kalea eta Erripako kaiaren kantoian beste lau eraikin jartzea pentsatu zuen: bakoitza hogei pisukoa. Bertan bulego gehiago jarriko ziren, Bilbo negozioen hiriburu bihurtzeko.

5. Propagandarako

Hirigintza propaganda egiteko ere baliagarria izan da historikoki, eta bide horretan, politikarekin izan du harremana batez ere. Albert Speer, esaterako, Adolf Hitlerren arkitektoa izan zen, eta berak diseinatu zituen III. Reicharen eraikinetatik asko. Eraikin horiek helburu bat zuten finean, handitasuna erakustea. Handinahi horren adibide garbiena, esaterako, Germania proiektua da. Hitlerrek Berlin munduko hiriburu bihurtzeko ardura eman zion Speerri, eta horrek bost kilometroko etorbide bat diseinatu zuen, inguruan munduko eraikinik handienak hartuko zituena. Horien artean, Volkshalle edo herriaren pabiloia, 180.000 pertsona hartzeko edukiera eta 200 metroko kupula izango zuen. Asmo horiek guztiak nazien porrotarekin galdu ziren.

Handikeria erakusteko beste proiektu bat Moskuko Sobieten Jauregia izan zen. 1930. urtean Boris Iofanek diseinatua, 415 metroko garaiera izango zuen eraikinak, eta puntan Leninen 100 metroko estatua bat izango zuen. Modu horretan, munduko dorrerik altuena izango zen Sobieten Jauregia. 30eko hamarkadan proiektua martxan jarri zen, baina zimenduentzako zuloa besterik ez zen egin. Garrantzi handiagoko beste proiektu batzuetako lanek jauregiaren eraikuntza geldotu zuten, eta II. Mundu Gerrak erabat gelditu. SESBen Gobernuak proiektua 1961era arte ez zuen ofizialki baztertu. Orduan, zulo handi hartan igerilekuak egin zituzten, eta 90eko hamarkadan jatorrian bertan egon zen katedrala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.