Kokaina lerro artean

Ion Olano Carlos / 2013-02-03 / 697 hitz

‘Hautsa’, ‘kaka’, ‘musa’, ‘botika’… ezizenak ezizen, literatura orri mordo bat idatzi izan da kokainari buruz, eta kokainaz. Joan den mendeko mendetasuna izan zen mendebaldean; dena den, mende berrikoa ere bada.

Jendea beti izan da drogazalea, norbera bere erara. Artista jendea, zer esanik ez. Aldatzen dira garaiak, substantziak, salerosketak, kontsumitzeko erak, baita haien onarpen soziala ere. Baina begi-bistakoa esan gabe doa: drogak beti izan dira gure artean, eta izango dira. Azken mendean, mendebalde aberatsean, argi dago non kokatu den erregina —legez kanpokoen artean, jakina—. Baiki, koka da; baina ez andetar kulturetan murtxikatzen den hostoa, baizik eta hostotik nolabait eratortzen den hauts zuria.

Andeetako herrietan duela 5.000 urte inguru hasi ziren koka hostoak mamurtzen, nekea arindu, gosea apaldu eta lanerako indarra biltze aldera. XVI. mendean Espainiako sarkinek debekatu nahi izan zuten, deabruzkoa zelakoan. Alabaina, bertakoek argi eta garbi utzi zuten: «Kokarik gabe, lanik ez». Horrenbestez, konkistatzaileak koka landatzen eta salerosten hasi ziren. Kokaina alkaloidea 1860 aldean isolatu zuten lehen aldiz, eta gai berri haren gaitasunez liluraturik, orotariko produktuetan baliatu zuten: azalerako kremak, botikak, freskagarriak eta edari alkoholdunak.

Azken horietako bat zen Vin Mariani, garaiko hainbat idazle gatibatu zituen edabea: Henrik Ibsen, Emile Zola, Jose Marti, Paul Verlaine, Jules Verne, Alexandre Dumas… Izatez, mendebaldeko irakurleon iruditeria osatzen duten figura ugari izan dira kokainazaleak —orobat, gizon zuri gutxi-asko aberatsak—: Sigmund Freud, H. G. Wells, Arthur Conan Doyle, Robert Louis Stevenson, eta abar eta abar.

Freud, esate baterako, kokainaren defendatzaile sutsua omen zen. Tratamendurako aholkatzeaz gain, berak ere erruz erabiltzen zuen —Über Coca (1884) lana, horren erakusgarri—. Diotenez, Conan Doylek kokaina injektatu egiten zuen, berak sorturiko Sherlock Holmes pertsonaiak bezalaxe. Jakina, Holmesek ez zuen soilik pipatzen; Watson elementalaren arabera, kokaina eta grina tartekatzen zituen detektibeak. Bere aldetik, pertsona gaixobera zen Stevenson, eta berak ere barra-barra irensten zuen botika. Literaturaren maisulanetako bat, The Strange Case of Dr. Jekyll and Mr. Hyde (1884), sei egun eta gauetan idatzi zuen Stevensonek, kokainaz leporaino.

Halako zerrenda batean ezin aipatu gabe utzi William S. Burroughs idazlea, mordoska bat hautsetan eta landaretan aditua eta aritua. Hara zer zioen Naked Lunch (1959) lanean: «Berdin du esnifatzen, erretzen, jaten edota ipurdian depilatzen baduzu, emaitza berbera baita: mendetasuna». Idazle ez hain ospetsu baina garaikideago bat aipatzearren, horratx Rodolfo Fogwill argentinarra. Berak ere, Stevensonek bezalaxe, sei egunetan papereratu zuen Los Pichiciegos (1982) eleberria; bitarte horretan, antza, hamabi gramo hauts gorputzeratu zituen. Batek daki nola egongo ziren biak zazpigarren egunean.

Stephen King estatubatuarra ere ez da zale makala izan: idazleak berak aitortu duenez, 1979 eta 1987 artean, kokaina mendetasun itzela izan zuen. Horren eraginez, ez ditu gogoan garai hartan idatziriko liburu batzuk. Horrelako pasadizo, gogoeta eta bitxikeriekin bilduma arras interesgarria osatu zuten Geno Zanetti eta Stephen Hyde editoreek, White Lines: Writers on Cocaine (2002) liburuan.

Zerotik zerora

Roberto Saviano idazle napolitarrak laster kaleratuko du lan berria: 000 (irakur bedi Zero zero zero). Izenburuak kokaina hutsari egiten dio erreferentzia, puruetan puruenari. Izan ere, Napoliko Camorraren disekzioa egin ondoren—Gomorra (2006)— , kokainaren trafikoari heldu dio oraingoan Savianok. Kontu mamitsua inondik ere, 450 orrialdetan luze eta zabal jorratu duena. Feltrinelli argitaletxeak ohar bidez adierazi du: «Kokaina da gure garaian gehien erabiltzen, trafikatzen, desiratzen den salgaia. Mugarik gabeko gehiegikeriaren ametsa da, gure bizitzan eta jendartean erroturik dagoena. Gorputzak piztu eta adimenak itzaltzen dituen petrolio zuria».

Hain zuzen, 2007an eman zuen Savianok argitara Vi racconto l’impero della cocaina (Kokainaren inperioa kontatuko dizuet) artikulu mamitsua, l’Espresso kazetan. Zalantzarik gabe, testu hura oinarri hartuta eraiki du Zero zero zero. Erreportaje hartako esaldi bat baliatzen ari dira orain eleberriaren promozioa egiteko: «Begira iezaiozu kokainari, hautsa ikusiko duzu. Begira ezazu kokainatik, mundua ikusiko duzu». Arraioa, hitz-trafikatzaile aparta da napolitar hori.

Edonola ere, ez dabil bakarrik hauts horietan usnaka. Hil honetan, Italian bertan, Cocaina izeneko liburua eman du argitara Einaudik. Massimo Carlotto, Gianrico Carofiglio eta Giancarlo De Cataldo idazleen ipuin bana bildu dute, hari zuri berari lotuta. Horrez gain, hautsak harrotu zituen orain gutxi Silvia Avallone idazlearen Acciaio (2010) eleberriak; izan ere, kokainazaletasuna ez du ohiko giro burgesean kokatu Avallonek, auzune txiro batean baizik, altzairu lantegiko beharginen artean. Azkenik, italiar askorentzat ezaguna da Walter Siti egilea, besteren artean, Troppi paradisi (2006) eta Il contagio (2008) nobeletako pertsonaiek esnifatu besterik ez dutelako egiten. Argi dago, beraz: Saviano ez da aurrenekoa izango, ezta azkenekoa ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.