Baratzea, etxeko balkoian

Maialen Unanue / 2013-04-24 / 531 hitz

Barazkiak edo landare usaintsuak norberak landatu eta zaintzeko liburua osatu du Usoa Arinek.

Gero eta gehiago dira baratze bat egitera animatzen diren pertsonak, Usoa Arinen arabera (Donostia, 1978). Eta, haren ustez, jende gehiago animatuko litzateke norbaiten laguntza izango balute. Hori dela eta, Baratze bat nahi dizut egin… Nola sortu eta landu baratze bat etxean liburua osatu du: etxeko loreontziak landare apaingarriez soilik bete ordez, tomate, uraza, piper edo lekak landatzeko eskuliburua.

Jarduera osasungarri, dibertigarri eta, batez ere, bizigarria proposatzen du Arinek liburuan, udaberriaren etorrerarekin, probatzeko aproposa. «Etxeko balkoi edo terrazetara natura hurbiltzea eta naturarekin bizitzea proposatzen dut liburu honen bidez», adierazi du Arinek.

Gutxi gorabehera, 30 barazki eta landare usaintsuri buruzko informazioa eskaintzen dio irakurleari. Besteak beste, bakoitza urteko zein garaitan erein behar den, zein lan egin behar diren fruitu horiek behar bezala hazteko, zein oztoporekin topa daitekeen eta horiek saihesteko zein tratamendu jarrai ditzakeen azaltzen ditu Arinek. Guztia modu erraz eta laburrean azaldua.

Arinen ustez, nork bere etxean baratzea egiteko arrazoi asko daude. Denbora-pasa baino gehiago, ikasketa prozesua izan daiteke, tarte bat hartu, eta hausnartzekoa: «Abiadura handiko egunerokotasunean, naturaren erritmo geldo baina etenik gabekoaz gozatzeko aukera ematen du».

Landatze lanetan hasiberria denari prozesu guztian sortuko zaizkion galderak erantzutea du helburu Arinek. Alde horretatik, liburuaren lehenengo orrietan baratzea egiteko oinarrizko tresnak zeintzuk diren, baratzeak zein tokitan edo edukiontzi motatan egin daitezkeen eta lur motak eta edukiontzietarako substratuaz dihardu.

Etxeko loreontziek ez dute, izatez, baratze batek lursail batean izan ditzakeen abantailak. Loreontzietan, adibidez, lur gutxiago dagoenez, errazago berotu eta lehortu daitezke landareak, eta, beraz, ohi baino gehiagotan ureztatu beharko dira landareak. Gainera, kontuan izan behar da landareen hazkundea ere lur kopuruaren araberakoa izango dela. Dena den, faktore garrantzitsuena landareak leku eguzkitsu batean jartzea da.

Bestelako azalpenekin hasi baino lehen, hazitegiak zer diren eta horien erabilgarritasuna azaldu du Arinek: «Gehienetan, landareen hazkundea zikloaren hasieratik azaldu dut: hala, haziak nola lortzen ditugun ezagutuko dute irakurleek».

Landare eta barazkiek zomorroak eduki ditzateke, edo gaixotu daitezke, eta arazo horien aurka tratamendu ez kimikoak nola aplikatu azaltzen du liburuan: «Niretzat, garrantzitsua da hori. Inguruan landare pila bat ditugu, kasurik egiten ez diegunak, eta horietako asko beste landareen onerako erabil daitezke: osina edo azeri buztana, adibidez».

Kontzientzia hartzea helburu

Liburua «hezigarria» izatea nahi du. Haren ustez, baratzea sortzea familian egiteko moduko jarduera da, gurasoek euren haurrekin egiteko modukoa: «Platerera eramaten duguna nondik datorren ezagutzeko balio dezake, eta, nire ustez, irakurritakoa praktikan jartzea oso esperientzia aberasgarria izan daiteke».

Gainera, jendeak kontzientzia hartzea nahi du Arinek liburu honen bidez. «Ariketa hau gure etxeetan egiten badugu, berehala konturatuko gara tomateak neguan ez direla ateratzen. Abenduan supermerkatura joan, eta tomateak ikusten ditugunean, zer pentsatua emango digu!», adierazi du Arinek.

Liburuan azaltzen duenez, azken batean, etxean daukagun lekuak mugatuko du baratzea egiteko modua: «Hasteko, bi edukiontzirekin nahikoa izan daiteke, nahiz eta etxeko balkoian egiten dugunarekin ez dugu gure barazkien beharra asebeteko». Arinen ustez, ez da beldurrik izan behar kale egiteari, norbere esperientziatik ikastea da garrantzitsuena.

Orain irakaslea bada ere, nekazaritza ingeniaria da Arin. Liburua idatzi aurretik, etxean probak egin ditu, eta irakurleei gauzak errazteko, argazkiak atera eta liburuan txertatu ditu. «Sekulako poza ematen du norberak eginiko baratzeak. Etxekoak eta lagunak ere saiatu dira egiten, eta elkartzen garenetan, baratzea beti da hizpide gure artean».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.