Pisua era egokian jaisteko, zer egin?

Cristina Perez / 2013-04-16 / 532 hitz

Dieta miragarriak ez dira egokiak pisua galtzeko, ohitura dietetiko txarrak bultzatzen dituztelako. Pisua galdu nahi bada, elikatzen ikastea eta elikadura ohiturak aldatzea izango da onena.

Guztiontzat ezagunak dira telebistan eta aldizkarietan argaltzeko agertzen diren zenbait edabe magiko. Mehetzeko modu asko daude: light janariak, mirarizko dietak (atkinsena, disoziatua, begetarianoak, makrobiotikoak, barauak), tratamendu farmakologikoak edo produktu dietetikoak, eta ebakuntzak, kasurik larrienetan.

Baina kontuan izan behar da gehiegizko pisuaren arazoa konpontzeko ez dugula argaltzean soilik jarri behar helburua: helburu nagusia elikatzen ikastea eta elikadura ohiturak aldatzea izan behar da.

Hori lortzeko, honako ezaugarriak dituen elikadura jarraitzea beharrezkoa izango da:

Dieta pertsonalizatua izan behar da. Bakoitzaren ezaugarri, bizimodu eta ohiturak ezberdinak direlako. Jakin behar da dieta pertsonalizatuak bakoitzaren zailtasunak ondo aztertzen ote dituen. Horrekin batera, jakin beharko da ea konponbidea bilatzen duen tratamendu baten barruan dagoen heziketa. Izan ere, heziketa nutrizionala eta dietetikoa baliagarria izan dadin, pertsonalizatua izan behar du beti; horretarako, bi faktore aztertu behar dira.

Alde batetik, elikaduraren bidez norberak lortu behar dituen energia eta mantenugailuak izan behar dira kontuan, hau da, egoera nutrizionala. Horiek neurri korporalaren arabera, aktibitate fisikoaren arabera eta adinaren arabera daude —gaixotasunaren bat izanez gero ere kontuan izan beharko da—. Bestetik, oso ondo aztertu behar dira bakoitzaren egoera dietetikoa, elikadura mota eta elikatzera eramaten duen jokabidea ere —egoera sozialak, ekonomikoak, joera geografikoak, klimatologikoak, kulturalak, eta abar—.

Argaldu nahi duen pertsonaren behar energetikoen azpiko kalori kopurua ez da komenigarria —ez da egokia 1.400 kaloria baino gutxiago duen dietarik—. Dieta miragarriak eskaintzen direnean, ohitura dietetiko txarrak eta desoreka nutrizionalak sortzen dira kilo asko denbora gutxian galtzeko, eta, gainera, arazoak ez dira konpontzen.

Horrelako dieta bat eginez gero, hasieran pisu dezente gal daiteke, baina kontuan izan behar da dieta horrekin jarraitzen den heinean gero eta pisu gutxiago galtzen dela. Ez da komeni presaka argaldu nahi horrekin dieta zorrotzegia egitea.

Orekatua izan behar du dietak, eta kaloria horietan bitamina eta gatz mineral beharrak asetu behar dira. Elikadura orekatua dieta mediterraneoan oinarritzen da; dieta horren ezaugarri nagusietako batzuk dira: oliba olioa, laboreak, lekaleak, frutak eta barazki gehiago kontsumitzea eta animalia jatorriko haragi eta koipekien kontsumoa murriztea.

Pertsonaren ohiturak ahal den heinean errespetatu behar dira, pertsonaren ordutegi eta lan egoeratara moldatu behar da, eta harentzat ahal den aukera askotarikoa eta atsegingarriena izan behar du dietak.

Azterketa nutrizional eta dietetikoaren bitartez egon daitezkeen arazoak ondo antzeman behar dira, gero dieta baten bidez heziketa nutrizional eta dietetikoa egiteko. Hori guztia pertsona bakoitzak izan ditzakeen akats horiek zuzentzeko eta bere elikadura osasungarria, nahikoa, orekatua, askotarikoa eta asegarria izatea lortzeko.

Gerora, osasuna bultzatuko duten ohitura egokiei eutsi, eta sustatu behar dira. Adibidez, oso garrantzitsua da otorduetara mugatzea, eta hestebete, opil eta abarren kontsumoa ohitura bezala ez hartzea.

Haurren kasuan, gizentasuna saihestea da eraginkorrena. Horretarako, ezinbestekoa da dietan aukera asko edukitzea, fruitu, barazki eta zituetan aberatsa izango dena, eta otorduak errespetatzea. Txiki-txikitatik hasiz gero, errazagoa izango da.

Ariketa fisiko konstante bat egitea osagarri aparta da dietarentzat: ariketa fisikoa egitea dietarako osagarri ezinbestekoa da. Kirola elikadura orekatuarekin konbinatzeak gorputza sendotzen eta pisua galtzen laguntzen du. Hala, norberak dituen aukeren arabera, ariketa egin behar da. Bizikletan ibiltzea aukera ona izan daiteke, eta korrika egitea edo igeriketa; horretarako aukerarik ez duenak, batera eta bestera oinez joaten eta etxera joateko eskailerez baliatzea ohitura ona da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.