Polipoesia: egunero nahasten delako

Ion Olano Carlos / 2013-04-28 / 697 hitz

Enzo Minarelli poetak ezagutarazi zuen kontzeptua, duela hiru hamarkada; haren ‘Manifesto della polipoesia’ lanak mende laurden bete du aurten. Soinu-poesia gidari, bestelako arteekin nahasten da —jendaurrean, betiere— polipoesia.

Arrazoi dute poesia krisian dagoela diotenek. Poesia beti egon da krisian, nolabait, aldatze etengabean. Etimologiak diosku poiesis hitz greziarrak «sortu» esan nahi duela, hots, pentsamendua materia bihurtu. Edonola, ez gaitezen tronpa: hitz idatziaren aurretik bazen poesiarik, eta bada poesiarik hitz idatziaren ondoren ere. Natura imitatuz sortu izan dira arte gehienak eta, jakina, baita poesia ere. Ez genuke ahaztu behar poesia soinu izan zela, zeinu izan aurretik; alegia, eztarri-hotsak, onomatopeiak eta errepikak daudela poesiaren jatorrian. Esatera ausartuko nintzateke hitzaren aurrekoa dela poesia, baina akaso gehiegitxo esatea da, eta ez dut esango.

Polipoesiaren sustraiak, hortaz, poesiarenak bezain zaharrak dira. Baditu, hala ere, aurrekari argi batzuk. Joan den mende hasieran, Italiako eta Errusiako futuristak hasi ziren neologismoak, onomatopeiak eta hotsak baliatzen, hain zuzen, erronka jotzeko sintaxiari, gramatikari eta logikari. Izan ere, herdoilduak ziren oro. Italian, Luigi Russolo margolari eta konpositoreak L’Arte dei Rumori (Zaraten artea, 1913) manifestua plazaratu zuen; futurismoaren eragile nagusi Filippo Tomaso Marinetti-k, bere aldetik, Zang Tumb Tumb (1914) soinu-poema konkretua sortu zuen.

Errusian, Aleksei Krutxenykh eta Velimir Khlebnikov egileen artean garatu zuten Zaum (1913), arrazoitik harago dagoen lengoaia, zentzuaren beharrik ez duena. Kontzeptu hura baliatuz egin zituzten hainbat esperimentazio soinu-poesian. Dadaistak eta surrealistak ere, noski, ez zebiltzan urruti. Haien artean, Kurt Schwitters alemaniarra nabarmendu zen Ursonate (1922-32) gisako poema foniko sonatuekin.

Magnetizaturik

Gerora, soinu-poesian maisurik izan bada, handiena, Henri Chopin. 1950eko hamarkadan magnetofono magnetikoekin probak egiten hasi zen, eta 1967an idatzi zuen Why I Am the Author of Sound Poetry and Free Poetry (Zergatik naizen ni soinu-poesiaren eta poesia askearen egilea). Hitzaren kontra idatzi zuen testu hura, soinu askearen alde: «Nik, pertsonalki, nahiago dut norberak bere xalotasunean sortzen dituen kaosa eta desordena, eta ez norberak batere irizpiderik gabe erabiltzen duen Hitzaren ordena, beti legebiltzar baten, eliza baten, sozialismo baten alde, eta abar».

1980ko hamarkadan, Xavier Sabaterrek dioenez, «egundoko krisirik latzenean sartu ziren poesia eta poetak». Hainbaten ustez, hedabideek hitza bereganatu izanak poesia nora ezean utzi zuen, funtzio argirik gabe. Sabaterren esanetan, 70eko urteetatik aurrera, «ongizatearen poetikak» landuz bigundu egin ziren poetak, eta ez ziren errealitate latzari erantzuteko gai. «Ikus-entzuleria da, bestalde, sentsibilitate poetikoa mantendu duen bakarra, eta poesia topatzen du antzerkian, zinean, musikan, bideo-artean, performance-an edo nonahi, baina ez poesia tradizionalean».

Testuinguru horretan, 1983an, plazaratu zuen Enzo Minarelli italiarrak Polipoesia, dalla lettura alla performance di poesia sonora testua. Testu horrek eman zion polipoesiari aurreneko oinarri teorikoa. Minarellik azaldu zuenez, motz geratzen da performance edo antzez-poesia; berak soinu-poesiaren indar magnetikoari eman nahi dio gidaritza. Urte hartan bertan zabaldu zuen 3ViTre polipoesia gordailu eta argitaletxea, gaurdaino zabalik dirauena. Poesiaren askotarikotasuna eta mugarik eza praktikan jartzea da polipoesiaren helburua.

Minarellik dio: «Gaur inoiz baino gehiago, hedabideek birrindurik uzten dute lengoaia, ia baliaezin, hutsaldurik. (…) Hortaz, arrazoiturik dago polipoesiaren beharra, lengoaia ezberdinen arteko nahastura orekatua, soinu-poesiaren imanak gidatua». Horrenbestez, erreminta zaharkitua da hitz hutsa, muga berriak gainditu eta bide berriak urratu nahi badira: «Premiazkoa da hitz hutsetik harago joatea. Zerbait gehiago behar dugu zabaltzeko, ez soilik soinu-poesiaren zirkuitu estua, baita ikus-entzuleriaren kategoriak zabaltzeko ere».

1987an, Valentziako (Herrialde Katalanak) Tramesa d’Art katalogoan Manifesto della Polipoesia eman zuen Marinellik argitara. Aparteko eragina izan zuen mugimenduak Bartzelonan; horren erakusgarri dira Accidents Polipoetics, Poliphonetica Dinamica, Il-logic Art Company eta la PAPA (Performers, Artistas y Poetas Asociados). Besteren artean, polipoesiaren inguruan ibili izan dira Jordi Pope eta Enric Cassases kataluniarrak, baita galiziarren bat edo beste ere —orain SGAE-ko buru den Anton Reixa, esaterako—.

Nahasketa jarraia da polipoesia, etiketa guztiak birrindu eta bere baitan biltzen dituena. Ezin argiago dio Sabater teorialari eta polipoetak: «futurismoa, dadaismoa, surrealismoa, beatnik jendea, soinu-poeta frantsesak, situazionistak, fluxus, infraerrealistak, poeta bisualak, konkretuak, kontzeptualak, mail artistak, kontrakultura, rock musika, teknologia…. gertakari horiek denak proiektatzen dira gugana, eta oraindik ere durduzatuta gaude. Eredu horiek denek behartzen gaituzte ikertzera, bilatzera aski garatu ez diren teknika berriak».

Eta gurean ba al dugu halakorik? Bada, ez pentsa, badira polipoesiaren inguruan dabiltzan proposamenak. Esan al daiteke polipoesia dela, esate baterako, Oier Guillanek egiten duena? Ornitorrinkus, Gorpitz, Igo Gora, Martin Larralde emanaldiak, besteak beste, polipoesia al dira? Batek daki. Tira, kontu batekin, behintzat, ez izan zalantzarik: ezin esan daiteke poesia ez direnik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.