Sendabelarren memoria

Irene Arrizurieta / 2013-04-27 / 1.400 hitz

Landareen memoriari buruzko sarerako egitasmo bat abiatu du Nafarroako Equisalud laborategiak, sendabelarrak erabiltzen dakitenen herri jakinduria gal ez dadin. Hamar lagunekin abiatu dute lana.

Naturari beste begi batzuekin begiratzen diote La memoria de las plantas webgune interaktiboan (Landareen memoria) ageri diren hamar gizon-emakumeek. Hark eskaintzen diena ezagutu, eta prest dira guztien mesedetan erabiltzeko. Naturan topatzen diren sendabelar asko ezagutzen dituzte, eta haien erabileraz mintzo dira. Patxarana, santio belarra edo milazuloa, intsusa, berbena edo iruntzi belarra, plantaina, zaingorria, menda, txilarra… Hamaika landare hamar jakintsuren ahotan.

La memoria de las plantas webgune interaktiboa Nafarroako Equisalud laborategiak abiatutako egitasmo bat da. Uharteko Areta industrialdean dago laborategia, eta 1989an sortu zen, helburu argi batekin: gizakiaren gorputza orekatzeko produktu naturalak ikertzea, garatzea eta egitea. Bere laborategiko produktuak egiteko, Josenea irabazi asmorik gabeko enpresak Irunberrin (Nafarroa) ekoizten dituen sendabelarrak erabiltzen ditu. Sendabelarren azterketan sakondu zuenean erabaki zuen Antonio Vegak, Equisalud laborategiko presidenteak, landareen memoria egitasmoa abian jartzea. Landareak aztertzen ibili da liburuetan zein naturan, eta herri tradizioan dauden irakaspenak bereganatzen ere saiatu da; horretarako, Nafarroan herri frankotan izan da sendabelarren erabileraz jakiteko. «Pertsonen barruko ekosistema orekatzeko lanean aritzen gara, eta Equisaludek ekoizten dituen landare asko herri ondaretik datoz».

Galtzeko arriskuan

Vegaren irudiko, herri ondarea oso garrantzitsua da fitoterapian, sendabelarrak sendatzeko erabiltzen dituen zientzian, alegia. Herrietako aitona-amonek landareen inguruan duten jakituria izugarria da. «Oso garrantzitsua da ondare eta tradizio hori berreskuratzea». Hori egiten saiatzen ari dira martxan jarri duten webgunearekin. Horretarako, hamar lagun hartu dituzte.

Webgune interaktiboan ageri diren hamar lagunak bilatu eta elkarrizketatzeko lana Elena Garcia Quevedo kazetari madrildarrak egin du. «Urteak daramatzat herrietan ibiliz eta haiek aztertuz, eta landareek duten garrantzia ikusi dut. Haien memoria bizirik dago». Garcia Quevedok hiriko bizimodu kontraesankor eta aztoratutik kanpo ikusten ditu elkarrizketatuak, eta haien jakinduria galtzeko arriskuan dela uste du. «Jakintza handia dute, baina jakintza hori galtzeko zorian da. Ataka horretan gaude». Egitasmoa hasi besterik ez da egin, eta ekarpen gehiago biltzeko asmoa dute sustatzaileek. Sendabelarren bidez, gizon-emakume askoren memoria berreskuratu nahi izan du egileak. «Nafarroan, sendabelarren memoria oso aberatsa da. Jende askok hartu du jakintza hori, eta ondorengoei emateko kontzientzia du», dio Garcia Quevedok. Baina, era berean, beste askoren isiltasuna ere antzeman du.

Lana, hain zuzen, herri horien argazkia ere badela dio. «Lagun horien etxeetan sartu, eta haien memoria eta jakintza harro kontatu dute. Badakite sendatu egiten dutela, eta horri eutsi nahi diote, eta urteetan iraunarazi». Elkarrizketak egiteko jendea aurkitzea «asko kostatu» zitzaiola aitortu du Garcia Quevedok, baina pozik dago emaitzarekin. «Datu interesgarri asko eman dituzte, batez ere, landareen erabilerari buruzkoak». Landare batek erabilera asko dituela jakitun, erabilera hori herriz herri aldatu egiten dela frogatu dute. Baina sendabelarren erabilera aztertu ez ezik, galtzen ari den jakinduria bat eta mundu ikuskera bat ere bildu dute lanean. «Jakinduria hori berreskuratu egin behar da. Asko galdu egin da, zekitenak hiltzen joan direlako eta ez dietelako ondorengoei erakutsi. Jakinduria gehiago ez hiltzea dugu helburu», dio Vegak.

«Hamar jakintsu»

Jende asko elkarrizketatu du Garcia Quevedok, baina horietatik hamar aukeratu ditu sendabelarrez dakitena islatzeko. Haien arbasoen jakintza guztien eskura egotea izan da haren asmoa. Horregatik, proiektua sarean eta telefonoz ikusteko jarri dute, «edonork izan dezan jakinduria horren berri». Egileak lanean bidaiatzera gonbidatzen du ikus-entzulea. Hamar jakintsu horien aurpegiak ageri dira http://www.equisalud.com/la memoria de las plantas gunean. Klik batean, haien elkarrizketak ikus daitezke, eta sendabelarrez esateko dutena entzun. Horietatik bederatzi Euskal Herrian bizi dira; Alberto Altube, Araban, eta gainontzeko zortziak, Nafarroan: Agustin Beroiz (Iruñea); Zelestino Duorri (Saldias); Cruz Garcia (Aberin); Josune Makibar (Arraioz); Maria Matilda Gonzalo (Corella); Natividad Urederra eta Victoriano Arsuaga (Urrotz); Santos Sota (Cintruenigo). Hamargarrena Aragoin (Espainia) bizi da.

Pena bat ere badu egileak: Pirinioak dira Nafarroan landare aberastasunik handiena duen ingurua, baina han ez du inor elkarrizketatzea lortu.

————————

Josune Makibar. Sendabelar erabiltzailea: «Onak diren gauzak erakutsi eta hedatu egin behar dira»

Erredurak, zornadurak eta ebaki txikiak sendatzeko, sendabelarrekin ukendu berezi bat egiten du Josune Makibarrek.

Joaneko berrogei urtean, Baztan haraneko Arraiozko (Nafarroa) Apezetxenea etxean bizi izan da Josune Makibar. Ama zenari sendabelarrekin ikusitakoa eta ikasitakoa praktikan jartzen eta erakusten saiatzen da. Damu du sendabelarrez mintzatzen zenean amari kasu handiagoa egin ez izana.

Elena Garcia Quevedo kazetariak bere lanean aukeratu dituen lagunetako bat zara. Badakizu zergatik?

Belarretan asko zekien norbait bilatzen ari zela esan zidan. Argi utzi nion belar batzuen balioak badakizkidala, baina ez naiz aditua.

Hainbat motatako sendabelarrak erabiliz, ukendu bat egiten duzu. Badu izenik?

Erretrapua deitzen diote. Lehen ere egiten zuten ukendu hori. Trapu batzuk ukenduarekin busti, gainetik beste trapu bat jarri eta busti… trapuak bata bestearen gainean jartzen zituzten. Norbaitek infekzioren bat edo azala erreta zuenean jartzen zuen. Hortik datorkio izena.

Zertarako erabiltzen duzu zure ukendua?

Goxatu egiten du. Azazkal ondoan eta beste toki txarretan izaten diren zauri txikiak baina mingarriak direnak goxatu egiten ditu. Gauez eman, gainean tirita bat jarri, eta hurrengo egunean alde handia nabaritzen da. Ukendua ez da hiru edo lau egun emanda zaurian eduki behar, zikina kanpora ateratzen duelako. Zikina atera, eta hor uzten baduzu, zauria ez da sendatuko. Zauria egunero garbitu behar da, eta beste ukendu pixka bat eman. Ipurdian haur txikiek izaten dituzten erredurak sendatzen ditu, edo eguzkiarekin erretako larruazala ere lasaitzen eta sendatzen laguntzen du.

Zer erabiltzen duzu ukendua egiteko?

Berbena edo iruntzi belarra, pasmo belarra, zaingorria, plantaina eta intsusa. Tipula pixka bat ere ematen diot, baina asko ez, bestela tipula usain handia hartzen duelako. Intsusari hazia kendu egiten diot, printzipio toxikoa baitu. Kontu pixka bat izan behar da belarrekin, eta neurrian eta zertan ari zaren jakinda erabili behar dira. Belar horiek aurretik litro bat oliba olio birjinarekin prestatua dudan kazola batera botatzen ditut. Sua motel jartzen dut. Ez du presaka irakin behar belarrak, suabe-suabe baizik. Ez dirudi irakiten ari denik, landareek duten zukua askatu behar dutelako. Ordu eta erdi edukitzen dut. Egiten denean, iragazkitik pasatzen dut, belarrak kentzeko. Ondoren, 125 gramo argizari garbi botatzen diot. Urtzen denean, nahi dudan egitura hartu duen ikusten dut, eta, horrela, kristalezko potoetan sartzen dut. Hozten direnean, itxi, eta sabaian gordetzen ditut. Urte guztirako izaten dut ukendua.

Noiz aukeratzen dituzu ukendua egiteko behar dituzun belarrak?

Udaberrian aukeratzen ditut, garai honetatik aurrera, beraz. Oraindik berbena hasi gabe dago; puntak ateratzen ari dira, baina oso gutxi, hemen, Baztanen. Etxe inguruan ditut behar ditudan belar guztiak. Ingurura atera, begiratu, eta aukeratzen ditut. Ibiltzera joaten naizenean ere beti begiratzen dut bide bazterretan zer dagoen, gero non dauden jakiteko.

Belarrak ilgoran edo ilbeheran hartzen dituzu?

Egia esateko, ez dut hori aintzat hartzen. Hori bai, landareak beti hartu berritan botatzen dizkiot. Bestalde, belarrak ez dira inoiz zuztarretik atera behar. Gogoan dut ama zenak gizon bati landare jakin bat hartzeko egin zion gomendioa. Gizonak zuztarretik ateratzen zuen, eta urte gutxian erabat urritu zen inguruan.

Amari ikusita ikasi zenuen. Ama zenak afizio handia zuen?

Bai. 85 urterekin hil zen, eta oso osasun ona izan zuen beti, eta beti ibiltzen zen belarrekin bueltaka. Hau edo bestea hartzen zuen mina arintzeko. Nahikoa bazekien, eta nonbait min zenuela esaten bazenion, belar hau edo hura hartzeko esaten zizun. Gaztea nintzen, eta irudipena dut ez geniola kasu handirik egiten.

Pena duzu amari kasu handiagoa egin ez izana eta haren esanak bildu ez izana?

Bai, gaztea zarenean, amaren esan asko ez dituzu kontuan hartzen, edo kasu gutxi egiten duzu. Baina, orain, semerik gazteena hasi da nire bidean. Ukendua egiten ikasteko eskatu zidan. Asko erabiltzen du lanean, eta lagunei ere zauriak sendatzeko ematen die. Behin baino gehiagotan eskatu dit besteei emateko. Egiten ikasi du. Horrela, joaten naizenean, ez da galduko.

Gaiaz dakitenek batzuetan ez dute erakutsi nahi izaten. Besteei erakustea gustuko duzu?

Bai. Jakintza hori zuretzat gordetzea oker bat iruditzen zait. Inori kontatu ez, eta hiltzen bazara, hura galdu egiten da. Onak diren gauzak erakutsi eta hedatu egin behar dira, jendeak ikas ditzan. Nire pentsaera hori da, eta nire amarena ere hori zen, dakizuna erakustea, eta galdetzen duenari kontatzea.

Noizbait pentsatu duzu zure ukendua merkaturatzea?

Ez. Galdetu izan didate zergatik ez dudan saltzen, baina ez dut nahi. Behar dudana baino gehiago egiten dut, eta eskatzen didanari eman egiten diot. Norbaiti gaiztotu zaion zauriren bat ikusten badiot, eman egiten diot. Askok eskertzen didate; zenbat mesede egin dion esaten didate gero.

Baztango beste herrietan bada zu bezala belarrekin lanean aritzen den norbait?

Badakit belarrekin aritzen den jendea badela, baina ezin dizut erran zein diren, ez ditut ezagutzen. Herriko Harizti elkartean egin nuen sendabelarren aurkezpen bat 2008. urtean, eta egiten dakidana erakutsi nuen, baina ez dut beste harremanik inorekin.

Ez duzu pentsatu beste batzuekin elkartzea eta zerbait gehiago egitea?

Ez.

Noiz arte jarraituko duzu?

Ahal dudan arte. Orain 63 urte ditut, eta oraindik badut denbora.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.