Maialen Garmendia, EHUko irakaslea eta ikerketaren egilea: «Gurasoek erne ibili behar dute umeen argazkiak sarean jartzean»

Jon Eskudero / 2013-09-07 / 647 hitz

Haurrek gero eta gazteago dute Interneten sartzeko joera. Ikertzaileak kezkatuta daude ume horien pribatutasun digitala dela eta.

UPV-EHU unibertsitateak argitaratu berri duen ikerketa baten arabera, ikertzaileak kezkaturik daude zortzi urtetik beherako haurren pribatutasun digitala dela eta. «Asko dira Interneten sartzen diren haur txiki-txikiak, eta, ondorioz, ugaldu egin dira sarearen erabilerari lotutako arriskuen pean egoteko aukerak», ohartarazi du Maialen Garmendiak (Donostia, 1950), EHUko irakasle eta ikerketaren egileetako batek. Izan ere, datuek «zer pentsatua» sortzen dute. Ikerketak frogatzen du oso ume txikien artean gero eta joera handiagoa dagoela Internetera konektatutako gailuak erabiltzeko, batez ere ukitzeko pantaila duten tabletak eta smartphone-ak. Horregatik, gurasoen egitekoa oso dela garrantzitsua dio Garmendiak.

Zazpi urtetik gora daramatzazue haurrak eta Internet gaia aztertzen, eta, berriz ere, datuak kezkagarriak direla nabarmendu duzue.

Interneti eta haurrei buruzko ikerketak eta hausnarketak egiten ditugu EU Kids Online proiektuan. Badira urte batzuk ohartu ginela haurrak gero eta azkarrago murgiltzen direla teknologia berriak erabiltzen. Horregatik, orain hiru urte eginiko ikerketa batean, 9-11 urte bitarteko neska-mutilak izan genituen aztergai. Ordea, geroztik konturatu gara txikiagoek ere badutela Interneterako joera, eta ez gara arriskuez jabetzen. Oraingo ikerketak zera jarri du agerian: haur txikienek sarean ibiltzeko behar diren trebetasun tekniko, kritiko eta sozialak ez dauzkatenez, are ahulagoak dira Interneten munduan.

Gurasoek euren seme-alabek Internet erabiltzea nahi dute, teknologia berrietan iaioak izatea. Baina Internetek dituen arriskuen jabe al dira?

Bai eta ez. Kezka nagusietako batek zerikusia du haurren argazkiak Interneten argitaratzearekin eta gero argazkiok umeen aztarna digitalean izan dezaketen eraginarekin. Arriskuarekin lotura zuzena du pribatutasunak, eta aztertu ditugun datuetan argi ikus daiteke gurasoen artean zabalduta dagoela haur txikien argazkiak sare sozialetan jartzeko joera. Beraz, haurrek ez ezik, gurasoek ere erne ibili behar dute publikatzen dutenarekin. Ohiko bihurtzen ari da norberaren seme-alaben argazkiak Interneten jartzea, eta ez da txorakeria bat. Oso garrantzitsua da horren inguruan neurriak hartzea.

Besteak beste, haur horien arrasto digitala betirako sorturik geratuko da argazkiak publikatzean, ezta?.

Hori da. Oraindik gai horrek ez du hainbesteko garrantzirik Europan, baina AEBetan behin baino gehiagotan eztabaidatu izan dute. Eta, noski, gauza guztiak bezala, gero guregana helduko da gaia. Beraz, hobe zezenari adarretatiklehenbailen heltzea. Atentzioa eskatzen dugu haur txikienekin ditugun ohiturak hobeto zaintzeko.

Ohiko bihurtzen ari da aspertuta dagoen haur txiki batek gurasoen tresna hartu eta erabiltzea.

Azken urteetan areagotu egin da smartphone-aren eta ukitzeko pantailen erabilera, eta haurrak ere mundu horretan sartu dira. Haurrek helduen gauza berberak egiten dituzte. Imitatzeko joera dute, eta pantailatxoak oso erakargarri egiten zaizkie. Gehienetan, gainera, gurasook baino askoz abilagoak dira. Horregatik, garrantzi handia du gurasoek Internet hobeto ezagutzea. Eskoletan haurrekin egindako ahaleginaz gain, gurasoak ere trebatu egin beharko lirateke. Hezi egin behar ditugu. Bestalde, haurrentzako edukiak sortu behar genituzke. Haurrek eurentzat egokitutako edukirik topatzen ez badute, orri arriskutsuetan sartzen dira.

Haur txikien segurtasuna bermatzeko zeregina guztiena dela aldarrikatzen duzue.

Gurasoena, hezitzaileena, GKE gobernuz kanpoko erakundeena… Haurrek laguntza eta babesa behar dute. Segurtasun aldetik, erraztasunak jarri behar dizkiegu. Gurasoek, esate baterako, jarrera aktiboa izan behar dute, eta Interneten inguruan seme-alabekin mintzatu. Eskolan zer moduz dabiltzan galdetzen diegun bezala, euren sare sozialean zertan diren ere galdetu behar genieke. Ahalegindu behar gara haurrek Interneten onurak ahalik eta hobekiena erabil ditzaten, eta, aldi berean, arriskuetatik urrun daitezen.

Haur batek 12 urte egiten dituenean ohartzen dira gurasoak, akaso, Internet zaindu beharreko gaia dela. Baina, ordura arte ere badago zer eginik.

Noski. Ez da batere koherentea gurasoek seme-alaben argazkiak jartzea sare sozialetan, eta, haur horrek berak sare sozial bat sortzen duenean, debekatu araztea. Guraso askoren joera izan ohi da hori, baina haurrak ikusten duen hura ikasten du, eta txiki-txikitatik dago zer egina. Gurasoen paper hori zaintzekoa da, eta gu ari gara lanean euren arreta eta erantzunkizuna suspertu nahian.

Gurasoentzat eta hezitzaileentzat gomendio batzuk argitaratu dituzue proiektuan.

Iruditzen zaigu segurtasunerako hezkuntza garatu eta sustatu behar litzatekeela adin talde guztietan, haurtxo txikiak edota haurtzaindegietako umeak barne. Bestalde, eta berriro diot, gurasoak heztea ezinbestekoa dela pentsatzen dugu, euren haurren argazki eta bideoak zabaltzearen eta aztarna digitalean izan dezakeen eragin kaltegarriaren inguruan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.