Barruko obsesioak hustu ditu bere poema liburuan Aritz Mutiozabalek

Kristina Martin / 2013-10-16 / 414 hitz

‘Gorren dantzalekua’ ehun bat olerkiz osatutako bilduma plazaratu du, Maiatz argitaletxearen bitartez.

«Pertsona gor bat dantzaleku batean jendez inguratuta egon daiteke, baina izatez bakarrik dago, jokoz kanpo, galduta». Sentsazio horrek abiarazi zuen Gorren dantzalekua poema liburua, Aritz Mutiozabalek argitaratu duen lehen lana, Maiatz argitaletxearen eskutik.

Aritz Mutiozabal (Zarautz, 1980) kazetaria da lanbidez; egun, Urola Kostako Hitza-n lan egiten du. Poesiarekiko harremana gaztetan hasi bazuen ere, eta zenbait poesia lehiaketatan sariak jaso dituen arren, lehenengo liburua du Gorren dantzalekua.

Kritika sozialak isla du olerki bilduma horretan. Egungo gizartearen berekoikeria eta komeni zaiena entzuten duten pertsona horiei buruzko aipamenak azaltzen dira. Baina, funtsean, «neure buruarekiko borroka kontatzen du liburu honek. Buruari kasu egingo diot ala bihotzari? Gorrarena egingo dut arrazoiketa logikoen aurrean eta sentipenak esaten didana jarraituko dut, ala alderantziz?», galdetu dio bere buruari. «Buruhauste horiek obsesio bihurtzen direnean, ezinegona eta itolarria sartzen zaizu. Eta irtenbiderik topatzen ez duzunean, zurrunbiloaren erdian zaudela sinesten duzu. Pertsona gor bat larunbat gauean dantzaleku batean bezala», azaldu du.

Pertsona gorren sentsazio hori Alejandro Gonzalez Iñarritu zinemagile mexikarrak irudikatu zuen Babel filmean (2006). Istorio horietako baten protagonista gorra den nerabe japoniar bat da. «Sekuentzia batean, neska agertzen da dantzaleku handi batean. Musikak etengabe jotzen du, baina neskak isiltasuna besterik ez du entzuten», gogorarazi du Mutiozabalek. «Liburu hau idazten hasi nintzenean, lehenengo poemak isiltasunaz eta bakardadeaz ari zirela konturatu nintzen, eta sekuentzia hori etorri zitzaidan burura», azaldu du. «Orduan erabaki nuen gortasuna izango zela liburu honen hari gidaria».

«Barrukoak hustu ditut, eta, sentimendu horiek kanporatuta, ondo sentitu naiz. Zoriontasuna bilatzeko ariketa izan da; neure burua aurkitzeko baliagarria izan da», aitortu du. Ehun bat olerkiz osatutako bilduma horretako erreferenteak kulturan aurkitu ditu idazleak: «Oso gustukoa dut kultura, eta agertu ditudan ikurrak, literaturatik, zinematik, artetik eta musikatik hartu ditut».

Dena dela, Mutiozabalek ohartarazi du olerkiak ez direla diruditen bezain serioak eta sakonak. «Umore beltzak, ironiak, absurdoak, kontraesanak eta surrealismoak ere lekua izan dute».

Nerabezaroan sortu zitzaion Aritz Mutiozabali poesiarekiko grina. «Nire ikastetxeko lagun batek esan zidan bere maitaleari olerkiak idazten zizkiola. Ni ere poesia idazten hasi nintzen orduan, baina ez ziren maitasunezko olerkiak». Bere kezkak adierazteko tresna egokia topatu zuen Mutiozabal gazteak.

Bi urte eta erdiko prozesuaren emaitza izan da Gorren dantzalekua bilduma. Hasieratik oso argi izan zuen gai baten inguruko liburua osatu nahi zuela. «Badakit ez direla garai onak poesia argitaratzeko, ezta idazle gazteentzat ere, argitaletxe gehienek ez dutela gure alde apustu egiten, baina Maiatz argitaletxeak egin zuen nire aldeko apustua. Ilusio berezia egiten dit, gainera, Iparraldeko literatur elkarte batek niregan sinistu izanak».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.