Jon Sarasua, idazlea: «Diskurtso autonomo bat behar du euskararen gizarte-erakunde sareak»

Ainara Arratibel Gascon / 2013-10-12 / 1.018 hitz

«Diskurtso autonomo bat behar du euskararen gizarte-erakunde sareak»

Urteak daramatza Jon Sarasuak euskarari buruzko hausnarketak egiten. Horien bilduma egin du ‘Hiztunpolisa. Euskaltasunaren norabideaz apunteak’ liburuan. Pamielak argitaratu du.

Etorkizuneko ikuspegia zehazteko orduan «lausoaldi» batean ikusten du euskaltasuna Jon Sarasuak (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1966). Hori aipatzen du argitaratu berri duen liburuan. Ikuspegi eraikitzaile batekin idatzi du.

Hiztunpolisa. Euskaltasunaren norabideaz apunteak jarri diozu izenburua liburuari. Zein norabidetan eta nola ikusten euskaltasuna?

Esango nuke etorkizuneko ikuspegi aldetik horrelako lausoaldi batean gaudela. Euskaltasunaren norabidea, iparra, ortzemuga, berrikusteko beharrean gaude. Horrek estrategietan eragiten du. Estrategia, azken batean, bisioaren edo etorkizun ikuspegiaren alaba da. Hala, estrategia mailako ahulaldian gaude, plan estrategiko asko egin arren. Modu orokor batean esaten liteke hori, arlo guztietan ez baikaude berdin. Nola goazen galdetzean, gainera, diagnostikorako arazo batzuk ditugu. Belaunaldi batzuen ametsak ekarri gaitu honaino, baina, aldi berean, ametsekin eta irudikapen lodiekin arazoa izan duen belaunalditik gatoz. Ametsaren eta errealitatearen arteko zubi asko erori da, eta ingenuitatetik frustraziora bueltaka dabil pendulua. Horrela, non gauden patxadaz ikustea ez da erraza.

Askok diote garaia dela estrategiak errotik aldatzeko. Zuk ere horrela uste duzu?

Errotik aldatzearena errazegi esaten da. Apaltasun eta jakin-min pixka batekin begiratu behar ditugu azken 50 urteetako loraldi honetan izan ditugun estrategiak eta egin ditugun bideak. Asko egin da, eta gauza askotan segitzea dagokigu. Arlo batzuetan, norabideari eutsi behar diogu, baina gauza batzuk finduz. Hezkuntzan, hedabideetan, kulturgintzan, nazioartekotasunean… Norabideei astindu bat emateko modua egin beharko dugu.

Nork zehaztu behar ditu?

Liburuan lantzen den angeluetako bat da botere eta ahalmen-gune desberdinen arteko ulermena lantzearena. Gure komunitatea ere egitura desberdinak dituzten erakundez osatuta dago. Egitura instituzional publikoa, gizarte antolatua eta pribatu-lukratiboa. Zehaztasunez aztertu behar ditugu funtzio banaketei buruzko aukerak. Zer dagokion administrazioari, zer gizarte zibil antolatuari eta zer indar lukratiboei. Debate hori, bereziki botere publikoaren eta gizarte ekimeneko erakundeen funtzioena, kutsatuta egon da iraganeko botere-kontrabotere, instituzio-antiinstituzio zatiketa horren eraginez, borroka armatua tartean zela. Baina orain aldarte berriz planteatu behar da. Etorkizuneko gaia da gizarte gehienetan, eta gehiago gurea bezalako hiztun komunitatean.

Liburuan diozu bi alderdi abertzale nagusiek duten hegemonia lehia horren ondorioz arriskuan egon daitezkeela euskarak behar dituen estrategia edo apustu ezinbesteko horiek. Bi alderdietan ikusten duzu horren erantzukizuna. Ez al lukete bat egin behar euskararen inguruko estrategietan?

Badira horretarako arrazoiak. Aro berria aipatzen da, baina ez da ziurra aro berri horrek blokeo mental batzuk aldatzeko adina arnasa ekarriko duen ala lehengo dinamika batzuetan segituko dugun modalitate berrian. Bi familia abertzale handien artean lehia elektorala dator hurrengo urte askotan; hori da egiten duten diseinu erreala. Hor demagogia da, eta izango da alderdien ohiko hizkuntza. Hala beharko du, eta alderdiek egin dezatela beren lana. Arazoa da alderdien arteko markatzeak negatiboki determinatuko dituela hiztun komunitate moduan behar diren aurrerapauso estrategikoak. Aurrerapauso horiek material delikatua dutelako eta batzuen mesederako erabiliko diren beldur izango direlako bat edo bestea. Edonola ere, euskarazko gizarte erakundeen sareak diskurtso beregain bat, doinu propio bat eta estrategia autonomo bat landu behar du, alderdi diskurtsoen usainetik oso bestelakoa. Mailak eta geruzak bereizi behar dira, eta bakoitzaren lekua zein den jakin. Orain artean baino hobeto eta sakonago.

Horri lotuta, zure ustez Kontseilua sortu zenean aukera bat galdu zen euskalgintzaren arlokako beste mamitze bat egiteko. Egungo egoeran zein izan behar du Kontseiluaren paperak?

Batetik, bada azpiegitura publikoz osatutako abaniko bat, eta hizkuntz azpiegitura sozialez osatutako beste bat. Biak beharrezko funtzioak betetzen eta, neurri batean, osagarriak. Bakoitza gizarteko plano batean ari da lanean, eta bakoitzak ditu bere etxeko lanak eta funtzioak. Gure kasuan, euskararen gizarte-erakundeen espazioak lau funtzio lodi bete ditzake hiztun komunitatean: gidaritza sinbolikoa, arlokako estrategia, lotura eta ahotsa. Gertatzen da lan hori egin behar duela zeharkako sinesgarritasun politiko sakon eta indartsu batekin, bestelako doinu eta estrategia multzo batekin. Hori etorkizun hurbilean egin daitekeela uste dut; orain arte ez da egin, eta gauza batzuk astintzea eskatuko luke euskalgintzan.

Zergatik ezin da?

Aurreko aroan izan ditugun turbulentzia politikoetan ez duelako asmatu beste plano batean kokatu eta diskurtso beregain bat benetan garatzen. Partzialki bai, baina ez nagusiki. Diskurtso, doinu eta estrategia propio autonomo horren sinesgarritasuna irabazi egin behar du.

Defendatzen duzunean euskara ez dela alderdi jakin batekin lotu behar, horretaz ari zara?

Nire ustez, euskarak behar duena ez da despolitizazioa, baizik berpolitizazio moduko bat, bestelako oinarri batzuetan. Berpolitizazio horretan euskararen hauspoan diharduen geruzari badagokio bere kartak jokatzea. Eragile garrantzitsua izan daiteke, gainera. Baina jakin behar dugu gizartearen funtzioak eta geruzak bereizten. Bereizketa horretan oso fin harilkatu behar dugu, beste behin oker handiak egin ez ditzagun, azken hamarraldiotan egin dugun oker errosarioarekin jarraituz.

Euskarazko hedabideen esparrua sortzea eta pentsatzea da datozen hamarkadetako etxeko lanetako bat zure ustez. Nola?

Egiturazko arrazoi askorengatik hedabide apustu batzuen etorkizuna zalantzazkoa da. Hiztun komunitate moduan hedabideak pentsatzeko modua bilakarazi behar dugu. Adibidez, kontsumoa estrukturalki zatikatu bada, ezin diozu erantzun telebista eta irrati bakar baten apustuarekin, lehen bezala. Eskema aldatu behar. Horrek eskatuko luke diru publikoaren banaketaren meloia irekitzea. Hedabide publiko eta herri ekimenekoen arteko amildegia leuntzea. Baina hori gertatu ahal izateko, lehen esan dudan xake politiko alderdikoia ere horretan desaktibatu egin beharko da. Hori aldatzen ez den bitartean, eta euskarazko hedabide nazionalek sinesgarritasun politiko transbertsal kontrastatuagoa erakusten ez duten bitartean, beste hori ere ez da hain erraza izango. Apustu, tonu eta esperimentu berriak beharko dira.

Bide horretan, nola ikusten duzu Hekimenen gisako egitasmo bat?

Uste dut horixe zela egin behar genuena duela hamabost urte, Kontseilua sortu zenean. Ez bakarrik hedabideen kasuan: kulturgintzan, unibertsitate ametsaren gaian, lan mundua euskalduntzean…. Hau da, arlokako estrategiak bultzatu eta trinkotu, eta indar politikoen mahai gainean sinesgarritasunez jartzeko moduko planteamendu eta estrategietara iritsi. Gutxienez hamabost urte berandu goaz honetan. Orduan hau egiteko analisi eta baldintzak bazeuden, baina, zoritxarrez, herri honetan beste musika batzuk nagusitzen ziren euskalgintzako eragileen buruetan ere. Aurrera begira ere, ikusi egin behar hau aldatzen den.

Zergatik diozu batzuk haserretu egingo direla liburuan esandakoa irakurrita?

Tira, nik esan dudana da lagunen arteko bakeagatik ez ditudala ideia batzuk ezkutatu. Liburuaren erdia hizkuntzaren geroa pentsatzeko oinarri batzuei buruzkoa da, eta bigarren erdia, organikoa, organoentzako ideiak. Pentsamenduaren eta ekintzaren arteko kontrabandoan idatzitako testuak dira. Eta, jakina, horrek alor zehatzetan bustitzea eskatzen du, eta hemen denok ezagutzen edo estimatzen dugu elkar. Bostehun testu labur ditu liburuak, eta tonu asko nahasten dira, baina, oro har, aldarte eraikitzailean egina dagoen saiakera bat da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.