Heziketa aisiaren bidez

Imanol Mercero / 2013-11-17 / 393 hitz

  • Izenburua: Beldarren hegaldia
  • Egilea: Irati Bediaga
  • Ilustratzailea: Enrique Morente
  • Argitaletxea: Elkar

Heziketa aisiaren bidez, hauxe da kaleratzen diren haur literaturako liburu sortu berrien ezaugarri nagusia. Oso ohikoak bihurtu dira haurrei balio hezitzaileak transmititu nahi dizkieten obrak. Aurkezpenetan indar berezia jartzen da liburuaren dohain hezitzaileak azpimarratzen, «liburu honek berdintasuna, elkartasuna, askatasuna… lantzeko balio du» esaten zaigu, iradokiz bezala haurra liburu hori irakurtzen jarrita pertsona hobea izango dela, edota mundu hobeago bat eraikitzen ari garela. Dudarik gabe, modak eta gizartearen joerak bultzatuta iritsi gara gauden lekura.

Baina has gaitezen hasieratik, bestela liburu honen agerpena atzekoz aurrera egingo dugu eta.

Irati Bediagaren opera prima da lan hau —harritzekoa ez dena, idazleak 23 urte besterik ez dituelako— eta ondo hasi da gainera galdakoztarra, Mikel Zarate sariketako aurtengo sariduna izendatu baitute obra.

Idazlana lau ataletan banatutako narrazio luze bat da, marrazkiekin 56 orrialde hartzen dituena. Idazketa arina du, esaldi labur, ulergarriekin egina, sinplea eta eraginkorra. Ilustrazioen ekarpena kontaketa berrestea da.

Argitaletxeak hamar urtetik aurrerako irakurleentzat gomendatzen du, agian istorioaren protagonista hamar urteko neskato bat delako, baina gazteagoa ere ausartu daiteke irakurtzen, LHko bigarren zikloko ikasleentzat ere ez dirudi-eta erronka zailegia.

Istorioak protagonista une deseroso batean kokatzen du, berak nahi ez eta ingurukoei men egitearren balleta ikastera joaten denean. Kontaketa haurraren pentsamenduetan oinarritzen da eta, lehen pertsonan kontatuta dagoenez, zuzenean jasotzen dugu ezerosotasun honen berri. Ez dirudi kasualitatea bere izena Nahia izatea.

Pertsonaia gutxi agertzen dira, Nahiarekin batera bere familia ezagutzen dugu, baita bere ikaskideak eta ballet-irakaslea ere. Orotara ez dira hamar lagun.

Nahia zalantzakorra da, bere sentimenduak jendaurrean adierazteko hitzak aurkitzea kostatzen zaio. Hala ere, narratzaile eraginkor eta zehatza da, une bakoitza deskribatzen asmatzen du eta irakurleak ez du arazorik izango aldi oro gertatzen ari denaren berri jasotzeko. Bere zalantzak bereziki elkarrizketetan nabarmenduko zaizkigu, baina baita barne hizketan ari denean ere. Gainera, ohitura du deigarriak egiten zaizkion esaldiak gordetzekoa, bere koaderno morean: «Ausarta ez da beldurrik ez duena, berauei aurre egiten diena baizik…» eta halako perlak, den- denak adoretzeko aproposak.

Ingurunea protagonista zalantzatia laguntzeko prest agertzen da, esan liteke Nahiarentzako existitzen direla, ez baitute beste zereginik neskatori jarraitzea ez bada. Denen artean hari narratibo sinplea josten dute, amaierako korapilo askatzea gertatu arte.

Azken batean, obra hau irakurleari mezu jakin bat helarazteko prestatua dago, pieza guztiek norabide berean egiten dute indarra. Ahalegin honekin literatur balioa balio pedagogikoen mende jartzea lortzen da, sarreran aipatutako ildoa jarraituz, obra terapeutiko bat osatzen.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude