Koldo Izagirre, idazlea: «Langileen munduarekin zerikusia duen guztia suntsitu dute Donostian»

Juan Luis Zabala / 2013-11-13 / 1.886 hitz

Poesiara itzuli da Koldo Izagirre ‘Parisen bizi naiz’ liburuan, hiriaz duen ikuspegia gaitzat hartuta. Gaiak aldatu arren, eta formalki errimari eta neurriari lehen ematen ez zion garrantzia eman arren, poesiaz duen kontzepzioa funtsean ez dela aldatu dio.

Aspaldidanikoak ditu hiriari eta hirigintzari buruzko kezkak eta arrangurak Koldo Izagirrek (Altza, Donostia, 1953). Naturalak zaizkio bizi izan den lekuetan ikusi dituenak ikusi ondoren. Donostiari begira eman du aditzera bere ikuspuntu kritikoa Parisen bizi naiz poema liburuan (Susa), baina bere hiriari egindako kritiketan oso gaurkoak diren ezinegon unibertsalak islatu ditu poetak.

Hiria du Parisen bizi naiz poema liburuak gai nagusi eta ardatz. Nondik datorkizu hiriarekiko kezka hau?

Ez naiz hirigintzan aditua, eta ez dut esango nire txikitako bokazio bat denik horretaz idaztea. Baina txikitatik ikusi dut Altzaren transformazioa. Altzan jaioa naiz, han bizi izan nintzen lehen bost urteetan, eta gogoan daukat geografia bat: sagastiak, larreak… Gero etxe pobreen multzo handiak egin ziren han, masifikazioa… desastre urbanistiko bat. Bestalde, gaztetan, Errenteriako Asanbladak ere garrantzi handia izan zuen; hainbat batzorde sortu ziren asanblada haren barruan, eta horietako bat hirigintza batzordea zen. Uste dut Errekalde Berrikoaren ondoren aurrenekoa izan zela; Gipuzkoako aurrenekoa bai behintzat seguraski. Beraunen, Galtzarabordan, Pontikan… izugarrizko masifikazioa eta urbanizatu gabeko etxe metaketa bat sortu zen, eta sekulako premiak zeuden une hartan. Horrez gain, Donostiaren mugan bizi izan naiz beti, eta Donostiako Udalak egin izan dituen desastreak ikusi ditut. Ondare industriala nola suntsitu duen, adibidez.

Altzari buruz diozunak Joan Mari Irigoienen Oilarraren promesa (1973) ekartzen du gogora.

Bai. Eta oso poema adierazgarria ere idatzi zuen Irigoienek Altzako desastre urbanistikoaz. Gure literaturan lehendik ere bazetorren gaia. Gogoan daukat Juan Mari Lekuonaren Porlandi poema luzea, Añorgari buruzkoa, oso interesgarria. Oso ondo erretratatzen du Añorga. Baserriaren edo mundu ruralaren nostalgia bat badauka poemak, gero Xabier Letek eta Lourdes Iriondok kantatu zuten egile beraren Errota zahar maitea-k bezala, baina Añorgako porlandi hori era positiboan interpretatzen du, ongi-etorria emanez albo-kalte horiei, lanbide duinago bat eta etxebizitza duinago bat lortzeko beharrezkoak baldin badira. Patxi Ezkiagaren Loiolako bariantearen balada ere oso interesgarria da, salaketa tonuan idatzia, teknikoki oso zaindua, egilearen obra osoa bezala.

Donostia Udalak hiriko merkatuekin izan duen jokabideak bereziki mindu eta asaldatu zaitu.

Bai. Oro har, popularra dena edo langileen munduarekin zerikusia duen guztia suntsitu dute Donostian. Nire kasuan, ez da jarrera ideologiko bat horretaz kezkatzea, gauza naturala baizik, langile artean bizi izan naizelako beti. Ilusioa egiten dit, adibidez, Luzuriagaren izena Kursaaleko zubian eta Gipuzkoako plazako faroletan ikusteak. Industrialdeak sortu dira, eta lehen kalean zeuden tailerrak eta fabrikak horietara eraman dituzte. Erosotasunak eta kutsadurak zer ikusia izango dute horretan, baina horren kalteak ez ditugu aipatzen: herri zentroak kuriosoago egongo dira, baina herri zentro horietatik desagertu egin da lana. Lana oso urrun dago. Segurtasunaren ikuspuntutik ere, herri batean tailerrak izateak konfiantza giro bat sortzen du: edozertarako laguntza eskatzeko, botikina behar izanez gero eskura izateko… Oso interesgarriak dira kalean ateak irekita egiten zen lanak herriarentzako zeuzkan onurak.

Donostiak ez ditu onura horiek aintzat hartu…

Donostia espezialista da hori guztia suntsitzen. Ez bakarrik zentroan, baita estraradioan ere. Adibiderik onena Antigua auzoa da: ez da han zeuden fabriken arrastorik utzi, eta burgesia ertain bat kokatu da. Begiak behintzat ezin du oroitu han zer izan zen. Beste adibide bat: Buenavistan zegoen duela fabrika ere —duelak barriketako oholak dira— suntsitu egin zuten. Beatriz Herrerasek publikatua du estilo katalaneko arkitektura industrialeko eraikin garrantzitsuena zela Gipuzkoan. Badirudi zerbait egiteko, beti, suntsitu egin behar dela lehenik. Hori ez da horrela munduan. Beste hiri batzuetan ez da horrelakorik egiten. Eraikitzeko ez da preziso suntsitzea.

Dena den, horrelakoak ez dira soilik Donostian ikusten.

Orion esaterako, ikusten da Patziku Perurenak bordaberrismoa deitzen duen hori. Aizarnazabalen ere ikusten dira etxe adosatuak piszina partikularrarekin, hesi metalikoz inguratuak. Country moduan daude programatuak.

Oiartzun aipatu zenuen liburua aurkeztean.

Bai, Oiartzunen ere bai. Ez da soilik Donostiako kontua. Aparkatzeko lekua etxearen azpian dago, eta etxera kotxe eta guzti sartzen zara. Ez duzu pauso bakar bat ere eman behar etxe inguruan. Horrela bizi den jendeak ez du hitzik ere behar, eta askotan bertakoen hizkuntza ez daki. Bertakoekin batere harremanik izan gabe ere bizi daiteke. Kibutzen politika gogorarazten dit: lurraldeak okupatu eta kibutzak eraiki, bertako biztanleria baztertuz. Hemengo etxeen kasuan, norbera auto-baztertzen da halako esparru gotortu batean: hesiak, bideo kamerak, piszina pribatua eta, noski, lur azpiko aparkalekua. Eredu hori ez da inondik ere jasangarria. Hiriak, gainera, elkarrekin bizitzeko sortutako guneak dira. Hiri bat ez da baserri multzo bat. Kaletarrak gara, ez bordaberritarrak edo villatarrak, eta kaletarra izateak esan nahi du kalean egitea bizimoduaren parte garrantzitsu bat. Hiritartasuna edo herritartasuna sortzeko, kalea beharrezkoa da. Horren ordez, biztanle kontsumitzaile eta pasibo bat bilatzen da, isolatuta bizi dena.

Gogorra zara Donostiak eskaintzen duen ikuspegi turistikoarekin: «perla polit biribila / dendarien hiri hila / ederrera iritsi ezin den / guztiaren faksimila». Zerk amorrarazten zaitu hainbeste?

Donostia turismoari oso emana dago, «perla polit biribila» delako besteak beste. Turismoa inbasiboa da, eta morrontza dakar. Hala ere beste turismo baten, edo beste bisitari mota baten gusturako aukerak eskaintzen dituela uste dut, eta ez duela saio handirik egin horretan. Turismo kulturala, edo turismo gastronomikoa; horrek ere behera egin baitu, nire ustez, azken urteetan. Aldian aldiko postala sortzen du Donostiak: garai batean bere dendak eta bere bulebar frantsestua, gero bainuak eta Kontxako hondartza; geroHaizearen orrazia; gero Kursaala; Donostia beti dago horrelako postal baten atzean, benetako eskaintza bat egin gabe, eta hiria bera nortasun propio batez eraiki gabe. Tabakaleran daukagu adibiderik onena.

Tabakalera? Zergatik?

Ez dakite zer egin. Hartu, bota, berriz eraiki… Hor daude entretenituak. Zuzendari bat hautatu, gero zuzendariak esaten duena hurrengo egunean politikariek sekulako interbentzionismoarekin ezeztatu… Ez dago burubiderik. Baina baldintzak emanak zeuden gauza diferente bat egiteko: hor lan egiten zen, eta lan egiten zuten gehienak emakumezkoak ziren. Beraz, lana eta emakumea. Uste dut gai horrekin gauza eder bat egin litekeela, polo bat izan litekeela, ez turismorako, hiriaren motore kultural eta sozial bat izateko baizik, nazioarteko kongresuetarako… Eraikinak berak adierazten zuen zer potentzial zeukan. Langile ohiekin elkarrizketak egin zituzten, eta erakusketa bat, oso interesgarria, baina ez zuten bide horretatik aurrera egin. Hura konpromisozko gauza bat izan zela dirudi.

Donostiak bere historia «asumitu» behar duela esan zenuen liburuaren aurkezpenean.

Okendo, esate baterako. Viktoria Eugenia [antzokiaren] eta Maria Cristina [hotelaren] artean, Okendoren estatua dago, pedestal baten gainean eta plaka batzuekin. Interesgarria da plaka horietan zer jartzen duen jakitea. Donostiak asumitzen du hori? Asumitzen ditu okendotarrek Ameriketan egin zituzten balentriak? Ohore zaio, edo zer zaio? Ohore ez bazaio, zer edo zer egin beharko du.

Liburuko aurreneko poeman «bekatuak banatzen dizkigun sacré-coeur ankerra» eraisteko proposamena ageri da. Urgullekoa, noski.

Ez dakit zergatik ez duten egiten. Elizaren erreakzioaren beldur izango dira beharbada… Baina hori faxistek gerra ondoren jarritako ikur bat da. Nik uste dut Donostiak bere historia asumitu behar duela, eta zer izan nahi duen erabaki, nortasunik gabe geldituko ez bada. Badirudi ez duela langile izan nahi. Baina, zer izan nahi du? Donostiak bere burua hiriburutzat oso erraz aurkezten du batean eta bestean. Edo euskararen hiritzat. Baina kontuz! Horrek konpromiso bat eskatzen du.

2016an Europako kultur hiriburu izatea lagungarri izango da?

Diferentea izateko baldin bada, bai. Baina Donostiak ez du orain arte hiri diferente bat izateko inolako asmorik erakutsi.

Barne errimak poeten sindikatuan poeman «aro berria» deitu ohi denari buruzko ikuspegi kritiko bat igartzen da.

Bai, badago halako kritika bat kamarada idazkariari. Bada halako beldur bat, bat-batean legearen barruan legegileak baino zorrotzagoak izango ote garen. Uste dut ezker abertzaleak borroka ez instituzional eta extraparlamentario interesgarri bat eraman duela, bere akats eta problema guztiekin. Hori bat-batean deuseztu eta ilegalizazioaren beldurrak zurruntasun batera eramango ote gaituen, hori da kezka. Ez dut uste hori gertatuko denik, baina zantzu kezkagarri batzuk badira. [Vladimir] Maiakovskik ere badu poema bat idatzia komisario jaunari. Horrelako zerbait da nirea ere, beste klabe batean, umorezko klabean.

Forma aldetik, azken liburuetan agerikoa da forma errimatuak erabiltzeari hartu diozun gustua. Zergatik?

Errima oso interesgarria iruditzen zait, poeta uste ez duen zerbaitera eraman dezakeelako. Baldin eta, jakina, esan nahi duen hori aldatzen ez bada, errimak behartuta. Bestetik, estrofa molde berriak sortzea ere oso interesgarria da. Ikustea zer gauza egin daitezkeen ohiko molde metrikoetatik kanpo… Hori oso entretenimendu polita da.

Gero eta gehiago dira zure poema musikatuak. Errimak horretan lagundu du? Edo alderantziz izan da prozesua, eta musikatze horiek eraman zaituzte errimaren balioaz jabetzera?

Duela urte asko Imanol kantariarekin izan nuen enkontru bat kalean. Ikusi ninduen eta esan zidan: «Hi, hire poema pare bat musikatu ditiat». Izututa geratu nintzen, ez nuelako uste musikagarria izan zitekeenik nik idatzitako ezer. Gero, pentsatzen jarrita, jabetu nintzen Imanolek sekulako kantu politak egiten zituela poema irregularrekin. Mikel Arregiren Zuek hil zineten neukan gogoan batez ere. Horrek zerikusia izango du seguru asko nik gerora erriman eta neurrian saio batzuk egitearekin. Horretan oso inportantea izan da Joseba Tapiarekin izan dudan lankidetza. Kantari batekin, musika sortzaile batekin, asko ikasten du batek. Ez da neurria eta errima bakarrik. Askotan inportanteagoa da bokalen arteko jokoa edo kantaera bera… Baliteke paperean perfektua dena ez izatea perfektua kantuan. Askotan interesgarriagoa da kantariarentzat testuak neurriak eskatzen duena baino silaba bat gutxiago izatea, kantariak bokal bat luzatzeko aukera izan dezan, adibidez… Horrek zerikusia izango du, noski, nik gero idatzi dudan poesiarekin.

Forma aldetik ez ezik, gaietan ere bada aldaketarik zure azken poema liburuetan. Poesiaren izaerari eta zereginari buruzko zure iritzia asko aldatu da Balizko erroten erresuma argitaratu zenuen garaitik?

Ez dut uste. Akaso hura berriz irakurrita lotsatu egingo nintzateke poema batzuen kalitate eskasagatik. Baina, gogoan daukadanagatik, ez ditut arbuiatuko. Ez dakit iritsi nintzen edo ez, ez dagokit niri hori esatea, baina exijentzia maila batekin egin nituen. Ez naiz monotematikoa, gaiak aldatu dira. Lehen ildo bat neukan nagusi, eta beste ildo bat hartu nuen gero. Logikoa da kantagai edo idazteko gai desberdinak izatea aro desberdinetan; edo aro berean ere, pertsonak konplikatuak garelako.

Prentsan argitaratutako sei artikulu ere txertatu dituzu poema liburuan. Ez da oso ohikoa. Zerk bultzatu zaitu horretara?

Beti berdin gertatzen zait. Nik ez nuen uste sekula Autopsiarako frogak bezalako liburu bat idatziko nuenik. Ez neukan batere gogorik hizkuntzari buruz idazteko. Horretarako badaude beste batzuk, eta gainera aspergarria iruditzen zait. Ez ditut aguantatzen hizkuntzari buruzko artikuluak. Baina hain gauza grabeak ikusi nituen… Gero eta lotsagabeago ikusten nituen zenbait euskoeszeptiko edo euskokritiko edo, besterik gabe, euskararen etsai… Orduan hartaz idazten hasi nintzen, jo eta su, seguru asko barrenak hala eskatuta. Zalantzak izan nituen publikatu ala ez, eta pentsatu nuen blog batean hobeto leudekeela artikulu haiek liburu batean baino. Baina Gorka Arresek esan zidan ezetz, hobe zela liburua publikatzea eta halaxe egin genuen. Egarri egunak portualdean ere berdin. Ipuin bat zen, baina erakutsi nion Arreseri, eta esan zidan nire alferkeria hutsagatik zela ipuina eta ez eleberria. Ez dakit ondo egin nuen edo ez, baina garapen bat eman nion eta nobela gisa argitaratu nuen. Hirigintzaren gai honi heldu nionean, nire lehen asmoa saiakera moduko bat egitea zen. Baina ez neukan maila teknikorik horretarako. Oso gauza inpresionistak baino ezin nitzakeen egin. Artikulu inpresionistak ere polit askoak dira, eta balio dezakete teknikoki adierazten zailak diren gauza adierazteko, baina saio batzuk egin ondoren ez nintzen konforme geratu. Gero, artikuluetako batzuk poema liburuan sartzea erabaki nuen, pentsatuz ondo integratzen zirela.

Zertan ari zara orain? Zer lan duzu esku artean?

Carlos Drummond de Andrade poeta brasildarraren poema antologia euskaratua ari naiz prestatzen, eta nahiko aurreratua daukat dagoeneko. Bestalde, Egarri egunak portualdean, berez, ipuin multzo bateko alea zen, eta orain berriro hartu nahi dut ipuin liburu horren proiektua, etenaldi baten ondoren. Horri heltzeko asmoa dut.

Nobelarik ez?

Nobela baten asmoa beti dago hor, nire kasuan. Beharbada beste denak egiten ditut hari ez ekiteko.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude