«Euskara ez da gugandik kanpo dagoen ondarea»

Juan Luis Zabala / 2013-12-19 / 381 hitz

Joxe Austin Arrietak bi saiakera labur bildu ditu ‘Berriro eta behin’-en, euskarari buruzkoa bata, Txillardegiz bestea.

«Ez dut uste ideia berri askorik dagoenik liburu honetan, edo batere ez beharbada», adierazi zuen atzo Joxe Austin Arrietak (Donostia, 1949) Berriro eta behin. Euskara dela eta Txillardegi gogoan liburua (Txalaparta) aurkeztean. «Laburbilduta dago hemen nik nola ikusten dudan gure betiko arazoa, gure trending topic edo dena delakoa: gure hizkuntzaren arazoa eta bizirauteko dituen ahalbideak. Hemendik eta handik asko jorratutako eta askotan adierazitako ideiak daude, denak neure pasapuretik paseak».

Bi saiakera labur biltzen ditu liburuak: Dorraoren inguruan berriro eta behin, Arrietak 2012ko urriaren 24an Eskoriatzako (Gipuzkoa) Hihezi fakultatean emandako hitzaldiaren bertsio idatzia; eta Itsasoaz honaindi, Arrietak 2013ko urtarrilaren 25ean Euskaltzaindiak Donostian egindako ageriko bilkuran irakurritako Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-ri buruzko txostena. Joxe Azurmendik idatzitako hitzaurrea eta eranskin bat ere baditu liburuak. Eranskinean, Joxe Manuel Odriozolaren Estatu etnozidaren kontra liburuaren (Elkar, 2011) hainbat pasarte komentatu ditu Arrietak.

Arrietaren ustez, «espejismo galgarria» litzateke euskararen egungo egoera suziriak botatzeko modukotzat jotzea. «Beste bi hizkuntzak, espainiera eta frantsesa, maratoia korritzen ari dira eta gu, gehienez ere, Zainketa Intentsiboen Unitatean ez baldin bagaude, erietxeko pasilloan, gure tantaz tantako gazuraren tramankulua garraio. Baina maratoia korritu behar genuke».

Ados jartzeko ezintasuna

Aurrera egiteko lehen oztopoa adostasun falta da, Arrietaren ustez, jeltzaleek eta ezker abertzaleak Telesforo Monzonek metaforikoki aipatutako Maltzagaraino elkarrekin joateko duten ezintasuna. «Uste dut ez garela ados jartzen askotan ahazten zaigulako gauza xume baina funtsezko bat: euskara ez dela gugandik kanpo dagoen ondare bat. Gu geu gara aldi berean gaixo eta mediku, aldi berean eri eta erizain. Bata zuria jantzita gaixoaren ohe bueltan diagnostikoaz elkarrekin liskarrean eztabaidatzea beharrezkoa izango da, baina jabe gaitezen, edo oroit dezagun, euskara ez dela ezer; gu geu gara. Konstatazio xume horretatik abiatuta, edo berrabiatuta, agian zerbait egin genezake».

Txillardegiri buruzko Itsasoaz honaindi saiakera «Txillardegiren obraren berrirakurketa baten testigantza» da. Adiskide ez ezik maisu ere izan zuena omentzeko modurik «oinarrizkoena, funtsezkoena, mereziena» iritzita egin zuen lan hori Arrietak.

Soziolinguistikako gaien inguruan aritzen den idazle bakanetako bat da Joxe Austin Arrieta, Joxe Manuel Odriozolaren ustez, eta gai horiek testu aberats eta erakargarriz tratatzen asmatu izanaren meritua aitortzen dio. «Mamira» jotzen du Arrietak bere idazlanetan, Odriozolaren ustez, eta «badaki katarroa eta minbizia» bereizten». Eskertzekoa irizten dio horri, «euskararen katarroaz gehiegi eta euskararen minbiziaz gutxiegi» hitz egiten den garaian.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.